SINADURAK

Gorka Julio

Talaios kooperatibako kidea

'Modus operandi'

2022-06-27

LAB sindikatuak aurkeztu duen helegite batekin geldiarazi egin du, momentuz, Osakidetzak azpikontratatu nahi zuen informatikako bulego teknikoaren proiektua. Azpikontratazioa urtero egin nahi dute, Osakidetzak lan horiek egiteko gai diren langile informatikoak izanik ere.


Argazkia: Unsplash, Pietro Jeng

 

Informatika proiektuen kudeaketa egin asmoz lizitazioa martxan jarri zuen Osakidetzak. Azpikontratazio horrek urtero bi milioi euroko kostua izango luke, pleguan ageri den informazioaren arabera.

Lanpostuak sortu, zerbitzua indartu eta lana iraunkortzearen ordez, informatikako zerbitzua —beste alor batzuk bezala— gero eta ahulago dago. Zerbitzu publikoaren egitura husteaz gain, lan informatiko horiek egiten dituzten langileek lan baldintza erabat prekarioak dituzte. Azpikontratazio estrategia hori ez da soilik Osakidetzan gertatzen, eta ez da berariazko lan puntualak egiteko edo zenbait zerbitzu zehatz jasotzeko egiten. Enpresa horiek egiturazko lana egiteko kontratatzen dituzte eta bidean dirua galtzen da beti.

Hezkuntzan, Google eta Microsoft transnazionalak sartu dituzte, baita horien bitartekaritza egiten duten aholkularitzak ere. Antzeko zerbait gertatzen ari da osasunean. Kalkulatzen da osasungintzaren eta teknologiaren alorrean hurrengo urteetan inoizko diru gastu gehiena egin beharko dutela administrazioek. Azpikontratazioen onuradunak diren enpresa pribatuak sarritan, aldatu arren buru edo jabe berak mantentzen dituzte, gainera.

Ohikoa izanagatik ere eskandalagarria da, baina ohituta gaude horrelakoetara. Enpresa horiek berrikuntza, ekarpen bat edo beraiek bakarrik eman dezaketen zerbitzu soil bat emango balute, akaso ulergarria litzateke, baina ez da horrela. Egiturazko zerbitzu mailak dira, kasu honetan bezala, ateratzen direnak. Euskal informatikariak osasungintzan lanean jartzeko aukera galdu bat ere bada. Osakidetzak nahiko balu, diru horrekin teknologia eta osasungintza uztartzen dituen beharrezko zerbitzuentzako egitura propio bat garatuko luke. Behar propioak asetzera edo berrikuntzara bideratu liteke beren lana, akaso, eta hor bai enpresa pribatuekin kolaborazioan.

Hala ere, esperantza gutxi dago aldaketarako: kasu puntuala baino gehiago, modus operandi bat dirudi honek.