SINADURAK

Maider Lazkano eta Gorka Maio

Txertoak herriarentzat

2021-05-06

Lau haizeetara oihukatu behar dugu txertoak herriarenak direla, kontinente guztietako herritarren eskubide. Europako agintariei dei egiten diegu txertoen patentearen liberalizazioa gauzatzeko.


Argazkia. Unsplash / Mufid Majnun

 

Indiatik datozkigun irudiek asaldatu gaituzte azken egunotan eta gure sentsibilitatea larri kolpatu dute. Pandemiak jota dago mundua: kapitalismoa. Kolapso ekologiko, ekonomiko eta zibilizatorioaren hodeiertz iluna marrazten du sistema kapitalistak, eta bere jardunaren ondorio dira COVID-19aren hedapen bortitza zein pandemiaren kudeaketa ekonomizista.

 

«Kapitalismoaren garapen eredua birus moduko bat da gure planetarentzat»

 

Kontzentrazio ekonomikoa, globalizazioa eta merkantilizazioa daude egun pairatzen ditugun guda, katastrofe ekonomiko, finantzario, sanitario eta ekologikoen oinarrian. Orain dela asko bizi ez genuen ziurgabetasun mailetara itzuli gara, bereziki Europako eta Amerika Iparraldeko nazioetan. Horrelako egoera pandemikoak hego hemisferioko herrialdeetan arruntagoak baitira.

Gero eta zabalduago dagoen iritzia da osasun krisialdi globala tendentzien azeleragailu bilakatu dela. Desberdintasun sozialak areagotu eta agerikoago egin dira pandemiaren ondorioz, maila globalean zein herrialdeetako estratu sozialen baitan ere, zeuden arrakalak handituz eta pobreziaren amildegira milaka herritar bultzatuz.

 

«Kontziente izan behar gara, era berean, gizatalde batzuk askoz ere modu zuzenagoan pairatu dutela krisialdi sanitarioa»

 

Bere lanaren etenaldiak asumitu ezineko eraginak izan dituelako biziraupen ekonomikoaren ikuspegitik, baina baita gaitzak berak zuzenago kolpatu dituelako ere, herrialde aurreratuetako gobernuek beste alde batera begiratzen duten bitartean.

Pandemiaren dimentsio soziala ulertzea klabea da. Betiere, logika kapitalistatik urrundu nahi badugu osasun egoerak bizkortu duen larrialdi ekonomiko eta sozialari eman beharreko erantzuna. Pertsonen zein planetaren zaintza erdigunean jarriz.

Aldi berean, gaitza munduan milioika pertsona hiltzen ari den honetan, agintari politiko, banketxe zein multinazionalen pentsaerak aldatu gabe jarraitzen du. Bizitza guztiak berdin baloratuko dituen osasun sistema publiko eta unibertsala indartzetik urrun, saminarekin negozioa egiten jarraitzen dute.

 

«Kapitalaren metaketa helburu, mundu mailako osasun larrialdia erabiliz»

 

Larrialdi egoeren ezarpena, lehen mundua deitutako horretan, herritarren osasuna lehenesteko baino, aukera ekonomiko itzel gisa ulertu zuten elite politiko eta ekonomikoek, funts publikoak enpresa pribatuetara transferituz. COVID-19aren aurkako txertoa produzitzen ari diren farmazeutikak, sistema kapitalistaren logika merkantila jarraitzen ari dira, munduko herritarren osasunarekin etekin ekonomiko erraldoiak ateraz.

 

«Euskal Herriarentzako burujabetza eskatzen dugu, osasun-krisi honi baliabide guztiekin erantzun ahal izateko eta baita gure herritarren txertaketa bermatu ahal izateko ere»

 

Aldi berean, elkartasun internazionalistan sakontzeko beharra dago, desberdintasun sozialen aurrean imajinario sozialista indartzearen beharra ozen adieraziz. Osasuna munduko herritarren eskubidea delako; diru publikoarekin finantzatutako ikerketak herriarenak direlako; pandemia baten erdian herritarren osasunarekin negozio egin nahi izatea giza eskubideen aurkako krimena delako.

Honengatik guztiagatik, lau haizeetara oihukatu behar dugu txertoak herriarenak direla, kontinente guztietako herritarren eskubide. Europako agintariei dei egiten diegu txertoen patentearen liberalizazioa gauzatzeko. Horretarako, GUE-NGL Europako Parlamentuko ezkerreko taldeak txerto doako, publiko eta unibertsalaren alde jarri duen kanpainaren alde sinatzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei [SINATU HEMEN

 

«Txertoen produkzioa nazionalizatu eta banaketa justu eta ekitatiboa eginda, milioika bizitza babestu ditzakegulako oraindik»

 

Azkenik, mundu justuago baten alde borrokatzen jarraitzera animatzen ditugu herritarrak. Ezker abertzalearen logika internazionalista premisa baten baitan gauzatu da bere sorreratik: Hamaika herri, borroka bakarra! Askatasunaren bidean, lehenik herria.