Argazkia. Unsplash / Miko Guziuk
Migrazio guztiak ez dira berdinak, garai eta aro bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Baina gurera bizitzera datozen herritar horiek badituzte gutxienez bi ezaugarri amankomun: bizitza proiektu bat garatzera etorri dira, eta euren bizitokia, auzoa eta herrialdea uztera behartuak izan dira.
Migratzaile izateak beste herrialde batean bizitza proiektu bat martxan jartzea dakar. Gure gizartean orokortua dagoen ikuspegi funtzionaletik aldenduta, etorkinak ez datoz (bakarrik) lan baten bila, edo guk egin nahi ez ditugun lanetan aritzera; etorkinak bizitza proiektu bat martxan jartzera datoz, lanera, bizitzera, harremanak eraikitzera, aisialdira, parte hartzera, eskolaratzera, kirola egitera eta abar.
Bestalde, migratzaile gehienak euren herrietatik alde egitera behartuak izan dira. Arrazoi ugari topa ditzakegu, hala nola krisialdi ekonomikoa, pobrezia, jazarpen politikoa eta soziala, gerrak, krisi klimatikoa eta abar. Migrazio behartu horrek oztopoz betetako bide bat marrazten die etorkinei, izan oztopo legalak, ekonomikoak edo sozialak. Ondorioz, egoera zaurgarrian egoten dira helmuga herrialdera heltzen direnean.
«Beraz, migrazioaren gaiari begiratzen diogunean, funtzionalismoaz harago doan ikuspegi zabalago batetik begiratu beharko genioke»
Itzul gaitezen hasierako ideiara: gaur egungo migrazio fluxuek nola eraldatu dute euskal gizartea? Eta, are gehiago, zeintzuk dira eraldaketa horrek Euskal Herriari eragiten dizkion erronkak? Lehen galderari hasierako erantzun labur hau emango genioke: migrazioak sakonean eraldatu du gure gizartea. Bigarren galderari, aldiz, honako hau: Euskal Herri kohesionatu bat lortzeko, inklusio sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalaren alde egitea ezinbestekoa da.
Bi erantzun horiek garatzen saiatuko naiz. Lehen galderari dagokionez, gaur-gaurkoz edonork ikus dezake migrazioak nola eraldatu duen gure gizartea. Eustatek argitaratutako azken datuen arabera, EAEko populazioaren % 12,7a espainiar estatutik kanpo jaio da; Nafarroan, % 17aren bueltan dago. Ipar Euskal Herrian, aldiz, egoera desberdina da. Hainbat ikerketak ondorioztatzen dute immigraziorik gabe Euskal Herriak populazioa galduko lukeela, eta azken urteetan jaiotako umeen herenak ama atzerritarra duela.
Aldagai sozioekonomikoei begiratzen badiegu, ikusiko dugu etorkinen langabezia tasa bertan jaiotakoena baino nabarmen altuagoa dela; eta pobrezia datuek erakusten dute etorkinak bost aldiz pobreagoak direla. Beste hainbat aldagai sozioekonomiko aztertuko bagenitu (lan baldintza, soldata eta etxebizitza, besteak beste), emaitza antzekoa litzateke.
«Etorkinak Euskal Herrian zaurgarritasunean bizi dira, eta bizirauten dute. Gure egitura sozialaren behealdean kokatuak, funtzionalak zaizkio gure sistema ekonomikoari, baina baita gure sistema sozialari ere»
Argazkia. Unsplash / Humberto Chávez
Hona hemen funtzionalismo horren B aldea, ekarpen demografiko positiboan jarri ohi dugu begirada legitimatzaileetako bat. Baina, hortik urruti, guk egin nahi ez ditugun lan prekarioak egiten dituzte (langile merkeak), eta gure seme-alaba-guraso-aitona-amamak zaintzen dituzte merkatu informalean.
Zentzu horretan, adibidez, Hezkuntza Lege berriaren inguruko eztabaidan ikasle etorkinen errealitatea, segregazioa eta euskararekin duten erlazio-gaitasuna egon da eztabaidaren korapilo askotan; azaroko Greba Feminista Orokorrean emakume etorkin eta arrazializatuen aldarrikapenek zentralitatea lortu zuten; edo Elorrion Eroskiko biltegiko langileek aurrera daramaten greban langile etorkinen protagonismoa garrantzitsua da.
Puntu honetara helduta, esan genezake migrazioak Euskal Herrian eragindako eraldaketa horren kudeaketak euskal gizartearen kohesioan eragin zuzena izango duela. Hala ere, zehaztapen bat egitea beharrezkoa da: migrazioak eta etorkinek ez dute gizartea desorekatzen, gure gizarteak eta sistemak errealitate horri ematen dion erantzuna da desorekak sortzen dituena, edo kohesioa indartzen duena.
«Ondo dator faktoreen ordena eta norabidea argitzea, diskurtso erreakzionarioak prebenitu nahi baldin baditugu»
Kohesio hori lortzeko, inklusio politikak erabat beharrezkoak dira, bai alor sozioekonomikoan (lan eta bizi baldintzak), sozialean (jarrerak, harremanak eta diskriminazioa), eskubideetan (paperak, oztopo eta diskriminazio instituzionala), politikoan (parte hartzea, agenda politikoa eta ordezkagarritasuna) eta kulturalean (aniztasun kulturalaren kudeaketa, kulturartekotasuna eta hizkuntza).
Bestalde, kontutan izan behar dugu Euskal Herria estaturik gabeko nazioa dela, gai horretan gakoak diren hainbat alorretan ahalmen politiko eta juridikorik ez dugula, edo euskara hizkuntza gutxitua dela. Nazio ikuspegi batetatik, hori kontutan izatea ezinbestekoa da. Migratzaileen bizitza proiektua Euskal Herriaren erronka da, edo gutxienez, hala izan beharko litzateke kohesioan, berdintasunean eta justizia sozialean sinesten dugun euskal herritarrontzako.
Proiektu horiek baldintza egokietan garatzeko aukerak ematea, eta horretarako testuinguru egokia ahalbidetzea gizarte kohesionatu bat lortzeko bidea da; eta biderik zuzenena Euskal Herrira bizi eta lan egitera datozen euskal herritar berri horiek gure herri eta nazioarekiko atxikimendua lortzeko.
«Inklusio politika horiek genero ikuspegia eta antirrazismoa txertatua izan behar dute ezinbestean; horretarako, metodologia egokia da intersekzionalitatea»