SINADURAK

Julu B. El Outmani

Ernaiko kidea

Pribilegioak zalantzan; hegemonia txuriaren marra gorria

2024-06-18

Pribilegioak, modu askotan definitu daitezke eta modu ezberdinean ulertu ditzazkegu, baina, zein da hauek duten eragina gugan? prest gaude hauek zalantzan jartzeko?


Argazkia: Unarmed Civilian. End white privilege. CC BY-NC-SA 2.0

 

Hegemonia pribilegio denean ez du balio, horregatik, zalantzan jartzeko gai izan behar gara, eta deseraikitzeko hautu politikoa egin behar dugu. Honek, lehen lerroak uztera eraman behar gaitu, paternalismoak alde batera uztera eta ahots propioz zenbait gairen inguruan ez hitz egitera.

 

Autokritikaz ari gara, eta hau, norbanakotik hasten da, baina ezin dugu ulertu kolektibotik kanpo. Prozesuak ireki behar dira, prozesuek zauriak ireki behar dituzte eta mina eragin behar digute, zalantzak eta kontraesanak izan behar ditugu, kritikak egin behar ditugu, eztabaidatu eta erabakiak hartu behar ditugu, eta guzti honetarako, prest egon behar gara, nahi eta behar batetik hasi behar gara.

 

Lehen lerroak utzi, dekolonialitateaz hitz egin behar dugu, eta ez egin lan paternalismotik, baizik eta deseraikitzetik eta ahalduntzetik. Askotan edo gehiengoetan jotzen dugulako paternalismora, egiteko moduak zehaztuz eta guk formula zehatz bat izango bagenu bezala, eta ez da horrela, ez dago formula bat eta bakarra. Gainera, honek ekarpen handia egiten dio gure mugimenduari, migrazio-legearen aurka borrokatzen dutenei entzuteak edota guk gure askapen prozesuan dekolonialitatea edo migrazioa landu behar dugula ulertzerak ere ekarpen handia egiten digu guri eta gure prozesuari.

 

Mugimendu bezala prest gaude pribilegioak zalantzan jartzeko? Nola nahi dugu hau egin, eta zer nolako militantzia eredu mota nahi dugu? Eztabaidak ireki behar ditugu eta mahai gainean jarri arrazakeria, migrazioa, dekolonialitatea eta beste milaka gai. Zalantzan jarri eta deseraiki esaten dugunean, ariketa zintzo bat egin behar dugu mugimenduan. Kolektiboa izan behar da lanketa hau eta indibiduala, norberak hausnartu behar duelako bere jarreraz.

 

Pribilegioak zalantzan jartzeko ere kontziente izan behar gara guk transmititzen dugunaz eta guk erreproduzitzen dugunaz, askotan egin dugulako akats berdina, problematikak akaparatu eta lehen lerroan egon behar garen subjektuak bigarren lerroan gelditu gara, eta guk, arrazializatuok, migratuok badaukagu zer esan, badaukagu zer esan ahots propioz, gure bizipenetatik, gure ezagutzatik eta guk pairatzen dugun zapalkuntzatik.

 

Ez du balio arrazista ez izatearekin, eztabaida honekin urteak daramatzazkigu, helburua antiarrazistak izatea da, eta hori da lortu behar duguna, mugimendu antiarrazista, dekolonialitatea landuko duena, koiunturan kontuan izango dituena antiarrazakeriarekin lotuta dauden markoak. Eraldatu dezagun mugimendua barrutik, eztabaidarako espazioak ireki behar ditugu eta hausnarketa sakonak eman.