SINADURAK

Xabi Iraola

Sortuko Gipuzkoako herrigintza arduraduna

Orain ekidin ezin dezakezuen zerbait gara

2021-05-31

IƱigo Errejoni entzun nion egun egin genezakeen ekintza iraultzaileenetarikoa gelditzea zela, gelditu eta mugikorrak itzaltzea. Horrekin bizi dugun munduaren abiadura frenetikoari kritika egitera zetorren. Ez dabil oker. Izan ere, esparru politikoan ere beste hainbeste gertatzen delakoan nago.


Argazkia. Unsplash / Aliaksei

 

Gaur lehen mailako gertakari politiko dena, bihar iragan oso urruneko pasarte gisa ikusi ohi dugu. Horrela, gertakari nahaspila ero horren atzean, sakonean gertatzen ari dena ikusezin egiten zaigu. Hori da gure herriaren zati honetan (EAE-n) azken egun eta asteetan gertatzen ari dena. Sakonean gertatzen ari dena ezkutatzeko zarata etengabea, asmatutako albisteak eta gezurrak. Bereziki, iraingarriak eta mingarriak izan dira Eusko Jaurlaritzaren ekinbidez Arabako fiskaltzak Ernai ikertzeko hartutako erabakia eta Corrugadosen harira Azpeitiko udalak eta Nagore Alkorta alkateak jasandako markaketa.

 

«Sakonean gertatzen ari dena ezkutatzeko zarata etengabea, asmatutako albisteak eta gezurrak»

 

Eusko Jaurlaritzaren miseriak ezkutatu nahi dituzte. Egoerak gainezka egin die: aste honetan bertan AHTren obretan segurtasun neurri zalantzagarriekin gutxienez bi langilek istripua, Donostiako metroko obretan enegarren zuloa eta obretan dabilen langile baten irregulartasun eta mehatxu salaketa, pandemiaren gestio orokorra eta txertaketa kanpainaren desfasea, diru publikoz sortutako Euskaltelen salmenta, Zaldibarko hondamendia eta bertan izandako irregulartasunak... Beste hainbat aipa genitzake, baina zoritxarrez zerrenda ia amaigabea bilakatzen ari da.

Bien bitartean, Covid19-ak eragindako pandemia honen amaiera oraindik gertu ez badago ere eta oraindik pandemiaren beraren gestioan erronka handiak (nagusiki txertoena) baditugu ere, dagoeneko pandemia osteko garaiaren inguruko lehia azaleratzen ari da. Pandemia honek areagotu duen krisi sozial, ekonomiko, politiko eta ekologikoari zein erantzun emango zaion da lehia horren funtsa. Eguneroko notizien zurrunbiloan lehen bistara antzematen ez dena agian, baina garaiko lehia nagusia dena. Lehia honetan mundu mailan bi pultsio nagusi antzeman ditzakegu; batetik, kapitala bere burua berrasmatzen ari da negozio sektore berriak bilatuz, eta bestetik, egungo bizi eta garapen eredua zalantzan jarri eta pertsonak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte ereduaren eraikuntzaren aldeko indarrak ere ageri dira.

 

«Pandemia honek areagotu duen krisi sozial, ekonomiko, politiko eta ekologikoari zein erantzun emango zaion da lehia horren funtsa»

 

EAJ egoera berri honetara bere botere eta aberastasuna gizentzen jarraitu nahi duten elite ekonomikoen (Confebask, Petronor...) proiektuaren babeste fidel ageri zaigu; herri gisa proiektu sendorik gabe. EH Bildu, aldiz, eredu sozial eta ekonomiko berri bateranzko trantsizio ekologiko, sozial eta ekonomikoaren aldeko proposamena garatzen ari da, herri eta nazio proposamen baten baitan. Bi hauek dira lehen aipaturiko mundu mailako pultsio horien gure adibide lurraldetuak. Lehian dauden pultsio horiek datozen hamarkadetan herri honen norabidea definituko dute. 

EAJren kudeatzaile onaren mitoa aurretik eraman du azken urte politikoak. 40 urtetako erregimenaren ostean zaharkituta, degeneratuta eta usteltzen hasita dagoen gobernu eta herri eredua da EAJk eskaintzen duena. 

Artikulu hau irakurri ostean, Errejonek esandakoari jarraituz ekintza iraultzaile gisa gelditzea edo mugikorra itzaltzea zuen aukera da. Baina egoera honek herri gisa aurretik eramaterik nahi ez badugu egoera iraultzeari ekitea dagoeneko ez da aukera bat, derrigorrean egin beharreko baizik.

 

«Usteltzen hasita dagoen gobernu eta herri eredua da EAJk eskaintzen duena»

 

Bukatzeko, aspaldi ikusi eta entzun gabeko eraso, irain eta forma txarrak ikusi eta entzun ditugu azken aste hauetan. Ezein erregimenek bere akaberan erakutsi ohi du bere aurpegirik makur eta bortitzena. Segi dezatela, beraz, nahi duten zarata guztia ateratzen. Segi dezatela nahi beste gezur esaten. Gu gurera. Mikel Sotoren poesia baten txatal bat hona ekarrita: guk erabakia hartu dugu. Orain ekidin ezin dezakezuen zerbait gara.