SINADURAK

Oihana Etxebarrieta

EH Bilduko legebiltzarkidea

Urtez urte, tantaz tanta

2023-07-04
ES   

Gure herrian gauzak asko aldatu dira azken hamar urteetan, baita horien aurreko hamarretan ere, eta zer esanik ez lehenagoko hamarretan... esan daiteke gure historia garaikidean ez dela egon aldaketarik gabeko hamarkadarik. Zeinek daki zer gerta daitekeen datozen 10 urteetan?


Argazkia. Unsplash / Omar Gattis

 

Erantzunik gabeko galderaz beteriko mundu honetan, prospekzio ariketak (aurreikuspenak) egitea ezinbestekoa zaigu, gerta daitezkeenak eta erronkak irudikatzeko. Batzuetan gauzak bat-batean gertatzen dira, aurreikuspenik gabe, lurrikaren moduan; beste batzuetan gauzak azkartu egiten dira, euriteen ondorioz egonkorra zirudien mendi magalean luiziak sortzean bezala; eta beste batzuetan gauzak mantso doaz, ibaiek higatutako harrien kasuan, esaterako.

Alternatibarik ez dagoela sinetsarazten saiatu diren berdinek sinetsarazi nahi digute etorkizuna lineala izango dela, gauzak ez direla aldatuko, estatuen mugak harrian zizelkatuak daudela, eta ez dela tokirik herri burujabe berrientzat, ez dela lurrikararik, luizirik edo higadurarik gure herrien askapen prozesuetan.

Batzuetan aldaketak azkar gerta daitezke, eta beste batzuetan oso modu mantsoan, baina aldaketak badira; ikusi besterik ez dago orriotan Aimar Etxebarriak idatzitako artikulua.

 

«Baina Europara begiratuz gero, aldaketa sakonetarako ateak irekiak daudela ondoriozta dezakegu»

 

Orrialde hauetan Declan Kearneyren hausnarketak ere irakur ditzakegu: Irlandan, lan eginez gero, aldaketetarako aukerak badira. Baina ez bakarrik Irlandan, Estatu Frantsesak okupaturik dituen herrialde batzuetan ere badira aldaketak.

Kaledonia Berriko FLNKS aliantzak negoziazio prozesua irekia du Parisekin, Tavini alderdiak irabazi ditu Polinesiako hauteskundeak... gure inguruan badira ziklo berri baten atarian egon gaitezkeelako zantzuak, baina arraunik egin gabe nekez hartzen da olatua, eta guri dagokigu arraunean hastea.

Ez dago kristalezko bolarik, eta gure esku dagoen bakarra lan egitea da, olatuak datozenean gure herria ahalik eta hobekien kokatua egon dadin, eta gure esku dauden tresna guztiak nazio askapen prozesuaren alde lerrokatuak egon daitezen. Eta, badaezpada, urrutian olatuaren indarra ikusten dugunean, ez dezagun ahaztu olatu handienak ere tanta txikiek osatzen dituztela, luiziak eragiten dituzten eta harriak higatzen dituzten tantek.

 

«Gure inguruan badira ziklo berri baten atarian egon gaitezkeelako zantzuak»