Argazkia. Unsplash / Alexander Grey
Buruan dut duela 3 urte pasatxo albiste batek shock egoeran utzi gintuela: 13 pertsonek 23 urteko gazte bat jipoitu dute “marikoi zikina” oihukatuz, Basaurin. Hilabeteetara heldu zen beste notizia hau: Gazte talde batek bikote homosexual bat jipoitu du taberna baten kanpoaldean, Villabonan. Eta heldu zen gero lesbiana biren kontrako erasoa Bilbon. Eta gay baten kontrako ukabilkada Gasteizen. Eta irainak trans bati Tolosan. Eta lesioak adintxikiko gay bati Balmasedan.
Eta instagramen mehatxuak trans bati. Eta azken gertakariak gurean Getxon eta Ortuellan. Eta jarraitu nezakeen zerrenda beldulgarri amaigabe bat idazten. Zer esanik ez gure mugetatik kanpo, non Argentinan, Presidente ultraeskuindarrak sortu duen gorroto zoruak eragin duen Barracasen elkarrekin bizi ziren lau lesbianen kontrako erasoa; hauetako hiru erail dituzte, eta laugarrenak bizi osorako ondorioak izango ditu.
LGBT+fobiak gurean dirau, hau da errelitatea. Baina komunikabideen bidez publiko egiten diren gertakari mediatizatuenez gain, LGBT+ pertsonen kontrako jarrerek gure eguneroko bizitzak zeharkatzen dituzte. L, G, B, baina batez ere, T hizkiaren atzean dauden pertsona transen kontrako jarrerak egunero ematen dira esparru guztietan, ikastetxeetan, garraioan, tabernetan, kiroldegietan, lantokietan, komertzioetan, komisaldegietan...
Faktore asko egon daitezke LGBT+fobia salaketen gorakada azaltzeko baina nire ustez bi dira nagusiak. Batetik gorroto diskurtsoen areagotzea dago. Honek ez du gurean bakarrik eragiten, fenomeno globala da. Alderdi politiko ultraeskuindarren areagotzeak eta hauen ordezkaritza instituzionalak bozgorailu ezinhobea ematen die diskurtso faxistak hedatzeko. Honek lesbiana, gay, bisexual, trans, intersexual edota cisheteroarautik aldentzen den edozeinen aurka egitea ekartzen du. Ikusi dugu azken hilabeteetan etengabe: Politikari batek trans legea gutxiesten du parlamentu batean.
Komunikabide jakin batzuek, hori baliatuta, burla etengabea egiten dute gaiarekin. Trans pertsonak estigmatizatu eta foko mediatikoan jartzen dituzte (hori bai, euren ahotsa sekula ordezkatua egon gabe). Testuinguru honetan emakume trans bat jipoitu egiten du mutil talde batek. Hau da sekuentzia. Instituzioetako ultra eskumaren gorroto diskurtsoek ondorio zuzenak dituzte, eta hauek LGBT+ pertsonen kontrako erasoak dira. Lehenengo faktorea.
«Lesbiana, gay, bisexual, trans, intersexual edota cisheteroarautik aldentzen den edozeinen aurkako gorroto diskurtsoak areagotu dira azken urteetan»
Bigarrena, LGBT+ elkarteek zein mugimendu feministak egindako kontzientziazio lana. Azken urteetan ikusi dugun jazarpenaren salaketa kopuruak gora egin du oso nabarmen ez bakarrik kasuak handitu direlako baizik eta biktimek gehiago salatzen dutelako. Ziurrenik martxan dauden protokoloek, hedatuz doazen zaintza sareek edota ikastetxe edo herrietan egin diren formakuntza saio ezberdinek lagundu dute LGBT+fobia identifikatzen eta hau salatzeko bideak errazten.
Ezinbestekoa da lan honetan martxan dauden Nafarroako Kattalingune, Iruñeko Harrotu, Gasteizko Ikusgune edota Oreretako Mahai bezalako behatoki zein zerbitzuen lana aitortzea, LGBT+fobia kasuak artatzen zein biktimak laguntzen egiten duten lana goraipatzekoa da. Beraz, gorroto diskurtsoen gorakadak zein kontzientziazio eta formakuntzak eragin zuzena izan dute LGBT+fobia salaketen handitzean.
Honen aurrean badago egitekorik. Asko. Eta une askotan elkarrekin jardun beharko duten jorratu beharreko bi bide ikusten ditut nik. Batetik ikastetxe, lantoki, auzo, herri edota elkarteetatik egin beharreko borroka. Ezinbestekoa da gorrotoaren kontra eta eskubideen alde borrokatuko den mugimendu sozial indartsua(k) izatea. Zorionez, Euskal Herrian irakaspen asko eman dizkigu 1977an klandestinitatean sortu zen EHGAM mugimenduak honetan. Ezinbestekoa da gure genealogia ulertzeko EHGAMek egindako borroka, inongo zalantza barik.
Eta bestetik, beharrezkoa da LGBT+ mugimenduaren aldarrikapenak aintzat hartuta eskubideak babestu eta bermatzeko araudi eta legedia instituzioetan garatzea. Izan ere, gure inguruko herrialdeekin alderatuta hego Euskal Herrian LGBT+ legeak sortzen aitzindariak izan bagara ere, gaur gaurkoz asko dugu egiteko hauen garapen praktikoan. 2009an Nafarroako Parlamentuak Trans Legea adostu zuen. Ondoren, 2012an, Eusko Legebiltzarrak egin zuen lan hori. 2015 aldaketa egin zitzaion Gasteizen lege honi, eta Nafarroak 2017an onartu zuen LGBT+ Lege Integrala. EAEn berriz 2024an egokitu da bigarrenez Trans Legea, baina LGBT+ Lege Integralik ez dago oraindik.
«Ezinbestekoa da gorrotoaren kontra eta eskubideen alde borrokatuko den mugimendu sozial indartsua(k) izatea. Horrez gain, aldarrikapenak lege eta araudietan gauzatu behar dira»
Arau guzti hauek, dena den, ezer hutsean gelditzeko arriskua dute garatzeko benetako konpromiso politikorik ez badago. Iñi Etxezarretak Bilgune Feministak antolatutako ‘Gorputzen Burujabetza’ jardunaldietan botatako hitzak konpartitzen ditut guztiz: «LGBT+ politikak eta politika feministak bermatzeko, inbertsio publikoa behar da, baita pedagogia feminista bat hedatzea ere» eta gehituko nioke nik, baita hau guztia bermatuko duen arau markoa.
EH Bildun honekin konprometituak gaude, aukera dugun udalerri ezberdinetan LGBT+ elkarte eta pertsonekin elkarlanean espazio berriak sortuz, diagnostikoak martxan jarriz, udal politiken bitartez bizitza bizigarriak izateko baliabideak eskainiz, LGBT+fobiaren kontrako kontzientziazioa eta formakuntza bultzatuz... Eta Nafarroako Parlamentuan zein Eusko Legebiltzarrean politika publikoetan eraginez zein lege berriak egin edota indarrean daudenak garatuz.
IDAHOBIT [Internantional Day Against Homofobia, Bifobia, Transfobia] batzordeak aurtengo Maiatzak 17rako erabili duen lema da “No one left behind: equality, freedom and justice for all”. Guztiz egokia iruditzen zait, izan ere, gorrotoari eta LGBT+fobiari aurre egitea lehentasuna izan behar da, eta baita politika publikoen bitartez pertsona guztientzako eskubide guztiak eta aukera berdintasuna bermatzea ere.
Gaur, berriz hartuko ditugu kaleak. Euskal Herriko plazak askatasun aldarriz beteko ditugu, LGBT+fobiak lapurtu dizkigun lagun guztiengatik eta gorrotoaren kontra borrokatu diren guztiengatik, Baionatik Bilboraino, Durangotik zein Tuteratik edota Donostiatik pasatuz. Beraz, inor atzean gera ez dadin: berdintasuna, askatasuna eta justizia denontzako.