SINADURAK

Nerea Zubia. Oñatiko EH Bilduko zinegotzi ohia

Oñati. Egiteko modu bat

2019-11-18

Pello Otxandiano Kanpo eta Zuriñe Gojenola Goitiak, ERRIAren bigarren zenbakian egin genien elkarrizketan adierazi zuten legez, Euskal Herria munizipalismoan eredugarri izateko ezaugarriak biltzen dituen herria da. Ezker abertzaleak esperientzia luzea du horretan, eta azken zortzi urteetan EH Bilduren eskutik udal askotan esperientzia oso aberasgarriak izan ditugu. EH Bilduren ezaugarri garrantzitsuenetakoa izan liteke, eredu solbente bat eskainiz, behetik gorako jendarte eraldaketan aktiboa izanez. Udala, elkarteak eta herritarrak elkarlanean jartzen dituen udalgintza komunitarioaren adibide bat da Oñatiko Udala. Nere Zubia Blazquez zortzi urtez izan da parte hartze zinegotzia. Eltzia izeneko proiektua dakar lerrootara, esperientziatik ateratako ondorio politiko batzuekin batera.

Argazkiak: Ixmael Rueda Nogueiras

Eraikin huts batek ez du baliorik barruan ezer ez badago, barruan ezer gertatzen ez bada.


Zortekoak gara. Erakunde publikoak sinesgarritasun krisian daude eta horrek gure eredua eta jokatzeko modua berriz pentsatzera eta neurri zuzentzaileak aplikatzera bultzatzen gaitu. Krisi horretatik eratortzen dira gardentasunarekiko edo partaidetzarekiko azken denboretan sartu zaizkigun urgentziak eta urgentziatik kultura politikoan aldaketarako urratsak.

Esango nuke ez dugula formula definitiboarekin asmatu, esango nuke pausoak daudela norabide ezberdinetan eta esperientzia oso interesgarriak egon badaudela, tokian tokiko eta herritarren ezaugarrietatik sortu edo moldatuta funtzionatu izan dutenak.


Eltzia: proiektu kolektiboa eta zabala


Parte hartzea ez da eskatu eta ematea. Hartu eta ematea da bilatzen duguna. Eta horretarako, entzuteko eta egiteko moduen birdefinizioa ere behar da.


2013an Oñatik bazuen eraikin huts bat eta espazio publikoetan kudeaketa mota berritzaileen inguruko aukerak jarri genituen mahai gainean. Herriko hainbat kolektiboren egoitza-eskaeran oinarrituta eta eraikinaz baliatuz, elkarte sare berritu baten etorkizuna marrazteko borondatea publiko egin genuen.

Eszenatoki horren aurrean, bi aukera geneuzkan; lokala eskatu eta ematearen dinamikan sartzea zen aukera bat. Bigarrena, proiektu kolektibo zabalago baten parte izateko gonbidapena luzatzea. Emaitza desberdinak bilatu nahian, bigarren aukera honi heldu genion eta horretarako partaidetza prozesu bat abiatu. Eta prozesu honen ondorio nagusia honakoa izan zen:
Eltzia izango zen erabaki asmorik gabekoa, adostutako oinarriak eta baloreak bere egingo zituena (jakintza librea, elkartasuna, autoeraketa, elkarlana, komunitate garapena, berdintasuna, justizia soziala,…), publiko-komunitario-pribatua logika hirukoitzean gauzatuko zena, gobernantza eredu berriak praktikara eramango zituena, herritarrei publikoa denaren gainean erabakiak hartzeko eta erabaki horiek gauzatzeko aukera irekiaz.


“Egiten uztearen” printzipioa


Honek, ezinbestean, suposatzen du administrazioaren lan egiteko eskema tradizionalak apurtzea eta oraindik oso eroso sentitzen ez garen eszenatokietan kokatzeari ere beldurra galtzea.


Hiru urte iraun zituen definizio fase batek jarri ditu gaur egungo kudeaketa ereduaren oinarriak. Eta nolabait, ELTZIA laburbiltzerik badago, honela egingo genuke: barne mailan eltzekideek kudeatzen dute espazioa eta bertan gertatzen den guztia. Eta horretarako euren egitura eta erabaki-organoak dituzte. Eta Udala, “egiten uztearen” printzipioan kokatzen da: konfidantza eta tutelarik ez. Eraikina, helburu ez izanik ere, bada baliabide garrantzitsua. Eta, momentuz, kostuen ardura nagusia Udalarena bada ere (argia, ura eta mantenimendua), zaintzaren ardura guztiona da.

Eraikin huts batek ez du baliorik barruan ezer ez badago, barruan ezer gertatzen ez bada. Horrela, seminario eta ondoren, enpresagintza fakultate izan zena, sorkuntza eta kulturarako espazio sozial gisa biziberritu da. Garai berrien sinbolo, helburu berriekin.

Zeintzuk dira Administrazioa eta Eltzekideak harremantzeko bideak? Egunerokotasuneko erlazio iraunkor eta zuzena da oinarria. Baina bada guztiok adostutako segimendurako espazio formalazo bat ere: jarraipen batzordea. Teknikariek, udalean ordezkatutako aldierdietako ordezkariek eta eltzekideek parte hartzen duten bertan batzorde honetan, proiektuaren jarraipena egiteaz gainera, urteko helburuak zehaztu nahiz udalarekin koordinatzea eta urteko balorazioa egitea xedetzat duena.

Horrenbestez, zer da Eltzia? Harreman molde berrietarakoeta elkarlanerako herritarren gunea dela esan dezakegu.

Dena dela, Eltzia etengabeko bilakaeran ari den egitasmo bizia da, eta bidean, kolektibo, pertsona, ideaia eta helburu berriak batuko zaizkio, etengabe berrikusi eta egokituz.

Eltzia zenbakitan, gaur egun. Espazio 1. 4000m2. 25 kolektibo inguru. 500 erabiltzaile. 5 azpi eltze (musika, gorputza, herri mugimendua, auzoa eta sormena). Proiektua ulertu eta bere dimentsioaren kontzientzia hartzeko baliagarriak zaizkigu zenbakiok, baina gai al gara halako ekimenek eragiten duten inpaktu soziala neurtzeko? Izan administraziotik nahiz herri mugimendutik gauzatzen ditugun ekimenak oso modu merkantilistan ebaluatu ohi ditugu. Iruditzen zait ikuspegi hori aldatzeko garaia ere badela eta bestelako neurgailuak erabiltzen hasteakoa: ze harreman sare sortu ditu, emakume eta gizonezkoen presentzia (ez soilik fisikoa) nolakoa izaten ari da, belaunaldien arteko elkarrekintza, zaintza non kokatzen den guzti honetan, etabar.

Eltzia modu honetara jaio eta hazten ari den proiektu esanguratsuenetako bat da, baina Oñatin ez da bakarra. Adibide gehiago ere baditugu, esaterako, herri baratzak eta sortu berri den emakumeen kontseilua bera. Bakoitzak baditu bere berezitasunak, bere jaiotzeko motibazio propioak eta bere ibilbidea. Eraikin bat, hiri-espazio bat nahiz gogo hutsa izan daitezke motibazio iturri. Baina badute komunean, administrazioa eta praktika sozialaren konfluentzia oinarri duten egitasmoak direla. Ni-tik GU-ra. Eta emaitza bezain garrantzitsutzat eta baliozkotzat jotzen da bidean egiten den ikasketa prozesua.


Administrazioa eta parte hartze prozesuen arteko kontraesanak


Egitasmoaren blindajearen bermea, egitasmoa bera, herritarrentzat garrantzitsu egitean datza. Beraz, hori prozesu guztian zaindu beharreko arloa da.


Beraz, nondik hasi halako ideia bat garatzeko baldintzak ematen direla erdiesten dugunean? Zer da lehenago egin behar dena?

Borondatea ordenatu eta baloreak definitu: parte hartzea ez da eskatu eta ematea. Hartu eta ematea da bilatzen duguna. Eta horretarako, entzuteko eta egiteko moduen birdefinizioa ere behar da.

Guk sukalde lana deitzen diogu fase horri: kontua ez da jatetxeko menutik zer nahi dugun eskatzea, sukaldean bakoitzak beretik elikagaiak eta eskulana jarri eta probatzean dago gakoa. Eta horretarako, gakorik badago, gakoa beldurra galtzea da. Beldurra erakundeen partetik herritarrei hitza eman eta elkarlanean aritzeko. Beldurra herritarrei, erakunde publikoen logika eta funtzionamendu sarritan “perbertsoen” baitan harrapatuta ez geratzeko. Honek, ezinbestean, suposatzen du administrazioaren lan egiteko eskema tradizionalak apurtzea eta oraindik oso eroso sentitzen ez garen eszenatokietan kokatzeari ere beldurra galtzea.

Beldurra galtzea ez da edozer gauza egitea, ez da inprobisatzea. Partaidetzak ere bere denborak, faseak eta egiturak ditu, gardena, eraginkorra, efizientea, kalitateazkoa eta egiazkoa izan dadin erakunde publikoarentzat bezala herritarrentzat ere. Zer da partaidetza azken batean? Herritarrekin harremantzeko dugun modua gai garrantzitsuetan ez ezik, baita egunerokoan ere.

Ulertzen dugu administrazioaren, eta bereziki, udal ordezkarion jardunak esperimentatzeko mentalitatea eta eraldaketarako motibazioa ekarri behar duela berarekin. Denbora eta persistentzia. Administrazioak ere praktika eraldatzaileak bere egin behar ditu, udalgintza eredu berriak behar ditugu.

Azken xedea potoloa da: subjektu erabakitzaileak sortu nahi ditugu eta hori intentsitate handia eskatzen duen helburua izaki, bidean, ulertzen dugu maila desberdinetako partaidetza-ereduak praktikan jarri daitezkeela kultura hori inpregnatzen joan dadin.


Zeintzuk dira ibilbidean aurkitzen ari garen erronka/ahulgune nagusienak?


Kontua ez da esku bat luzatzea, horrek botere-harremanak indartu egiten ditu eta klientelismoa sustatzen du. Kolaboratzeak inplikatzen duena da berdinetik-berdinera jartzen garela helburu konkretu bati dagokionean, osagarritasuna bilatuz, eta ez konpententzia.


Indefinizioari beldurra. Hau da, gure marko tradizionaletatik haratago begiratzeko zailtasuna. Esaterako, Eltzia zer da Gaztetxe bat? Ez. Kultur Etxe bat? Etiketa bat jarri edo prozesuaren metodologia asko mugatzen dugunean (diruagatik, denboragatik,…), giza gaitasuna, bere aktibo, balore, dibertsitate eta harritzeko gaitasunarekin galdu edo mugatu egiten dugu, normalean, erakundeen logikaren mesedetan. Eta jendea ez da produktu bat, ez da argazki bat ere. Beraz, gisa honetako egitasmoekin ezin dugu hauteskunde logikan funtzionatu, zintzotasunez eta sinismenarekin aritu nahi badugu.

Elkarren denborak errespetatu eta zaindu behar ditugu. Elkar entzun eta elkar ulertu.
Administrazio publikoak eskaintzen dizkigun lege-arauen arabera, politika publikoen erabaki-gunea Osoko Bilkura da. Horrek suposatu dezake, adibidez, alderdien indar korrelazioak aldatzen badira, administrazioaren proiektuarekiko konpromisoa ere aldatu egin daitekeela. Momentuz, ikusten ari gara oro har, kasu honetan, administrazioa-eltzekideak osatzen duten erabaki-guneetan hartzen diren erabakiak lotesleak izateko konpromisoa. Hala ere, egitasmoaren blindajearen bermea, egitasmoa bera, herritarrentzat garrantzitsu egitean datza. Beraz, hori prozesu guztian zaindu beharreko arloa da. Egitasmo hauek ezin dira bertan, zuzenean, inplikatuta daudenen asebetetzera mugatu. Beste herritarrek ere sentitu behar dute, egitasmoak herriari balio erantsi bat eskaintzen diola.

Hala ere, ondorioztatzen duguna da erakundeak demokratizatzeko eta desburokratizatzeko, egungo egituren aldaketa sakona behar dutela.

Eta bide horretan harremanetan eta parte hartzean oinarritutako demokrazia sostengatzen dugu, herritarrekin dugun hartu-emana eraldatzeko eta garrantzizko gaietan (ez txikikerietan) boterearen zati bat herritarren esku uzteko. Izan ere, publikoa denaren kudeaketa ez litzateke administrazioa hasi eta amaitu behar. Horren eredu da Eltzia bezalako egitasmoen alde Oñatiko Udal Gobernuak egin duen apustua.

Maila lokalean aritzea potentzilitate handia du. Udalgintzak aukera ematen digu gertuko harremanak garatzeko, ez soilik gertutasun fisikoari dagokionean, baizik eta herriko egoera sozio-kulturalaren eta hori osatzen duten sareen ezagutza zuzena dugulako. Gertutasunak erraztu egiten du gobernantza estiloa aldatzen eta konfiantzan eta kolaborazioan oinarritutako harremanak eraikitzen.

Kolaboratzea ez laguntza edo kooperazio moduan ulertuta. Kontua ez da esku bat luzatzea, horrek botere-harremanak indartu egiten ditu eta klientelismoa sustatzen du. Kolaboratzeak inplikatzen duena da berdinetik-berdinera jartzen garela helburu konkretu bati dagokionean, osagarritasuna bilatuz, eta ez konpententzia. Beraz, askotan aipatzen dugun ‘Kudeaketa herritarren zerbitzura’- tik, ‘kudeaketa herritarrekin’ –era salto egin beharko genuke.
Berriz. Ez da eskatu eta eman. Kolaboratzea aberastasuna sortzea da. Gisa honetako egitasmoek, bai maila pertsonalean nahiz kolektiboan mundua begiratzeko modu bat eskaintzen digute. Herrigintzaren eta udalgintzaren ikuskera oso bat. Diskurtso bat eta praktika bat.