ERREPORTAJEAK

Maddi Marco

Sciences Po Tolouse ikaslea

Bolsonaroren atzera kontaketa?

2020-11-23
ES   

2016ean “Antipetismoa” etorri zenetik, Lula, Dilma eta PTko beste liderren korrupzio akusazioen ondorioz, Brasil egoera politiko ezegonkorra bizitzen ari da. Egoera horrek Bolsonarori ateak ireki zizkion, diskurtso populista batekin populazioaren segmentu handi bat konbentzitu baitzuen korrupzioaren, segurtasun ezaren eta krisi ekonomikoaren aurrean muturreko neurriak hartzeko beharraz.


Argazkiak. Unsplash / Jade Scarlato

 

Itzulpena: ERRIA

Hala ere, 2018ko promesa elektoralak demagogia hutsa eta praktika elitista, klasista eta patriarkalak direla ikusi da, Brasileko herriak behar duen aldaketatik urrun dagoelarik. Bere semeak korrupzioaz akusaturik daude, eta euroa eta dolarra ez dira inoiz hain altu egon. Horrez gain, pandemiak 160.000 hildako utzi ditu dagoeneko, krisi ekonomikoa sakontzen doan bitartean. Herria Bolsonaro eta bere politikez nazkatu da.

Haserre hori Azaroaren 15eko hauteskundeetan ikusi zen. Izan ere, zentro eskuina (DEM, errepublikarrak) eta ezker progresista (PSOL) izan dira garaile nagusiak. São Paulon, esaterako, Brasilgo hautets eskola nagusienean, Bolsonarok babestutako kandidatua, Celso Russomano, laugarren lekuan geratu da bozken 10,65%arekin. Aldiz, ezker brasildarraren figura berria, Guilherme Boulos PSOLekoa, Lularen ordezkotzat jotzen dena, eta Mario França, PSBkoa (zentro ezkerra), hirugarren lekuan geratu dira. Garrantzitsua da gogoraraztea São Paulo izan zela Bolsonarok bozka kopuru handia lortu zuen hirietako bat.

Bestetik, fiskalitate progresiboa, etxegabekoen mugimendua eta feminismoa defendatzen duen Boulosen agerpenak adierazten du zerbait aldatzen ari dela, alegia, Bolsonaroren gorrotoaren diskurtso populistak ez duela jada jendea konbentzitzen. Aurrekoa ez da soilik São Paulon gertatu, izan ere, Bolsonarok alkatetzarako babestu dituen kandidatu gehienak ez baitira bigarren itzulira pasatu. Berdina pasa da zinegotziekin (vereador), soilik berak proposatutako 78tik bakarrak babestu baitu herriak.

Porto Alegre bezalako hiri handietan, Manuela d’Avila, PC do B Alderdi komunistako kidea (2018rako PTko presidentzialetarako Haddad-en presidenteordea izan zena), bigarren itzulira pasa da. Eszenatoki hau pentsaezina zen duela bi urte. Bolsonarismoa gutxitzen doa nabarmen, beraz, eta Bolsonarok berak ikusten du hau. Izan ere, estrategikoki zentroarekin erlazionatzen hasteko nahia erakutsi du.

 

«Bolsonarismoa gutxitzen doa nabarmen, beraz, eta Bolsonarok berak ikusten du hau. Izan ere, estrategikoki zentroarekin erlazionatzen hasteko nahia erakutsi du.»

 

PTk bere hauteslegoaren parte bat berreskuratzea lortu du eta “antipepismoaz” gero eta gutxiago hitz egiten da, tendentzia beherantz doalarik. Argi dagoena da PTren sahiets zaharra den PSOL ezkerreko indar popular garrantzitsu bezala indartzen ari dela. Zentzu horretan, PC do Bren gorakada ere aipatu behar da, esate baterako, Maranhão eta Porto Alegren. Halaber, nabarmendu behar da Belém-en ezkerreko frente bat osatu dela eta bigarren itzulira pasatzea lortu duela. Lehen esan dudan bezala, PTk pentsa baino bozka gehiago lortu ditu, eta, beraz, berrindartzen ari da.

Oraingo erronka bigarren itzulia da, eta fragmentatua dagoen ezkerrak horrela ulertu du, ezkerreko kandidatuei babesa erakutsiz. Esaterako, gaurko inkestek Guilherme Boulosek bozken %35a daukala erakusten dute, baina alkatetza lortzea zaila izango dela dirudi. Halere, 2022ra begiratuta, frente zabal baten ideiari abiapuntua jartzeko hasiera hona izan daiteke. Hori beharrezkoa izango da Jair Bolsonaroren gobernua behingoz kaleratzeko.

 

Hauteskundeei buruzko informazio gehiago HEMEN