SINADURAK

Elena Beloki Resa

Iratzar Fundazioko kidea

Txilen, partida hasi besterik ez da egin

2021-05-25

Bozken emaitzek eraldaketa prozesuari buruzko uneko argazkia erakutsi dute: %42,5ko parte hartze interesgarria, indar tradizionalen porrota, bipartidismo eta trantsizio blokeen amaiera, independienteen zerrenden indar elektorala, sozialdemokraziaren noraeza, ezkerreko blokearen emaitza onak, indigenen presentzia, paritatearen irizpideen premiari buruzko kontraesana.


Argazkia. Unsplash / Guido Coppa

 

2019ko urriaren 18an Txilen piztu zen leherketa sozialak eraldaketarako aukera historikoa eragin du, haustura konstituziogile bat. Matxinadak eskuineko Gobernua behartu du 1990ko Konstituzioa alda dezan, konstituzio berriaz plebiszitua egin dezan eta hauteskunde konstituziogileak andola ditzan. Izan ere, 2022an itun konstituziogile berriari buruzko erreferenduma egingo da, eta horrek Shock doktrinaren bidez inposaturiko neoliberalismoaren proiektu politikoa oztopa edota desegin dezakete.

Piñeiraren gobernu eskuindarrarentzat, leherketa sozialak zabaldu zuen sekuentzia politikoa uste baino luzeago izan da, jarraian ikusiko dugun bezala, Txile errealak indar neoliberalei erronka handia luzatu baitie. Sekuentzia horretan, hiru mugarri berezi azpimarratzekoak dira: lehena, urriaren 25ean konstituzioari buruz eginiko erreferenduma, non txiletarren %50,9k bozkatu zuen eta %78,27 konstituzio berri baten alde azaldu zen; bigarrena, 2021eko maiatzaren 15 eta 16an eginiko hauteskundeak, horien artean konbentzio konstituziogilea osatzeko bozak; eta hirugarrenik, azaroaren 21ean egingo diren presidentziarako hauteskundeak.

Bozken emaitzek eraldaketa prozesuari buruzko uneko argazkia erakutsi dute: %42,5ko parte hartze interesgarria, indar tradizionalen porrota, bipartidismo eta trantsizio blokeen amaiera, independienteen zerrenden indar elektorala, sozialdemokraziaren noraeza, ezkerreko blokearen emaitza onak, indigenen presentzia, paritatearen irizpideen premiari buruzko kontraesana. Interesgarriagoa izan daiteke, ordea, bozak eraldaketa prozesu gakoetan irakurtzea, horrek etorkizunerako joerak eta indar harremanak definitzen lagun diezagukeelako.

Gauzak horrela, aipatu ditugun hiru mugarri politikoak eraldaketaren nolakotasuna zehazten joango dira, nahiz eta ez dirudien Txileko egitura instituzionala eta agertoki politikoa bat batean aldatuko direnik. Mesfidantza eta oztopo handiak izango dira. Eredu neoliberalak pribilegiatu dituztenek gaurko status quo-ari eutsi nahi izango diote, talde ekonomiko eta politiko neoliberalek bezala, baina, era berean, desegiten ari den instituzio sistema baten aldeko erreforma sotilari eutsiko diotenak, PS, DC, PPD kasu, eta oraindik bizirik dagoen pinotxetismoaren baloreen defendatzaileak aurki daitezke.

Bestalde, zantzu guztien arabera, eskuinak ezin izango du prozesu konstituziogilea oztopatu, horretarako berak ezarri zuen herena lortu ez duelako. Gainera, eskuraturiko porrotak bere esparru politikoan jada ondorioak utzi ditu: Piñeiraren balizko irteera, eta ondoren Kongresuan gaurko errealitatearekin bere boterea eta posizioa ahuldu daiteke. Haatik gauzak ez dira hain errazak izango, eta Estatu barruko zein kanpoko indar-harremanak determinanteak izango dira.

 

Espazio politiko berrien osaketa

Zerrenda independenteek, haien aldetik, espero ez ziren emaitzak lortu dituzte, Konbentzio Konstituziogileko 155 aulkietatik 48 eskuratuz. Horien artean, ezkerreko Herriaren Zerrendak 27 lortu ditu. Zerrenda honetako kideak Politika tradizionalarekin oso kritikoak izanik ere, eraldaketa prozesurako funtsezkoak izan dira, eta gaurko agertoki politikoa kuestionatzen duten eztabaidak azalarazi dituzte, bereziki arkitektura instituzionalaren auzia eta beraren eta kaleko indar bizien arteko dialektikaz eztabaida.

Gainera, espazio horrek ezkerreko alderdiei erronka jo die mugimendu sozial eta masa-mugimenduarekin izan beharreko harremanen birmoldaketaz. Politika, euren ustez, gatazka sozial baten errepresentazioa da eta, hori horrela izanik, eragileak ateratzen dira benetako gatazka sozialak suertatzen eta gauzatzen diren dinamiketatik. Hori gertatu da Txile berrian, eta ezkerreko egitura politikoek aurrerantzean horrekin jokatu beharko dute.

Hauteskundeek ezkerreko indarren mapa berria osatu dute. Belaunaldi gazteago baten eskutik, eta diskurtso praktikoak eta gertutasunak gidaturik, euren presentziak esanahi historikoa lortu du, 28 aulki eskuratuz. Leherketa sozial honetan azaleratutako sentsibilitateek jakin dute momentu konstituziogilearen bidez kanalizatzen. Baina era berean, udal eta eskala ertainaren esparruan, lurralde eta mugimendu sozialekin egin duten lanak botere-gune inportanteak eman dizkiete, Santiagoko alkatetza adibidez. Ezkerraren parte batek logika sozial berrietan kokatzea lortu du.

Herri indigenek 17 aulki erreserbaturik dituzte. Euren lurraldearen aitortza eta autodeterminazioaren eskubidea Konstituzio berrian ikusi nahi dute. Estatu plurinazionalaren nolakotasunaren eztabaida irekia dago beraz. Maiatzaren 15 eta 16an egindako hauteskundeetan Txile errealaren islarik osatuena konbentzioaz egindako bozek lortu dute.

Konbentzioa politikaren erdigunean kokatu da, eta parlamentua desplazatu du. Uztaileko lehen hamabostaldian lanean hasiko den konbentzioan, botere-posizio garrantzitsuak lortu dituzte indar feministek, aurrerakoiek zein indigene.

Eta inork ez duenez betoa jartzeko herena lortu, akordioen artikulazio anitza beharrezkoa izango da herri-burujabetza erdian kokatzeko eta urtebetez Txileren marko instituzionala behingoz aldatu ahal izateko. “Partida hasi besterik ez da egin”, Nuriluz Hermosilla arkeologo feministak dioen bezala.

 

Azaroan, hauteskunde presidentzialak

Aipaturiko hiru mugarriekin batera, azaroaren 21ean hauteskunde presidentzialak izango dira. Indar aurrerakoiak eta feministak posizio onean helduko dira, baina erronka handia da, eta ez da nolanahiko hauteskunde prozesua izango. Batetik, ezker ikuspegi batetik, Gobernu berria Konbentzio Konstituziogileren izaera parte hartzaile eta emantzipatzailea sustatzeko eragile garrantzitsua izan daiteke, komuna, kabildo eta eskala txiki eta erdian eztabaidaguneak erreztu dezakeelako jendartearen parte hartzea ahalbideratuz eta konbentzioa espazio publikora ateratzeko mekanismoak eta dinamikak bultzatuz.

Bestetik, 2022ko plebiszituari begira, aldaketarako gogoa aktibatzeko indargune inportante bat izan daitekeelako. Eta azkenik, azaroaren 21tik gehiengo zabal eraldatzaileek hegemonia berria osatzea bidera dezaketelako, neoliberalismoa oztopatuz eta justizia sozialean eta berdintasunean oinarrituko den programa eta proiektuak abiatuz.

Uztailean alderdien primarioak izango dira. Eskuinaren ahulezia nabaria da, eta dituen bitarteko oro erabiliko ditu. Ezkerraren esparruan, bi hautagai aurkeztu badira ere, biak indar politikoetako ordezkariak dira, eta biek izaera antineoliberala lehenetsi dutenez, alderdi sozialista, Kontzertazio blokearen gatibu, lehia honetatik at geratu da. Azken esparru horretan ez da momentua erabili mugimendu sozialen edota zerrenda independienteen sektoreekin kultura politiko ezberdin bat abiatzeko, ezkerreko primarioei herri-dimentsio sendoagoa emateko.

Primarioen ondoren, tarte politiko luzea irekiko da primarioen bigarren buelta zehazteko, aliantza berriak artikulatzeko zein hainbat auziri heltzeko, adibidez agertoki politikoaren ordenamenduan eragina izan dezaketen sozialismoaren birfundazioak, Allenderen legatuaren gaurkotzeak eta alderdiak eta mugimendu sozialen arteko dialektikak. Asko dago jokoan.