Javier Buces, Txalaparta 2025
Frankismo garaiko krimena izanik, «gaur egungo betaurrekoekin» ezin dela epaitu iragana uste du Javier Bucesek eta «oraingo interes politikoarekin bideak estutzen dira, terrorismoa eta horrelako terminoekin eztabaida ekidin nahi da», dio.
Liburua euskal errebisionismoa frankismoaren azken hamarkadetan kokatzen da, antifrankismo independentista deslegitimatzeko asmotan. Azken fusilatuak izan ziren eta pisu handia du horrek: «errebisionismoak ez zirela antifrankistak, terroristak eta abar esaten dute; gertatu zena zuritzeko. Diktadura bat dago eta horren kontrako mugimendu eta baliabide ezberdinak daude, epaitu ordez aztertu egiten da».
Urte oso garrantzitsuak izan ziren, «frankismoa ez zen Frankorekin amaitu». Gizarte mobilizatua zegoen Euskal Herrian. Aldarrikapen soziala nazionalarekin elkartu zen eta ikaragarrizko indarra hartu zuen. «Bi arima horiek daude Txiki eta Otaegin, euren lanean aldarri sozialak bultzatzen zituzten eta euskal nortasuna berreskuratzeko borroka uztartzen zen», gehitu du.
1975eko irailaren 27a. Diktadorea hilurren da, baina frankismoak hiltzen segitzen du. Bost fusilamenduk borrokari lotutako herri bat astinduko dute: Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi euskal militanteak egunsentian exekutatu dituzte, FRAPeko beste hiru kiderekin batera, justizia militarrak hala aginduta. Amorruak kaleak hartuko ditu, eta munduak heriotza horiek gaitzetsi. Erregimenak, aldiz, propagandarekin eta errepresioarekin erantzungo du.
Berrogeita hamar urte geroago, historia hori ez da isilik gorde. Estatuak ahanztura inposatu zuen eta des-oroimena adostu. Horien aurrean, egun haietako gertakizunak biltzen ditu liburu honek: krimena bera, testuingurua, eta hildakoen bizitzak. Gazte militante antifrankistak ziren, eta jazarri, torturatu eta exekutatu egin zituzten. Haiek, belaunaldi oso batekin batera, diktadurari aurre egitea erabaki zuten, borrokak albo kalte larriak bazituen ere. Gure historia garaikidea ulertzeko ezinbesteko kapitulua dugu hau.
Gaur gaurkoz asko dago ezkutuan, informazioa sailkaturik baitago. «Beldurra dute hori ikusi eta bizirik dauden biktimarioen kontra joko ote den», aipatu du.