SINADURAK

Iraia de la Torre Landera

Hordago! Mugimenduko kidea

Viva el euskera, de Cortes a Bera

2022-12-26

Duela urtebete pasatxo, Erriberako jende multzo handi samar bat Cortesko Retegi pilotalekura bildu zen, euskarak Nafarroa Garaian pairatzen duen zonifikazioari hordagoa jotzen hasteko.


Argazkia. FOKU

 

Nafarroaren hegoaldeko muturretik Cortesko adierazpena izenekoa plazaratu zuten eta ozen erran zuten euskara beraiena ere badela eta ordua dela nafarren hizkuntz eskubideak tokiaren arabera sailkatzen edota ezabatzen dituen zonifikazioa gainditzeko.

Ondoren, azken hamarkadetan Tuteran euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena egin zuen Hordago! dinamikak urriaren 22an. Bere deialdiarekin bat egin genuen erriberatarrok euskaldunak gara (baten bat bada), edo gure seme-alabak D eredura eramaten ditugu (zailtasunak zailtasun), edo heldutan euskara ikasten ari gara (uzten diguten heinean), edo ikasteko asmoa dugu, edo, besterik gabe, —aurrekoetatik ezer ez izanda ere— euskara nafar izatearen parte gisa ikusten dugu eta, horregatik, argi eta garbi aldarrikatu genuen euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela, Cortestik Berara eta Vianatik Gardera.

 

«Hordago! jo nahi diogu zonifikazioari, diskriminazio iturri delako, desberdintasun iturri delako, nafarrak bereizteko iturri delako»

 

Tuterako manifestazioaren aurretik eta ondotik, nabarristatik gutxi duen eskuinak argi utzi nahi izan zuen euskara ez dela Tuterakoa, eta ez dela inoiz izanen. Oinarri-oinarrizko halako eztabaidetan baikaude oraindik Nafarroan. Hordago! jo nahi diogu zonifikazioari, diskriminazio iturri delako, desberdintasun iturri delako, nafarrak bereizteko iturri delako.

Baina “eremu ez euskaldun” deitu duten munstro geografiko zentzugabe horretatik guk adierazi nahi dugu euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela, ezin dela Nafarroa euskararik gabe ulertu, eta ezin dela euskara Nafarroarik gabe ulertu; eta Tutera Nafarroa baldin bada, euskara ere bere hizkuntza dela. Eta Tutera erraten dugun tokian Erribera erraten dugu. Eta Erribera erraten dugun tokian Nafarroa osoa erraten dugu.

Hordago! jo nahi diogu zonifikazioari, diskriminazio iturri delako, desberdintasun iturri delako, nafarrak bereizteko iturri delako. Beraz, gaur eta hemen, zonifikazioaren aurka joatea justizia sozialaren alde egitea da. Ildo horretan, Hordago! dinamikak han eta hemen ekimenak sustatuko ditu zonifikazioa gainditzeko baldintzak sortzen laguntzeko.