SINADURAK

Mikel Otero

EH Bilduko legebiltzarkidea eta militante ekologista

Trantsizio energetikoaren legea. Pauso on bat bide luze batean

2024-02-20

2011an Aldaketa Klimatikoaren legea legebiltzarrera lehen adiz iritsi bazen ere, hamairu urte pasa behar izan dira klima eta energia lege bat onartu arte, legealdiaren azken hatsarekin. Bazen garaia.


Argazkia. Unsplash / Sander Weeteling

 

Gure CO2 isurien bilakaera kezkagarria oinarri hartuta eta trantsizio energetikoak gurean duen atzerapenak ikusita, non oraindik orain erregai fosilak kontsumo energetikoaren %84a diren, argi dago legea beharrezkoa zela. Legearen edukiak eta helmena epaitzerakoan, berriz, garrantzitsua da klima eta energia lege autonomiko bati zer eskatu ahal zaiona ongi kokatzea.

Izan ere, Legea ez da orri zuri batean idatzi, emandako marko arautzaile batean baizik, non, besteak beste, eskumenak sakabanatuak dauden eta non politika energetikoaren gidalerroak estatuaren eskumen esklusiboak diren (baita energiari lotutako oinarrizko legedi eta erregelamenduzko garapena).

Edozein kasutan, onartutako legea ona da. Eta ez zen proiektua aurkeztu zenean. Jaurlaritzak gatzgabeko lege proiektu bat aurkeztu zuen, tarteko helbururik gabe, ahalmen betearazlerik gabe, finantzazioaren aipamenik gabe, herritarren parte hartzea bermatu gabe, hutsala. Ez hori bakarrik.

 

«Legeari eskatu ahal dioguna ez badugu ongi neurtzen, beste zerbait epaitzen ariko ginateke, zilegitasun osoarekin agian, baina ez onartu den klima legea.»

 

Testu txar hark Legebiltzarraren gehiengo osoa bermatua zuen neurrian, bi aukera bakarrik uzten zituen. Ez nahikotasuna salatu eta lege eskas baten onarpena frustrazioz ikusi edo, gaia estrategikoa den neurrian, aurrerapausoa eman, eskaintza politiko bat egin, negoziatu eta erdibidean topo egin, trantsizioaren gutxieneko zoru amankomuna egon daiteken terreno labainkor horretan.

Hasieratik esandakoa bete dugulakoan nago, hots, ez genuela onartuko hobekuntza kualitatiborik gabeko legerik, ez deseroso sentiarazten gintuen testurik.

Negoziazioa emankorra izan den edo ez lege testuaren azterketak esan beharko luke, ez maiz ikusten diren aurreiritzi sortak. Legearen prozesua jarraitu duten eragile eta aditu guztiak, atxikimendu maila ezberdina izanda ere, bat datoz onartutako legeak aurkeztu zen testuarekin zerikusi gutxi duela azpimarratzean. Testuak benetako metamorfosia jasan du, eta onerako, esango nuke.

 

«Orain, 2030 urterako helburu tasatuak daude, orain trantsiziorako eskualdeetako prozesu deliberatiboak abian jartzeko agindua dago, batzorde zientifiko bat osatuko da, aurrekontuek gutxienez %2,5a ekintza klimatikora bideratuko dute.»

 

EH Bildurenak dira ekarpen guztiak? Ez, agerraldietako aditu eta eragileen ekarpen nahikotxo daude azken testuan, baino EH Bilduk negoziazioa ireki izanak ekarri du aldaketa horiek egiteko aukera, eta legeari buruz azpimarratu diren kontu nagusietan gure arrastoa jarraitu daiteke.

Funts sozial baten atea ireki da, eskala handiko berriztagarriek herrien behar sozial eta ekologikoak finantzatzeko kanon bat ordainduko dute, sektore publikoa erregai fosiletatik alderatu eta berriztagarrietan zentratuko da, herritarrak komunitate energetikoetan zein eskala guztietako proiektuen jabegoan sartzeko aukerak eta erraztasunak izango dituzte eta abar luze bat.

Gure eskakizun guztiak bete dira? Ez. Anbizio maila ez da guk nahi bestekoa, aurrezpenean eta banandutako berriztagarrietan zehaztasunak falta dira, erregelamenduzko garapenerako gauza gehiegitxo uzten da, horregatik izango da garrantzitsua legearen garapena nork eta nola egingo duen lehiatzea.

 

«Hori bai, legeak trantsizio energetikoaren eta aldaketa klimatikoaren marko egokia jartzen badu ere, ez du miraririk ekarriko. Krisi ekologikoari aurre egiteko behar dugun eraldaketa ekosozialak lege hau baino askoz gehiago behar du.»

 

Errotiko aldaketak eskatzen ditu, horietako asko gure eskumenetatik at. Horregatik, elikadura edo energia bezalako subiranotasun estrategikoak behar bezala landu ahal izateko, subiranotasun politikoaren zabaltze bat ezinbestekoa izango da, ekologikoki bideragarria izango den etorkizuna diseinatzeko gaitasuna izan nahi badugu bederen.

Azken hausnarketa bat. Duela 10 urte, gure etorkizun energetikoa frackingari lotzeko zorian egon ginen. Zorionez, erregai fosilei lotuta utziko gintuen apustu estrategiko hura zapuztu genuen. Orain, baliabide fosilak alboratzea inperatibo ekologikoa bihurtu den garaiotan, deskalabru klimatikoari aurre egiteko daukagun aukera energetiko bakarra energia berriztagarriei eta kontsumoaren murrizketari lotua dago.

Legeak, izan ditzaken gabeziak onartuta ere, hori argi uzten du. Zentzuz, tentuz eta kontuz, baino denborarik galdu gabe egin beharreko auzolan erraldoia da, dena dago jokoan eta.