Ez, ez da akatsa. Ondo irakurri duzu: ERRIA. Eta akatsa balitz, gaitz erdi! akatsetatik beti ikasten baita zerbait; eguneroko bizitzan eta baita politikagintzan ere akatsak egitera behartuta gaude, ikasi eta bidea egingo badugu.
Euskal Herriko kostalde luze-zabalean, erria txikota oihua entzuten da; horrekin, moilatik sokak askatu, eta itsasoan zeharreko bidaia hasten da. Hori hitzaren adieretako bat baino ez da, ordea. Erriak garai historiko honetan bilatzen dugun hori adierazten du: gure itsasontzia portutik erriatzea, kalean, kartzelan zein deserrian dagoen herriaren potentzial eta indar guztia askatzeko.
Badakigu, bai, izenak izana ematen duela. Alta, begirada nondik nora eramaten den, hortxe dago koxka; zentroa eta periferia non kokatzen ditugun. Inertziekin amaitu nahi dugu, gugandik hasita: lurralde, gorputz eta aldarrikapen jakin batzuek periferia izateari utzi, eta objektu izatetik subjektu izatera pasatzea. Mugimendu eraldatzaileek ez dute lan makala egungo munduan, errealismo kapitalistak alternatibarik ez dagoelako ustea barreiatu eta sakon sustraitu baitu, non eta gure buru-larruan.
ERRIA eraldaketarako aldizkari politikoa da. Eraldaketarako eta politikoa. Euskal Herrian ezkerreko eta independentistok ditugun erronka politikoei begirada zorrotzez heldu eta ikuspegi sakona eskaintzen duena. Ezkerreko eta independentisten komunitate zabalean dagoen inteligentzia kolektiboa eta jakintza jasotzen duen aldizkari digitala da, aurrera egiteko bideak zedarritu nahi dituena. ERRIA Sortu eta Iratzar Fundazioaren aldizkaria da.
Kolaboratzaileak:
Andoni Olariaga, Edurne Benito del Valle, Egoitz Urrutikoetxea, Floren Aoiz, Izar Hernando, Iratxe Delgado, Pello Otxandiano, Izaro Zinkunegi, Joseba Permach, Elena Beloki, Egoitz Urrutikoetxea, Nora Salbotx, Maialen Uribe, Haizea Kortaberria, Maddi Isasi, Garbiñe Aranburu, Asier Zamorano, Xabi Iraola, Eraitz Saez de Eguilaz, Oihana Etxebarrieta, Argitxu Etxandi, Lur Albizu, Alberto Matxain, Gotzon Elizburu, Ander Larunbe, Arantza Vazquez, Izaskun Duque, Ikoitz Arrese, Ibai Fresnedo, Toni Rico, Lander García, Xabier Landabidea, Igor Zulaika, Beñat Irasuegi, Gorka Julio, Oier Zuñiga, Larraitz Ugarte, Pernando Barrena, …
Editoreak:
Itziar Amunategi
Andoni Olariaga
Gotzon Elizburu