SINADURAK

Jokin Bergara

Sozio-ekologian ikerlaria

Mike Davis, oihu bat munduari

2022-10-26

Egunotan izan dugu Mike Davis (1946-2022) soziologo eta historialariaren heriotzaren berri. Kamioilari eta industriako langile izana, 60ko hamarkadan Los Angeleseko borroka sozialen lehen lerroan parte-hartu zuen, Angela Davis-ekin batera alderdi komunistan izena emanez. Soziologia kritiko garaikideari ekarpen esanguratsuak egin dizkio, historiaren norabideak kokapen erreformistetara bultzatu arren, ez zuen inoiz abandonatu kokapen kritikoaren lubakia. 


Argazkia. Unsplash / Dawson McCormick

 

Besteen artean, aipagarria da Los Angeles hiriari buruz egin zuen analisi kritikoa City of Quartz: Excavating the Future in Los Angeles (1990) liburuan. Bertan aztertu zuen nola hiria bera egon daitekeen diseinatua ustelkeria eta klase zuzendarien pribilejioak etengabe erreproduzitzeko.

Nola botere-egituren garapenak Los Angeles kapitalismo aurreratuko hiri tamalgarri bilakatu duen, langile eta herri mugimendu antolatuak suntsituz eta  gatazka-arrazialak sakonduz. Los Angeles era berean da American Dream ospetsuak laga dituen ondorio sozial etsigarrien agertoki; Davisek deskribatzen digu amets posmodernoen zabortegi ere bilakatu dela hiria, desjabetuen armadak eta etxegabeen biderkatzea hiria zapaltzen duen edonork ikusi  dezake begiak zabaltzen baditu.

 

«Interesgarria da Euskal Herritik irakurtzea, AEBtan herri mugimendu eta kontzientzia herrikoia egon ez dela diotenen aurrean, Davis soziologoak erakusten digu zein modutan antolatu zen kontzientzia horren desagerpena, eta ehun industrialaren gainbeherak izan zuen eragina herri eta langile klaseetan.»

 

Krisi ekologiko globalaren diagnostikoaren aurrean, soziologo Kaliforniarra argi mintzatu zen, bere testuek zapore ilun xamarra ez ote zuten galdetuta: “Begira, ni modurik ahalik zintzoen eta errealistenean idazten saiatzen naiz. Eta egia aitortu behar badizut bai ikusten ditut gauza txarrak. Goitik behera hondatzen ari den hiria ikusten dut, inguruko paisaiak ere… Faxismoa ikusten dut. Horri buruz idazten dut uste dudalako irakurtzen nautenek ez dutela itxaropena edo asmo onik behar, baizik eta jakin zeri egin behar dioten aurre, zeren aurka borrokatu.”

Ildo horretan, 2005. urtean ohartarazi zuen hirigintza eredu garaikideak pandemia globalak sortzeko aukerak zabaltzen zituela. Miseriazko Hirien Planeta (2006) lanean ikertu zuen nola ekonomia globalak hiri pobre eta degradatuetara bidaltzen zituela milioika pertsona, miseria produzitzeko makina erraldoi bilakatuz hiri garaikideak. Inguru urbanoetako pilatze basati eta oldarkor horrek zein baso eta ekosistema iraunkorren suntsipenak, natura basatiak gordetzen zituen birus erreserbak askatzea zekarrela ohartarazi zigun.

Horiek izan ziren soziologoaren iritzian VIH, Ebola eta ondoren Covid19a moduko birusek agerpen historikoa egiteko baldintzak, eta biodibertsitate galerari zein hirien handitze azkarrari buelta eman ezean, beste birus batzuek agerpena egiteko arriskuak hor jarraituko du. Bestela esanda, gizarteen garapena ezin da deslotu bere ingurugiroak ezartzen dizkion baldintzetatik, eta horra hor Davisen apustua; Ingurugirioaren historiatik eraikitzea Los Angeles moduko metropoli baten historia sozial eta politikoa.

 

«Goitik behera hondatzen ari den hiria ikusten dut, inguruko paisaiak ere… Faxismoa ikusten dut Horri buruz idazten dut uste dudalako irakurtzen nautenek ez dutela itxaropena edo asmo onik behar, baizik eta jakin zeri egin behar dioten aurre, zeren aurka borrokatu.»

 

Era berean argi mintzatu zen AEBtako gatazka arrazialak demokrazia burgesean sortzen zituen tentsio eta kontraesanez. Defendatu zuen agian tentsio horretatik abiatuta lor litekeela Estatu Batuetan berdintasunaren ideia zabaltzea, klase gatazkaren agerpenik gordinena baita beltzek polizia supremazista eta zuriaren aldetik jasaten duten indarkeria.

Hiri neoliberalaren, larrialdi klimatikoaren edo kolonialismo prozesuen gaineko analisi historikoak egin zituen Davis-ek hamabi liburutik gorako produkzioan: Guztietan ere prozesu potentzialki katastrofiko horiek AEBtako klase subalternoak nola hondoratzen dituen deskribatu zuen eta nola antolakuntzaren beharra ezinbesteko den ehundaka mila gazte desliluratuta dauden sasoi historikoan. 

Laburrean, lubaki kritikoaren sugarra piztuta mantentzeko lana egin zuen soziologo eta ekintzaile kaliforniarrak. Gogoeta kritikoari bezainbeste guztia berregituratzea eskatzen duen haize historikoaren ufada indartzeari eman zion lehentasuna. XXI. mendea zeharkatzen ari diren erronka zibilizatorio erraldoien garaian, ez da zeregin kamutsa Davis-en luma irakurtzea.