SINADURAK

Elena Beloki Resa

Iratzar Fundazioko nazioarteko arduraduna

Txile: 2022ko irailaz gero, zer?

2022-09-21

Txilek 2019tik ezagutu duen eztanda eta ondorengo sekuentzia eraldatzailea abiada bizikoa izan da. Ezker ikuspegitik zetozenek, aukera sekuentzia horik probestu zituzten beste estatugintza eta zilegitasun politikoak eraikitzeko, sektore zaurgarrien eta baztertutako bizitzei begira. Prozesu hau aberatsa izan da, herri borondatearekin status quo-a aldagarria dela eta ezinezkoa zirudiena mugigarria dela erakutsi da. Konstituzio proposamena ez da utopia bat izan, jendartearen sektore asko politizatu ditu, on komuna eta eskubideak eztabaiden erdigunean jarri ditu eta instituzio berriak lantzeko ikuspegia zabaltzea ekarri du esaterako. Ondoren etorriko den prozesu konstituziogileaz zalantzak dauden arren ikasitakoa eta bizi izandakoak agertoki instituzionalean bestelako abiapuntua ezartzeko balio izan du, horretarako ere, denbora beharko den arren. 


Argazkia. Unsplash / Javier Gonzalez

 

Irailaren 4ko gaua oso gogorra izan zen ezkertiarrontat, feministontzat eta geure burua sektore aurrerakoitzat dugunontzat. Igande horretan, txiletarrek konstituzio berri baterako testua bozkatu zuten. Arratsaldeko 18.00etan itxi ziren hautetsontziak eta 19.30erako Rechazoaren[1] garaipena ezaguna zen jada. Bozkatu zuten ia 13 miloi lagunetatik %61.87ak ukoa hautatu zuen. Baina zergatik txiletarrek bozkatu dute hain nabarmenki, ustez, beraientzat onurak ekarriko zituen konstituzio eraldatzaile baten aurka? Zergatik komuna guztietan izan da nagusi Rechazoa? Zergatik gaitzetsi dute jatorrizko herri nahiz herri sektore zaurgarrienek Txile sozial eta plurinazional baterako proiektua? Nola ulertu 2020an %80a diktadurako konstituzioa aldatzearen alde egotetik 2022an Rechazoak %62 lortu izana? Haimaka  galdera gau kide bilakatu ziren une horietan. Ondorengo egunetan emaitzen interpretazio lehia zabaldu bazen ere, orain prozesu konstituzio egileari buruzko kezken eta aukeren orduan sartzen ari dira. Hurrengo lerroetan, Txilek bizi duen uneari begiratuko diogu, berau irakurri eta gertatzen ari dena ulertzen saiatzeko.

Txilen azken garaietan izandako eztanda sozialak, politika  beraren eraldaketa gauzatu ahal izateko aukerak jarri ditu. Eztanda sozial hori, gertakizunez beterik badago ere, hiru sekuentzia edo mugarri interesgarri identifikatu daitezke bere baitan: Pinocheten diktadura garaiko konstituzioa aldatzeko 2020ko plebiszituaren garaipena, Gabriel Borich ezkertiarraren hautaketa eta Irailaren 4ko azken plebiszitu hau, konstituzio berriaren inguruko galdeketa. Hala ere, eztanda sozialak berak, bere osotasunean, momentu konstituziogile bat sortu zuen bere horretan eta, honek, era berean, gerora etorriko zen prozesu eta testu konstituziogile baterako baldintzak sortu zituen. Estatu baten oinarriak berdefinitzeko aukera unea zen beraz eta ez edonolako baldintza, ikuspegiz eta praktikaz.

 

«Zergatik txiletarrek bozkatu dute hain nabarmenki, ustez, beraientzat onurak ekarriko zituen konstituzio eraldatzaile baten aurka?»

 

Alde batetik, 2021ko talde konstituzio egilearen osaketak, aurrekaririk gabeko eraldaketa eta zilegitasun demokratikoa zituen oinarri: organo parekidea zen, jatorrizko herrientzako erreserbatutako kuotak onartu ziren eta klase guztien ordezkaritzan oinarrituta zegoen. Aurrerakoiak ziren zumeak zituen taldeak eta definitutako bide orriak ere, zentzu bera zuen oinarri: behetik gora. Gizarte mugimenduen batez ere, baina baita, herritarren ordezkaritza ahalbidetuko zuen taldeak nahiz prozesu konstituzio egilea definitu zuten. Horren zantzuak zeuden idatziriko lege magnan: ondasun komunen publikotasuna, nekazaritza eta hazien aitorpen konstituzionala, testu konstituzionalarekiko zeharkako ikuspegi feministaren eraikuntza, hezkuntza sistema publiko nazionala, gizarte segurantza sistemaren definizioa, osasun-sistema publiko unibertsala eta integratuaren definizioa... Inondik ere, ikuspegi ezkertiarrez aurrerakoia.

Eta hein handi baten, momentu konstituzio egilearen baitan uste sakon bat garatzea ekarri zuen honek: haustura historikorako unea zen. Eztanda sozialaren uhinak, oinarri aurrerakoiak izango zituen Txile berri baten (“denen etxe” berri baten) eraikuntzan parte hartzeak, haustura ekarriko zuela. Estatugintza edo prozesu konstituzio egilea bera, iragan zahar baten eta abiapuntu oinarri aurrerakoiak eraikitzen ari ziren etorkizuneko Txile berri baten arteko haustura unea. Eredu berri  bat eraikitzeko aukera zegoen, eta lehen aldiz «behetik» egiteko hautua zen.

 

«Nola ulertu 2020an %80a diktadurako konstituzioa aldatzearen alde egotetik 2022an Rechazoak %62 lortu izana?»

 

Gau gogor horretako emaitzekin ordea, ustezko haustura historikoaren unea arrakalatu zen. Rechazoren aukerak bozken % 61,8 lortu zuen eta Aprueboren aukerak bozken %38,1a. Hogei puntuko diferentzia itxaropenezko gau bat izozteko hainakoa da. Emaitza hauek, ordea, izozte momentutik haragoko azterketa zorrotzagoa eskatzen digute mugimendu eraldatzaileoi.

Hasteko, eragin zuzena izan zuten zenbait aldagai eta informazio xehea geureganatzea ezinbesteko zaigu sakoneko ulertzea nahi baldin badugu. Batetik, aurreko hauteskunde eta bozketetan ez bezala, Iraileko hautets deialdi horretan (eskuineko mugimenduen eskariz) bozka derrigorrezkoa izan zen 18 urtetik gorako biztanleentzat. Honek, ordura arte ezagutzen ez ziren 4.656.582 boto emaile gehiagoren iritzia plazaratzearekin batera, ordu arteko iritzi politiko eta publikoen irakurketa markoak bestelako koordenada batzuetan kokatzen zituen. Zein iritzi dituzte gai ezberdinetan bozkatu ohi ez dutenek?

Bestetik, aldagai tenporalak ere eragin zuzena izan du prozesu osoan zehar. Konstituzio proiektua egiturazko aldaketa bat da bere horretan, estatu baten (eta herri oso baten) oinarriak zeharkatzerainokoa. Sakoneko aldaketak suposatu ditzake, kasu honetan bezala, bai  materialki hartu beharreko neurri edo erabakietan (esate baterako, osasun sistema publikoa edo pribatizatua izatea) baina baita, honekin erabat loturik dagoen zentzu komunaren aldaketa ere, sakonago eta eraldatzeko geldoagoa den, gure mundua ulertzeko modua dena (adibidez, osasunez hartatzeko eskubidea denona den edo, bakoitzak ahal duena, merituen arabera aukera ezberdinak izan beharko genituzkeen). Haatik, tamalez, konstituzio proiektuak urte beteko epealdia zuen, idatzi eta galdeketara joan aitzin. Egiturazko aldaketen tenporalitatetik urruti.

 

«Iraileko hautets deialdi horretan bozka derrigorrezkoa izan zen 18 urtetik gorako biztanleentzat. Honek, ordura arte ezagutzen ez ziren 4.656.582 boto emaile gehiagoren iritzia ekarri zituen»

 

Gainera, politika marko ezberdinen arteko nahas-masak ere eragin dute prozesuan zehar. Aipatzen dugun egiturazko aldaketa edo prozesu konstituziogile, gobernuaren edo politika instituzionalen eraldaketa eta norbanako eguneroko bizitza beharren arteko nahasketak edo desorekak eman izan dira denbora honetan ere. Martxoan, G. Boric-ek gobernua hartu zuenean, prozesu konstituziogilea martxan jartzearekin batera, sistema politikoaren baitako aldaketen aro bat ere hasi zuen. Bi prozesuak paraleloak izanik ere, eta hala behar zuen, logika eta tenporalitate ezberdinekin ekiten zieten. Halere, herritar askoren buruan nahastu egin dira (eta nahasteko kanpainak egon dira), prozesu konstituziogilea eta gobernuaren kudeaketaren artean ispilu efektua ekarririk.

Azkenik datu interesgarri batzuk, gertatutakoaren inguruko ulerkeran lagundu gaitzaketenak, edo bederen, irakaspenak jasotzeko baliagarri izan daitezkeenak. Universidad del Desarrolloko Gobernu Fakultateak egindako ikerketa batek, Iraileko azken  plebiszituaren hauen emaitzak aztertu zituen, bozka erabakia eta parte hartutako komunitatearen aldagaiak nahastuz. Emaitzen arabera, errenta baxuko kintiletako biztanleriaren % 75,1ak Rechazoa bozkatu zuten alde agertu ziren eta, aldiz, diru-sarrera handiena duten kintilen biztanleen % 39,5ak Aprueboa bozkatu zuten. Are gehiago, errenta handienen kintiletako portzentaia, estatu osoko batez bestekoa baino handiagoa da. Hala ere, errentatik harago ere, arestian aipatu bezala ideologia, perfil eta iritzi tendentzia ezberdinak gurutzatu ziren eta eragin zuten txiletarren erabakian.

 

Argazkia. Fuente: Andina

 

Rechazoari buruzko hainbat gako

Lehen gakoa, hain zuzen izendapenarekin lotuta dago eta Rechazoaz baino, Rechazoez hitz egin beharko genuke. Izan ere, Aprueboaren defendatzaileen ustetan, hautets porrot bat izan da beraiena, baina ez proiektu eraldatzailearen porrota. Zergatik diote hau? Izan ere, prozesu konstituziogileari hasiera eman ziona hain zuzen ere, galdeketa bat izan zen “sarrerako plebiszitua” deitu zena. Orduko galdeketan, 1990ko konstituzioa aldatzeaz eta misio hori izango zuen organoaz galdetu zen. Bozkatu zutenen %80a agertu zen diktaduraren konstituzioa aldatzearen alde eta talde konstituzio egilearen esku utzi zuen testu berria idaztearen ardura. Hau da, eztabaida eta kanpaina ematen dne markoak (ideologikoak) eragin zuzena izan ohi du eta kasu honetan, eraldaketaren alde egon daitekeena gehiengoa izanik ere, Iraileko galdeketa kanpaina Aprueboaren porrota izan da. Ez da, beraz, ohiko ezker-eskuin markoa izan joko zelai eta Rechazoaren bozkak esanahi eta arrazoi oso ezberdinak ditu. 

Idatzi honetako bigarren gakoak, kanpainarekin, eta, berau aurrera eramaten den joko zelaiarekin du zer ikusirik. Izan ere, arrazoi handietako bat neoliberalismoak azken urteetan, Txilen bereziki baina baita mundu osoan ere (guretzat ikasgai), garaturiko kultura hegemonikoan aurki dezakegu Jakina da, historikoki, Txile, Chicago boys eta neoliberalismoaren sehaska eta laborategi izan dela. Pinocheten garaian eraldaketa sakonak bultzatu eta gauzatu ziren, urte luzeetako eraldaketa neoliberalak. Esparru publikoaren pribatizazioari ateak ireki zitzaizkion garaian, baina, laborategi ere izan zen heinean, neoliberalismoak merkatuaren mugak zeharkatu eta norbanakoen “buru nahiz arima” konkistatzea izan zen beraien eginkizun nagusietako bat. Hots, zentzu komunaren konkista. Hala, kolektiboaren ideiak, joera asoziatiboak eta politika bera ahultzera eta indibidualizatzera bideratu zen nabarmen: pribatizazioa, lehiarako derrigortasuna, arrakasta materiala, amaigabeko kontsumoaren eredua, meritokrazia pentsamendu bezala… Subjektibitate neoliberalaren balore hauek jendartearen zentzu komunaren parte izanik gaur egun (eta hegemoniko) Rechazok, bere baitan, biltzeko aukera baliatu du. Honela, jabetzaren (pribatua edo pribatizatua noski), familiaren eta nazioaren defentsan zentratu du bere kanpaina, Konstituzio proposamenak eraldatzaileak defendatzen zituen on-komuna eta publikoaren defentsaren aurka posizionatuz.

 

«Rechazoaz baino, Rechazoez hitz egin beharko genuke. Izan ere, Aprueboaren defendatzaileen ustetan, hautets porrot bat izan da beraiena, baina ez proiektu eraldatzailearen porrota.»

 

Bitartean, eztanda sozialak, bestelako estatugintza prozesu bat bat eskatu zuten: jendartea, estatua eta merkatuaren arteko artikulazio bat izango zuena oinarri. Prozesu konstituziogilea, ohiko hitzarmen eredutik harago marraztu da beraz, eta, ez da azken plebiszitu honekin amaitzen. Baina prozesuan zehar, alde batetik, hainbat elementuk demokratikoki aukeratutako talde konstituzio egilearekiko ilusio eta konfiantza ahuldu zituzten. Hasiera, uste orokorrean, organo hau ohiko elite politikoaren instituzioaren definiziotik aldentzen bazen ere (arestian aipaturiko osaketa perfilagatik, ezkertiar, parekide eta mugimenduetako ordezkariekin) idazketa dinamika zein metodologia berak, aurreko Konstituzioaren zenbait atalen erreforma mugatzen zuten legeak, denboraren presioak, eta ezkerreko ordezkarien zenbait proposamen sektorialek ahuldu zuten aldaketarako kohesioa. Bestalde, eztanda sozialak idazketa eta eztabaida/negoziazioek behar zuten indar nahiz denborak, konbentzioko ordezkarien eta herritarren arteko harremanak denbora batez ahuldu eta, lehia ideologikoa soilik kanpainarako ustea ekarri zuen.

Testuinguru honetan, eskuinak talde konstituzio egileko barne disputa galdutzat emana eta galdezketa helburu, ederki finantziaturiko fake news kanpaina diseinatu zuen. Bistakoa da, gezur kanpainek, desinformazio eta intoxikazio formula hauek zalantzak, gabeziak eta neoliberalismoaren paradigma kulturala elikatzea lagundu zutela. Baina aurrekoaren dimentsioa bere neurrian ulertu behar dugu. Sinpleegia izango litzateke pentsatzea, fake newsek soilik, ia 5 milioi pertsona Rechazoa bozkatzera bultzatu zutela.

Honi lotuta, Aprueboren aldekoek eta testua idatzi zutenek, zailtasun handiak izan zituzten konstituzio berriaren errelato orokorra egiteko. Logikoa den bezala, testuaren idazketa eta negoziazioetan murgildurik, Txiletarrentzat lortu zuten estatu sozialean, demokrazia parekidean, jatorrizko herrien aitortzan eta errepublikaren elkartasunean oinarritutako etorkizuneko proiektu politiko aurrerakoia, ez zuten errelato orokor baten barnebildu. Honi lotuta, eskuinarekin gertatu ez bezala, Aprueboaren alde egon zitezkeen herri mugimendu antolatuek eta jatorrizko herrien mugimenduek nahiz alderdiek ere, ez zioten Irailaren 4ko galdezketari berebiziko aitortza eman. Konstituzio berriaren aldekoek nitxo edo burbuila politikaren logikaz jabetu ziren, pentsatuz, aski arrazoi bazeudela 388 artikulu barnebiltzen zituen testua berria onartzeko. Ez zen beraz, joko zelaia kontrara izanik ere, galdezketarako hautets kanpaina edo borroka ideologikorako diseinu orokor bat garatu eta momentuak exijitzen zuen politizaziorako bidean sakondu. Eta ez zuten zoritxarrez, marko kultural hegemonikoari erantzuteko behar ziren tresna organizatiboen sendotasuna topatu.

Laburrean, Rechazoaren %62ak mundu bat barnebiltzen du bere baitan. Badira konstituzioa bera aldatzea nahi ez dutenak, kontzientziaz rechazo bozkatu dutenak testuaren zati bat onartu ez zutelako edo irakurri gabe zeudelako, Borichen kontrako zigor gisa bozkatu dutenak ere badaude, beste batzuk talde konstituzio egilearen praktika eta metodoa gaitzetsi dituzte, badaude interesaturik ez daudenak edo iritzi eraturik ez izanik bozkatzera behartu dituztelako Rechazo bozkatu dutenak, eta badira egon beste batzuk aginte orokoren kontrako jarrera aktiboa agertu dutenak ere. Hasieran esan bezala, gure ohiko markoak bestelako koordenada batzuetan kokatzen ditu beraz amalgama nahasi honek. Denbora beharko da amalgama horrek Rechazoaren bueltan hartu dezakeen formaz jakitun izateko.

 

Eta orain zer?

Txilek 2019tik ezagutu duen eztanda eta ondorengo sekuentzia eraldatzailea abiada bizikoa izan da. Ezker ikuspegitik zetozenek, aukera sekuentzia horik probestu zituzten beste estatugintza eta zilegitasun politikoak eraikitzeko, sektore zaurgarrien eta baztertutako bizitzei begira. Prozesu hau aberatsa izan da, eta herri borondatearekin status quo-a aldagarria dela eta ezinezkoa zirudiena mugigarria dela erakutsi du. Konstituzio proposamena ez da utopia bat izan, jendartearen sektore asko politizatu ditu, on komuna eta eskubideak eztabaiden erdigunean jarri ditu eta instituzio berriak lantzeko ikuspegia zabaltzea ekarri du esaterako. Ondoren etorriko den prozesu konstituziogileaz zalantzak dauden arren ikasitakoa eta bizi izandakoak agertoki instituzionalean bestelako abiapuntua ezartzeko balio izan du, horretarako ere, denbora beharko den arren. 

Ondorengo asteak gogorrak izango dira, gobernuak indar politiko guztiak konbokatu ditu prozesu konstituziogile berri bat abiatzeko. Prozesu konstituziogilearen jarraipena eta osaketa hautets porrot batean oinarritzen da. Garaileak orain arte bezala, indar korrelazioa beraien interesen alde jartzen saiatuko dira noski, on komunaren interesak baztertuz. Konbentzio konstituziogile berri bat osatu beharko da eta honen prozedurako eztabaidak parlamentuan emango dira. Joko zelaietarik bat instituzio honetan izango da eta, tamalez, honetan ezkerreko indarrak ez dira gehiengoa.

 

«Prozesu hau aberatsa izan da, eta herri borondatearekin status quo-a aldagarria dela eta ezinezkoa zirudiena mugigarria dela erakutsi du.»

 

Momentuz, hainbat baieztapen mugiezinak badira ere, zalantza batzuk agertu dira. Talde konstituzio egile berria, aurrekoa bezala, parekide izango bada ere, ez da seguru  bestelako ezaugarri berberak mantentzea lortuko denik. Alegia, independienteek bere zerrendak osatzeko aukerak izango dutenik eta jatorrizko herrien aulkien kopuru mantenduko denik. Zalantzak daude bestela ere, konbentzio berriaren iraupenaz eta orain arte ez bezala gorpu teoriko bat inkorporatuko ote den edo ez.

Beste joko zelaiari dagokionez, instituzioetatik at izango da dudarik gabe. Herri mugimenduak prozesu honen gutxieneko demokratikoak proposatzeko eta eragiteko gaitasunari eusten saiatu beharko dira. Baina, betiere espazio konstituzio egilearekin batera artikulatuz. Aldaketa prozesuak ez dira gelditzen Txilen eta Irailaren 4ko gau beltzean Alondra Carrillo konstituziogileak esan bezala “cuando el rio encuentra su cauce nada lo detiene”. Ibaia hurbiletik jarraitzeko unea dugu guk.

 


[1]     Rechazo eta apruebo izendapen berezi bezala erabiltzea erabaki dugu testu honetan. Bietako bakoitzak, beraien baitan, sentsibilitate, ideologia, perfil eta tendentzia ezberdinak izanik ere, uste dugulako  lehenengoak bederen, lortu zuela, propio eta momentu historiko horretarako, nolabaiteko aurkakotasun identitate bat eraiki eta aktibatzea. Rechazo vs apruebo. Beraz, merezi duelakoan momentuko kolektibo horri, batu zituen aurkakotasun horren izendapen propioz erreferentzia egitea.