SINADURAK

Izar Hernando

Ernaiko kidea

Normaltasun berria baino, eraldaketa

2020-05-14

Izan ere, batzuei ahoa betetzen zaie normaltasunaz hitz egiten, eta guk argi dugu ez dugula haien normaltasunik nahi, zaharra ala berria izan. Normaltasuna Angeluko erailketa matxista da. Normaltasuna Talka eta Itzubaltzetako gaztetxea desalojatu izana da. Normaltasuna Euskal Herrian aplikatzen diren neurriak Euskal Herrian erabaki ahal ez izatea da.


 

Argazkia: Hodei Torres / HIRUKA

Deseskaladan gauden honetan Euskal Herriari begirako irakurketa bakarra egitea zaila da, herri gisa jasaten dugun zatiketa administratiboaren ondorioz. Izan ere, krisi egoera honetan modu argigarrian ikusten da erabakiak nork eta nondik hartzen diren, eta, beraz, inoiz baino errazago sentitzen da Euskal Herriak jarraitzen duela herri zapaldua izaten, jarraitzen dugula herri zatitua izaten. Izan ere, hiru eremu administratiboren baitan eta bi Estatutan banatuta egonda, neurri oso desberdinak aplikatzen ari dira lurralde bakoitzean. Eta ez, preseski, tokiko baldintzak eta datuak kontuan hartzen ari direlako (eskualdekako deseskalada baten kasuan izan zitekeen bezala), eremu bakoitzeko agintarien interesen arabera jokatzen ari direlako baizik.

Zentzu berean, komeni da gogoraraztea gaur norberaren udalerritik ateratzeko daukagun mugaz haratago, herrialdez herrialde mugitzeko debekua baino askoz ere gehiago luzatuko dela, ziurrenik, Euskal Herriko hegoaldetik iparraldera, eta alderantziz, mugitu ezina. Beste behin ere, herri honek bere baitan dauzkan muga inposatuak azalaraziz

Hori esanda, eta deseskalada faseari begira jartzeko, lurraldekako aipamena egitea beharrezkoa da: Nafarroaren kasuan, eta konkretuki, Nafar Gobernuak proposatutako deseskalada prozesuari erreparatuz, egia da Euskal Autonomia Erkidegoaren adibidea ondoan edukita Nafarroako prozesuak logika bati jarraitzen diola gutxienez. Hala ere, ez dio uzten modu oso azkarrean, eta beraz, ziurtasun eta erantzun nahikorik gabe aplikatutako prozesu bat izateari. Baina begia urrunago jarrita, zalantza orokorrago bat sortzen zaigu deseskaladaz ari garenean: norantz ari gara deseskalatzen? Prozesu hau denon bizitzak erdigunean  jarriko dituen eredu bateranzko trantsizio gisa planteatzen ez dugun bitartean, lehengo egoera berdinera bueltan eraman nahi gaituen antzerki hutsa izango da deseskalada. Eta guk argi dugu ez dugula lehengo agertokira itzuli nahi.

 

«Baina begia urrunago jarrita, zalantza orokorrago bat sortzen zaigu deseskaladaz ari garenean: norantz ari gara deseskalatzen?»

 

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, erdibide batean topatzen gara, ez 0 fasean eta ezta 1 fasean ere. Eta hori horrela izanda, ezin saihestu gure buruei galdera hau egitea: horretarako baldintzarik ez badago, zergatik aldatu gara fasez? Lagunekin, familiarekin elkartzeko baldintzarik ez badago, kalean lasai ibiltzeko baldintzarik ez badago? Ez al da kontsumoa sustatzeko eta ahalik eta lasterren hauteskundeak deitu ahal izateko trikimailua? Ikastetxeekiko irizpide eta ardura falta, etxeetan edo kalean elkartu beharrean terrazetan elkartzeko “aukera”, eta guztiaren gainetik, hauteskundeak arrisku potentzial argia ez direla azpimarratzea. PNVk, beste behin ere, alderdi interesen menpe jokatu du, guztiz nahasgarriak diren irizpideak markatuz, haserrea eta ziurgabetasuna eraginez. Zentralismoan oinarritutako deseskalada diseinatu eta aplikatu zaigu Madrildik, eta erabakimenerako izan dituen zirrikitu urriak, interes politiko zein ekonomiko propioen mesedetan baliatu ditu PNVk, erabakiak modu ez konpartituan hartuz (Espainiar Gobernuari leporatzen dioten gauza berbera eginez). Horrela, argi gelditu da krisialdiari herri gisa erantzuteko gaitasuna eta borondatea beharrezkoak direla, eta PNVk ez du horretarako gaitasunik ezta borondaterik ere.

 

«PNVk, beste behin ere, alderdi interesen menpe jokatu du, guztiz nahasgarriak diren irizpideak markatuz, haserrea eta ziurgabetasuna eraginez.»

 

Deseskalada prozesuaren baitan egunerokoan entzuten dugun “normaltasun berriaz” ere badago zer esanik. Izan ere, batzuei ahoa betetzen zaie normaltasunaz hitz egiten, eta guk argi dugu ez dugula haien normaltasunik nahi, zaharra ala berria izan. Normaltasuna egun bizi dugun (baina berria ez den) langabezia eta prekarietate basatia direlako (eta bide batez, aipatu nahi genuke egun hauetan datuek erakusten dutela oraingoan ere gazteok izan garela sektore kolpatuenetakoa).  Normaltasuna Angeluko erailketa matxista da. Normaltasuna Talka eta Itzubaltzetako gaztetxea desalojatu izana da. Normaltasuna Euskal Herrian aplikatzen diren neurriak Euskal Herrian erabaki ahal ez izatea da. Normaltasuna injustizia da, normaltasuna zapalkuntza da, normaltasuna krisia da. Eta hori guztia izanik, guk ez dugu normaltasun zaharrera itzuli nahi, normaltasun berrira joan nahi ez dugun bezala. 

Horren aurrean eraldaketa da aukera bakarra. Sistemak goia jo duen momentu honetan, gure eredua eraiki behar dugu, bizitzak erdigunean jarriz, hemen eta orain erabakiz. Eta horretarako, gazteok egin dezakegun eskaintza eta ekarpena argia da, antolakuntza eta borroka, gure lana burujabetzaren norabidean eginez.