Argazkia. Unsplash / Agustín Ljósmyndun
Horregatik oroitzen dugu modu berezian noiz joan ginen lehen aldiz Martxoaren 3ko edo Martxoaren 8ko manifestaldietara; non egin genuen lehen aldiz lasterka Korrikan; nola joan ginen lehen aldiz Aberri Eguna ospatzera; edota zeinen eskutik sartu ginen lehen aldiz futbol zelai batera euskal selekzioaren partida bat ikustera. Horrelakoek egiten dute herri bat herri. Horrelakoekin egiten da herri bat are herri hobeagoa.
Harrokeriarik gabeko harrotasuna sentiarazten digun herria da gurea. Txikiak garela behin eta berriz entzun behar izaten dugun arren, gauza handiak egiten dituena: Martxoaren 8a, 2018ko eta 2019ko greben bidez, are Martxoaren 8ago egiten duen herria; 11 egun eta 10 gauez eguzki, euri edo elur etenik gabe euskararen alde lasterka egiten duena; hiru egunez, milaka gazteren taupadaz, amesten dugun Euskal Herria errealitate bilakatzen duena; batzuetan jazarririk, beste batzuetan libreki, gure aberriaren eguna urtez urte ospatzen jarraitu duena...
Oro ez da urre, ordea. Naturak urtaroak lez, zikloak izaten dituzte herriek; eta haien historiek. Eta gurean ere izan dira geldialdiak eta atzeraldiak. Une zail eta gogorrak izan diren bezala. Gutxiago izan badira ere, aukera berriak ekarri dizkiguten azkartze garaiak ere ezagutu ditugu.
«Izan ere, ziklikoki bere proiektu nazionala eraberritu eta arnasberritu duen herria da Euskal Herria.»
Halako garaiak identifikatzen eta behar bezala irakurtzen jakin behar izaten da. Eta gaude, orain, halako une politiko berezi bat bizi dugula: askapen prozesuaren azkartze garai bat. Besteak beste, bi arrazoi nagusi hauengatik: alde batetik, ezaugarri ezberdinekin bada ere, euskal lurralde guztietan -Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian- burujabetzaren inguruko eztabaidak irekita daudelako. Eta erreala delako urrats berriak egitea nazio aitortzan, lurraldetasunean eta burujabetza maila handiagoak eskuratzeko bidean. Askapen prozesuan baldintza hobeagoetan jarraitzeko egokiera emango digutenak.
Eta herritarren artean ezker independentismoaren proiektuak eta eskaintza politikoak duten atxikimendu maila geroz eta handiagoa da. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, inoiz ez bezala, hegemoniaren lehian bete-betean sartuta egoteraino.
Udaberrian loreak lez loratzen ari da Euskal Herria. Hobe esanda, lorarazten ari gara. Bizi dugun une politiko berezi hau ez baita zerutik erori, ezpada lurra lantzearen ondorioz etorri. Hori baita azken urte hauetan egin duguna: lurra landu; hazia erein; baldintza berriak sortu; bideak zabaldu; aukerak ireki. Azken batean, une hau posible egin. Eta orain, eragiten jarraituko dugu. Halako uneak ondo irakurtzen jakiteaz gain, ondo baliatzen jakitea baita gakoa askapen prozesuan aurrera egitekotan.
«Eta beste alde batetik, ziklo politiko berri baten hastapenetan gaudelako. Sakoneko aldaketa soziologiko eta kulturalak gertatzen ari dira.»
Bere buruaren jabe izan nahi duen herria martxan dela erakusteko aukera paregabea dugu datozen asteetan. Aukerak errealitate bilakatzekotan, horixe egin behar baitugu:
Horregatik, joan gara aurten berriz ere Martxoaren 3ko eta Martxoaren 8ko manifestaldietara, batzuk lehen aldiz eta beste batzuk enegarrenez. Horregatik, egingo dugu lasterka Korrikan, egingo dugu amets Lezoko teilatuetan, edo jarriko ditugu Aberri Egunez ikurrina eta nafar bandera gure etxeetako balkoi edo leihoetan. Herri batek, herri izatera iristeko, irautea behar duelako; eta irauteko, eraberritzea.
Lehen aldiz egiten ditugun gauzak ilusio bereziz egin ohi ditugu. Lehen aldiz egiten diren gauzak dira, halaber, historiara igaro ohi direnak. Jakin badakigun arren, lehen aldiz egiten ditugunek adina garrantzia dutela behin eta berriz egiten ditugunek. Bada azkenaldian guztion ahotan den zerbait. Historikoa litzatekeena, oraindik inoiz egin ez duguna eta datozen asteetan lehen aldiz egiteko aukera izango duguna: Euskal Autonomia Erkidegorako hauteskundeetan ezker independentismoa garaile egiteaz ari gara.
«Herri gogoa inoiz baino biziago dagoela erakutsi. Nazioa garela, gure etorkizuna libreki erabaki nahi dugula eta independentzia behar dugula beste behin adierazi.»
Guk argi dugu: ez gara honaino heldu orain zerura begira geratzeko. Ez gara etorkizunak zer ekarriko zain geratuko. Aspaldi ikasi genuelako gu geu garela orainean biharra eraikitzen dugunak. Ondotxo dakigulako gaur eta hemen ari garela etorkizuna fokuratzen. Aldaketa erabakitzen. Herri aske eta mundu berri bat sortzen. Ameskeriarik gabeko ametsek gidatzen gaituztenak gara. Kimerarik gabeko utopiek mugitzen gaituztenak. Egin genituenek bainoago, egiteke ditugunek. Enegarrenez egingo ditugunek adina, lehen aldiz egingo ditugunek. Gauza handi bezain ederrak egin dituen herria da gurea. Baina are ederragoak dira oraindik egiteke ditugunak.
Gure unea da. Egingo al dugu elkarrekin historia? Eraikiko al dugu elkarrekin lehen aldi bat?