ERREPORTAJEAK

Aimar Etxebarria

Estaturik gabeko herriak: hamaika bide, helmuga bakarrerantz

2023-07-05

Hainbat dira munduan beren herrien burujabetzaren alde borrokan engaiatuak diren estaturik gabeko herriak. Nor bere erritmo eta moduekin, nor bere uste eta helburuek gidatuta. Eskozia, Irlanda, Katalunia, Korsika eta Flandiarren egungo egoera aztertu du Aimar Etxeberriak erreportaje honetan.


Argazkia. Irish hunger strikers with Frank Stagg, mural in Belfast. North of Ireland. 2016ko maiatza. Author: Hajotthu. Wikipedia Commons.

 

ESKOZIA, GEHIENGOAK ATEA ZABALTZEKO

Alderdi hegemoniko baten presentziak (SNPrenak) ezaugarritzen du Eskoziako burujabetza prozesua, hein handi batean. Izan ere, 2007an Holyroodeko boterea lehen aldiz hartu zuenetik gaur arte, SNP izan da herrialdearen burujabetza prozesua gidatu duen subjektu nagusia.

Bada herrialdean beste alderdi independentistarik, Eskoziako Berdeak eta Alba, esaterako; baita jendarte zibiletik burujabetzaren alde inurri lanean diharduten beste hamaika eragile ere, horien artean ezagunenak Scottish Independence Convention eta Women for Independence. Horien jarduna eta pisua ezin da parekatu, ordea, SNPrenarekin.

2014ko irailaren 18an bozkatu zuten eskoziarrek beren etorkizun politikoari buruz; % 55,3k eman zion ezezkoa independentziari, eta % 44,7an geratu zen independentziaren aldeko botoa. Egun, are estuagoa litzateke bi aukeren arteko distantzia, bateko eta besteko inkestak kontuan hartuz gero.

 

«Bi erronka dituzte eskoziarrek begi bistan: bata, independentziaren aldeko gehiengoak handitzea; bestea, Londresen gaur egun parez pare itxia duten atea zabaltzea. Lehenak bigarrena erraztu lezake, ezbairik gabe»

 

Gainera, bizi-bizi jarraitzen du independentziaren inguruko eztabaidak herrialdean, Brexitaz geroztik batez ere. Izan ere, herrialdeko gehiengo nabarmenaren borondatearen aurka (% 62k eman zion ezezkoa Brexitari Eskozian) atera zituzten eskoziarrak Europako Batasunetik, eta horrek bigarren independentzia erreferendum bati buruzko eztabaidari ireki zizkion ateak.

Zentzu horretan, bi erronka dituzte eskoziarrek begi bistan: bata, independentziaren aldeko gehiengoak handitzea; bestea, Londresen gaur egun parez pare itxia duten atea zabaltzea. Lehenak bigarrena erraztu lezake, ezbairik gabe.

 

IRLANDA, ETORKIZUNA ESKUETAN

Irlandan, aldiz, itxaropenez begiztatzen dute etorkizun hurbila. Iragan urteko maiatzean egindako hauteskundeetan, gehiengoa eskuratu zuen Sinn Féinek Stormonteko Biltzarrean, historian lehenengo aldiz, eta mugarri garrantzitsua ezarri zuen. Lau urte lehenago, 2020ko otsailean, Sinn Féin bera izan zen alderdi bozkatuena Irlandako errepublikako legebiltzarrerako hauteskunde orokorretan, aulki kopuruan Fianna Fáilekin berdindu bazuen ere. Are, ordutik hona egindako inkestek gehiengo zabala eman diote Sinn Féini. Gauzak horrela, hego zein ipar, uharteko bi instituzio nagusiak Sinn Féinen esku egoteko aukera ikusten da ortzi mugan, eta badirudi berandu baino lehenago gertatuko dela.

Sinn Féinen garapen historikoak hainbat irakasgai utzi ditu, oso baliagarriak ezkerreko independentismoarentzat. Batetik, pazientzia estrategikoaren garrantzia mahaigaineratzen du; bestetik, estrategiak definitu eta garatzeko beharra, gehiengo sozial eta instituzionalak eraikitzeko beharra, helburu estrategikoak eguneroko ogiarekin uztartzeko beharra nabarmentzen ditu.

Bada, horretan guztian, Sinn Féinen lana “erraztu” duen zertzelada bat: Ostiral Santuko Akordioak batasunerako erreferendumaren aukera jasotzen du. Nolabait esateko, autodeterminazio eskubidea aitortua zaio irlandar errepublikanismoari, estaturik gabeko gainerako herri gehienei ez bezala. Horrek, bere horretan, hautu taktikoetan ausart aritu den eta hein batean asmatu duen mugimendu baten erretratua aurkezten digu.

 

«Ostiral Santuko Akordioak batasunerako erreferendumaren aukera jasotzen du. Nolabait esateko, autodeterminazio eskubidea aitortua zaio irlandar errepublikanismoari, estaturik gabeko gainerako herri gehienei ez bezala»

 

 

 Argazkia:. Unsplash / kullikittus

 

KATALUNIA, NAZIOARTEKO AITORTZA

Aski gertukoa eta ezaguna zaigu Kataluniako egoera Euskal Herrian. Horregatik, estaturik gabeko herrien ikuspuntutik interesgarriak zaizkigun bi irakaspen baino ez ditugu ekarri lerrootara. Nazioarteko aitortzaren balioa da lehena. Horrek garrantzia berezia hartzen du 2017ko urriaren 1eko ariketa herritar eta demokratikoaren osteko agertokian.

Autonomia estatutu berri bat erdiestea da korsikar autonomisten epe hurbileko erronka, eta abian dituzte horren inguruko elkarrizketak Parisekin. Alabaina, ez dago mugimendu nazionalistaren baitako batasunik, ez eta Parisen bermerik ere

Bigarren irakaspen gisa, gehiengoak artikulatzeko beharraren erronka, alderdi subiranisten arteko aliantzak eraikitzeko premia eta horiek denboran zehar mantentzeko izaten diren zailtasunak azpimarratu behar dira.

 

Argazkia. Korsikako bandera / Wikipedia Commons

 

KORSIKA, BATASUN ADMINISTRATIBOA AURRERA EGITEKO

Badira, maila apalago batean bada ere, estaturik gabeko herrien lehen maila horretan ageri diren beste hainbat herri. Horien artean da, besteak beste, Korsika. Nabarmena da uhartean indar subiranistek elektoralki daukaten nagusitasuna; are, nabarmena da haiek hauteskundez hauteskunde izandako bilakaera ere.

Adibide bat jartzearren, botoen % 35,34 eskuratuta irabazi zituzten 2015eko Korsikako hauteskundeak indar subiranistek, bozetara elkarrekin aurkeztuta; 2021ean, aldiz, botoen % 67,97 lortzera iritsi ziren. Bide horretan, baina, apurtu egin da indar abertzaleen arteko elkarlana. Bada, bestalde, Korsikaren burujabetza prozesuan azken urteotan izan den mugarri garrantzitsu bat: kolektibitate bakarra ezartzea 2018an.

Aipatu aldaketarekin, uhartearen zatiketa administratiboari amaiera ematea lortu zuten indar subiranistek, eta burujabetzara bidean agertoki berri bati bide ematea. Zentzu horretan, autonomia estatutu berri bat erdiestea da korsikar autonomisten epe hurbileko erronka, eta abian dituzte horren inguruko elkarrizketak Parisekin. Alabaina, ez dago mugimendu nazionalistaren baitako batasunik, ez eta Parisen bermerik ere.

 

Argazkia: Wikipedia Commons

 

KALEDONIA BERRIA, DESKOLONIZAZIORANTZ

Kaledoniarrak ere ari dira Parisekin solasean, Noumeako akordioen baitako hiru erreferendumak egin osteko agertokia aztertu eta aurrera begirako bidea adostu nahian. Deskolonizazio prozesua aitortua du Kaledonia Berriak, Ozeano Barearen hego-ekialdean kokatzen den artxipelagoak.

Aipatu Noumeako akordioen ondorioz, hiru galdeketa egin dituzte kaledoniarrek estatu frantsesetik alde egin edo ez erabakitzeko. 2018ko azaroan egin zen lehen erreferenduma, non permanentziaren aldeko botoa nagusitu baitzen (% 56,7 independentziaren aurka, % 43,3 alde). Bigarren saiakera 2020ko urrian egin zuten kanakek eta, independentziaren aldeko botoak gora egin bazuen ere, % 46,7an geratu zen.

Hirugarren eta azken independentzia erreferenduma 2021eko urrian egin zuten. Covid-19 pandemiak eta kanak independentisten parte-hartze ezak markatu zuten erreferenduma. Parisek bultzatu zuen erreferenduma, kanak herriak behin eta berriz atzeratzea eskatu arren. Izan ere, pandemia betean, eta kaledoniarrek doluarekin daukaten harreman berezia tarteko, independentistek ez zuten erreferenduma egiteko gutxieneko baldintzarik ikusten. Emaitza, agerikoa; permanentziaren aldekoa.

 

«Deskolonizazio prozesua aitortua du Kaledonia Berriak, Ozeano Barearen hego-ekialdean kokatzen den artxipelagoak»

 

Gauzak horrela, puri-purian jarraitzen du erreferendumen eta horien osteko agertokiaren inguruko eztabaidak Kaledonia Berrian. Alde batetik, batasuna lortu dute kanak mugimendu independentistan, eta FLNKSra gerturatu dira behinola mugimendutik aldentzea erabaki zuten elizako zein langile mugimenduko hainbat sektore. Bestetik, Parisekin negoziazioetan dira kanak independentistak, deskolonizazio prozesua bururaino nola eman adoste aldera.

 

FLANDRIA, FEDERALISMOAREN HIGATZEA

Azkenik, eta azken boladan foku mediatikotik at bada ere, ezin da Flandriako kasua aipatu gabe utzi. Belgikar estatuaren antolaketa federalak ezaugarritzen du flandriarren burujabetza prozesua, hiru esparru administratibotan banatzen baita herrialdea: Flandria, Valonia eta Brusela. Azken hori, gainera, Flandriako hiriburu historikoa da, bere abantaila eta desabantailekin.

Zentzu horretan, estatu federala higatzearen aldeko estrategian oinarritzen da N-VA alderdiaren jarduna; flandriarrentzat estatu konfederala egikaritzea dute lehenengo helburu eta mugarria, nazio-estaturako bidean. Azpimarratu behar da, Belgikako Gobernua osatzeko orduan, flandriarrak eta valoniarrak elkartzera eramaten dituela aritmetika elektoralak, eta N-VAk giltzarri izan asmo duela datozen hauteskunde federaletan, flandriarren bandoan.

Burujabetza prozesuek, beraz, gaurkotasun osoa izaten jarraitzen dute nazioarteko agenda politikoan. Aurrez aipaturikoez gain, badira urrun izanagatik ere arreta merezi duten beste hainbat prozesu, hala nola Quebecen, Groenlandian eta Faroe Uharteetan. Eta, nola ez, ezin dira aipatu gabe utzi historikoki elkartasun internazionalistaren arreta erakarri duten herriak, adibidez, Palestina, Sahara edota Kurdistan.

 

«Flandriarrentzat estatu konfederala egikaritzea dute lehenengo helburu eta mugarria, nazio-estaturako bidean»

 

 

BURUJABETZA PROZESUETAN LAGUNDU DEZAKETEN ALDAGAIAK/ KONTUAN IZAN BEHARREKOAK:

 

  • · Pazientzia estrategikoaren garrantzia.
  •  
  • · Estrategiak definitzea eta garatzea.
  •  
  • · Gehiengo sozial eta instituzionalak eraikitzea.
  •  
  • · Helburu estrategikoak eguneroko ogiarekin uztartzea.
  •  
  • · Autodeterminazio eskubidea aitortua izatea.
  •  
  • · Nazioarteko aitortzaren balioa.
  •  
  • · Alderdi subiranisten arteko aliantzak eraikitzea eta denboran mantentzea.
  •  
  • · Egungo zatiketa administratiboa gainditzeko aitortza administratibo hobeak lortzea.
  •  
  • · Erreferenduma: herriari hitza ematea.