SINADURAK

Koldo Sáenz

Secretario de Relaciones Internacionales de LAB

Lehen eta orain, gerrari ez

2025-03-12
ES   

Historia iragana ulertzen eta interpretatzen laguntzen digun zientzia da, eta, aldi berean, etorkizunerako estrategiak pentsatzeko baliagarria zaigu. Hainbatetan entzun dugu historia errepikatu egiten dela, eta bizi dugun nazioarteko testuinguruak erakusten du iraganeko akatsak errepikatzeko arriskua dugula.


Argazkia: Unsplash / Tim Mossholder.

 

1986ko martxoaren 12an espainiar Estatuan NATOn jarraitzeko erreferenduma egin zen. Estatuan baiezkoak irabazi bazuen ere, Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Kanarietan ezezkoa gailendu zen. Estaturik gabeko bi nazioetan nahiz Afrikan Espainiar Estatuak duen azken kolonian ezezkoak irabazi izana ez zen kasualitatea izan; erreferendumak gure izaera berezitua argi utzi zuen bertze behin.

Aspalditik diogu mundua aldatzen ari dela. Mundu multipolarra errealitate bat da; alde batetik, hor dugu Txina, geroz eta indartsuago; bertze aldetik, hor ditugu Ameriketako Estatu Batuak, munduko potentzia militarra izaten jarraitzen dute, baina ez potentzia politiko bakarra; eta, azkenik, Europa, NATOren nahiz Ameriketako Estatu Batuen erabat menpeko bilakatua, polikrisi nabarian murgilduta. Argi dago krisi ekologikoak gatazka politiko, sindikal eta sozial guztiak zeharkatzen dituela.

Potentzia nagusien arteko talkak gerra Europako mugetara eraman du. NATOren eta Errusiaren arteko gatazkak Ukrainako inbasio onartezina eragin eta hiru urtera, gerraren ondorioak nabariak dira. Bakezko bizikidetza lekarkeen akordioaren alde egin beharrean, potentzien interes geoestrategikoen nahiz armagintza sektorearen interesen aldeko gerra piztu zuten, eta ondorioak dramatikoak dira.

 «Armagintzara diru gehiago bideratzeak gastu sozialaren murrizketa, zerbitzu publikoen ahultzea eta langile jendearen prekarizazioa eragingo ditu»

Badirudi Washingtonek Ukrainako gerra bukatu nahi duela, Txinaren aurkako gerra ekonomikoa lehenetsiz. Errusiarekin akordio azkarra nahi du, Europa baztertuz eta Ukrainaren errekurtso naturalak eskuratzeko aukera emango dion akordio bat inposatuz.

Kremlin eta Etxe Zuria negoziatzen ari diren bitartean, Europa balizko segurtasunaren nahiz defentsaren izenean, armagintza industriaren mesedetan eta langile klasearen kaltetan —zer esanik ez emakume* edo langile migratu eta arrazializatuei dagokienean— izango den berrarmatzea defendatzen ari da.  Argi hitz egin dezagun: aberastasuna birbanatzeko politika fiskalik bultzatu ez, eta, gainera, armagintzara diru gehiago bideratzeak gastu sozialaren murrizketa, zerbitzu publikoen ahultzea eta langile jendearen prekarizazioa eragingo ditu.

Alemanian gobernu berria osatzeko CDUk eta SPDk ixtear duten akordioak Europar Batasunaren norabidea marrazten du: akordio zabalak gerraren, murrizketen eta politika sozial atzerakoien alde. Hori da Europako eta, noski, Euskal Herriko elite politiko eta ekonomikoen apustua; joko zelai horretan aritzea egokituko zaigu.

 «Askatasuna edo bakea bezalako hitzak kamutsak dira eskuin muturraren ahotan»

Laster Munduko Federazio Sindikala (MFS) Parisen jaio zela 80 urte beteko dira. Haren kide da LAB. Gerraosteko nazioarteko testuinguruan jaio zen MFS, langile mugimenduaren adierazpen unitario gisa, bakearen, justizia sozialaren, herrion eskubideen alde eta gizon nahiz emakumeen* arteko parekidetasunaren defentsan. Zortzi hamarkadaren ondoren, eta eskuinaren nahiz eskuin muturraren arteko aliantzak oinarrizko eskubideak zapaltzen ari direnean, 1945eko urriaren 3 hartan Munduko Federazio Sindikalak adierazitakoak gaurkotasun osoa izaten jarraitzen du.

Ez dira gutxi sindikalismoak dituen erronkak. Guk trantsizio ekosozial eta feminista justua aldarrikatzen dugu, inor atzean utzi gabe planetaren biziraupena bermatuko duena, giza eskubideak errespetatu eta justizia soziala oinarri izanen duena. Klase sindikalismo feminista eta antirrazista da eskuin muturraren aurkako gure antidotoa.

Ikuspegi belizista indartzen ari den honetan, bizitza jarri nahi dugu erdigunean. Etorkizun ziurgabearen aurrean, geure buruak gobernatu nahi ditugu, nazioartean estatu propio gisa jardun, Euskal Estatua eraiki. Eredu propio bat garatu, zaintza, enplegua nahiz aberastasunaren banaketa bermatuz. Askatasuna edo bakea bezalako hitzak kamutsak dira eskuin muturraren ahotan, ongi baitakigu justiziarik gabeko bakea ez dela benetako bakea izanen, eskubiderik gabeko askatasuna ere askatasuna ez den moduan.

 «Etorkizun ziurgabearen aurrean, geure buruak gobernatu nahi ditugu, nazioartean estatu propio gisa jardun, Euskal Estatua eraiki»

Beti astindu ditugu gerraren kontrako nahiz bakezko justiziaren aldeko banderak, eta orain ere horiek astintzeko momentua da. Gerra eta gatazka armatuak soilik negoziazioaren bidez konpontzen dira, eta Ukrainako gerra ez da salbuespen bat. Hori bai, bake egonkorra lortu nahi bada, gatazkan dauden guztiek konponbidearen parte izan behar dute.

Horregatik, testuinguru zail honetan, gure ekarpena egin nahi dugu, gatazken konponbiderako bakearen kulturaren aldeko pedagogia eginez, eta potentzien interesen gainetik, pertsonen nahiz zapaldutako herrien eskubideen aldeko nazioarteko harreman berriak eraikiz.

Beraz, berreskuratu dezagun 1986eko martxoaren 12ko izpiritua. Ezberdinen arteko elkarlanetik, Euskal Herria sakoneko aldaketak eragiteko gai dela askotan erakutsi dugu; hortaz, herri nahiz klase bezala ditugun erronkei aurre egiteko unea da, Euskal Herrian aldaketak eraginez, mundua bera eraldatzen laguntzeko.