SINADURAK

Xabi Iraola

Sorturen Herrigintza lan taldeko kidea

Txillardegi, herrigile orojolea

2022-01-14

Gaur 10 urte bete dira Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (Antigua, 1929-2012) hil zenetik. Une aproposa, beraz, Txillardegiren ekarpenak oroitu, aitortu eta egungo Euskal Herriak dituen erronkei heltzeko baliagarriak zaizkigun ideia geureganatzeko.


 

50eko hamarraldian hasi zen Txillardegiren ekarpena politikaren eta pentsamenduaren esparruan. Beste hainbat gazterekin batera aurrena Ekin eta ondoren ETA sortu zuenean. Hastapeneko ETA hartako intelektual nagusienetarikoa izan zen. EAJtik zetorren tradizio historikoarekin apurtu eta abertzaletasun aurrerazale baten oinarriak jartzea izan bere ekarpen nagusia: euskalduntasuna arrazan oinarritzea alboratu eta hizkuntzaren garrantzia jarri zuen erdigunean abertzaletasun honek, hizkuntza eta politikaren artean zegoen loturan azpimarra eginez; abertzaletasun hau akonfesionala eta eliza-hierarkiarekiko kritikoa zen; askapen nazionala eta soziala uztartzeko bokazioa zuen abertzaletasuna zen...

Literaturaren mundura ere haize freskoa ekarri zuen. Euskal literaturaren lehen eleberri modernotzat jotzen den Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zuen. Eta baita, Elsa Scheelen ere. Emakume bat protagonista duen euskarazko lehen nobelatako bat.

 

«Euskalduntasuna arrazan oinarritzea alboratu eta hizkuntzaren garrantzia jarri zuen erdigunean abertzaletasun honek»

 

Baina, ziur asko, hizkuntzalari gisa egindako lana izango da zabalpen eta eragin handiena izan duena. Azken hamarkadetan bizi izan dugun euskararen berreskurapen prozesuan funtsezko papera jokatu zuen. Bera izan baitzen euskara batuaren bultzatzaile nagusienetarikoa.

Bistan da, beraz, nekeza dela herri honen historia garaikidea ulertzea politikan, pentsamenduan, literaturan edota hizkuntzaren esparruan Txillardegik egin zituen ekarpenak aintzat hartu gabe. Guk hemen hark egindako ekarpenetatik tiraka egun gaurkotasun handia dutelakoan askatu beharreko auziak diren bi gairi helduko diegu:

 

1. Ezkerreko abertzaletasunaren eraberritzea. Ezinezkoa litzateke XIX. eta XX. mendeen historia ulertzea nazionalismoek izandako garrantzia aintzat hartu gabe. Identitate nazionalen kontua, ordea, ez da iraganeko kontua. Globalizazioaren krisiaren garai honetan funtsezko aldagaia da. Afera da abertzaletasunak arrakasta lortu nahi badu unean uneko baldintza sozial, politiko, kultural eta ekonomikoetara moldatzeko gaitasuna izan behar duela.

50eko hamarraldian Txillardegik eta beste hainbatek egin zuten bezala egungo baldintza eta egungo erronketara egokitutako ezkerreko abertzaletasuna birpentsatu eta birsortzean jarri behar da arreta. Ezkerreko abertzaletasunak klima larrialdiaren aurrean Amalurraren defentsaren aldeko babestoki, inoizko Euskal Herria anitzenaren aurrean jatorri ezberdinetako herritarren topaleku, homogenizazio kulturalaren aurrean euskararentzat hauspo, sistema hetero-patriarkalaren aurrean jendarte feminista eraikitzeko lubaki... izaten asmatzea da gakoa. XXI. mendeko erronkei erantzungo dien XXI. mendeko abertzaletasuna izatea, alegia.

 

«Euskararen berreskurapen prozesuan funtsezko papera jokatu zuen»

 

2. Euskararen eta politikaren arteko harremana. Badira hizkuntzei duten izaera politikoa erabat erauzi nahi dietenak. Txillardegik hizkuntza eta politika uztartzen asmatu zuen eta euskararen berreskurapen prozesua ezin da uztarketa hori gabe ulertu. Hark egin bezala hizkuntzen izaera politikoa aldarrikatzea dagokigu. Politika jendartea antolatzeko jarduera gisa ulertuta, hizkuntza jendarte antolaketa horretan ezinbesteko bitartekotzat baitugu. Bidenabar, “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz” esaldiak gaurkotasun handia du gure irudiko. Neoliberalismoak ekoitzi duen mundu global eta homogenizatzailean hizkuntza minorizatuek biziraun nahi badute estatu tresnak inoiz baino beharrezkoagoak izango baitituzte.

 

Egilea eta eragilea izan zen Txillardegi. Eginez eragiten duen horietarikoa. Profil poliedrikoa zuena. Aste honetan bertan Berrian idatzitako erreportaje batean Itziar Ugartek ongi jasotako Koldo Izagirreren hitz batek bikain definitzen du: “Orojolea”. Gauza guztien gainetik herrigilea. Herrigile orojolea. Hortxe utzitako ondarearen altxorrik handiena: herrigintza sena, herrigilea izatekoa. Oroitu, aitortu eta batez ere, geureganatu beharreko altxorra.

[1]     https://www.berria.eus/paperekoa/1953/008/001/2022-01-13/literaturan-ere-lorratza.htm