SINADURAK

Aiora Epelde eta Oihana San Vicente

Sortuko kideak

Zaintzaren borroka ziklora batuz, trantsizio feminista sustatzera goaz

2023-03-06

Hainbatetan kolapsoaz mintzo gara, baina ez da kapitalismo heteropatriarkalaren bat-bateko eztandarik egongo. Aitzitik, kolapsatutako sistemak kapitalaren eta bizitzaren arteko talka areagotuko du: pobretze prozesu orokor eta bortitza, eredu ekonomiko, politiko eta sozialaren birmoldatze iraunkorra, demokraziaren aurkako eraso orokortuak, natur baliabideen ustiatze neurrigabea...


Argazkia. Unsplash / Federica Giusti

 

Euskal Herrian ez dugu egiturazko egoera horri aurre egiteko herri gisako tresnarik, ezta estatu egiturarik ere. Honela, burujabetza prozesuen bidez soilik irits daiteke baldintza demokratikoetara; hor dago erronka, eta hor zailtasuna.

“Eutsi behar da”, dio diskurtso nagusiak, baina “eutsi” ahal izateko langile jendearen baldintzak gero eta kaskarragoak dira, eta zer esanik ez emakume langileonak. Horrela, hartzen ari diren neurriak partzialak dira eta ez daude zuzenduak gehien behar duten horiengana. Horrela, egungo eredua elikatzearekin batera, diskriminazio faktoreak indartzen ari dira.

Bestalde, krisi globaletan gertatu ohi den bezala emakumeen askapenerako bidean atzera egiteko arriskuak oso errealak dira. Batetik, eremu publikoa eraisten den neurrian, eremu pribatuaren bizkar (emakumeen bizkar) uzten dute bizitzeko funtsezkoak diren premiei aurre egitea. Bestetik, krisi testuinguruaz baliatzen ari dira mugimendu feministaren ekimenez askapen bidean irabazitakoa eraisteko: eskubide erreproduktiboak auzitan jartzea, genero ikuspegia ukatzea, berdintasun estrategiak aurrekonturik gabe uztea (bi dira irakaspenak: lorpenak ez direla atzeraezinak, eta ez dutela babes juridiko nahikorik). Eta azkenik, krisia aitzakia bilakatu daiteke orain arte nahikoak izan ez diren berdintasun politiketan murrizketak egiteko.

Testuinguru horretan, hiru dira estrategia feminista independentistaren erronkak:

  •  
  • - Lehengoa, erreakzioari aurre egitea, borrokaz irabazitako eskubideak defendatuz.
  •  
  • - Bigarrena, feminismoarekiko atxikimendua duen gehiengo sozial subiranista antolatzea, ortzi-muga bat eskainiz: euskal estatu feminista eta harako bidea litzatekeen trantsizio feminista. Euskal Herriko gehiengo subiranista eta feministaren aliantza esparrua sendotzeko tresnak eta egitasmoak sustatzea izango da gure lana.
  •  
  • - Eta hirugarrena, Euskal Herrian borroka ziklo feminista berri bat abiatzea. Kalea nahiz agenda politikoa berreskuratu eta emakumeon askapen prozesuan beste jauzi historiko bat egitea da erronka: zaintza eskubidearen unibertsalizazioa.
  •  

Jauzi horrek egungo sistema inpugnatzea dakar, bizitzak erdigunera ekarri eta lanaren sexu banaketa eta hierarkia auzitan jartzen baitu. Egitura politikoaren eta ehun publikoaren berrantolaketa oso bat eskatzen du. Horrela, egungo testuinguruari aurre egiteko ezinbestekoa den borroka transbertsala dugu parez pare. Hainbat agente interpelatu, inplikatu eta sinergiak sortzea da gakoa. Eta guk ekarpena egingo dugu norabide horretan.

Finean, Euskal Herri aske baten bidean trantsizio feminista sustatzera goaz. Herri honetan izan badugu eraldaketa feministarako indarra eta independentziarako indarra.

Martxoaren 8an denok kalera.

 

Gora borroka feminista!