SINADURAK

Idoia Zengotitabengoa eta Joseba Permach

Iratzar fundazioko kideak

Lapur bandez eta denona denaz

2022-07-23

Lapur banden politikaz hitz egin zigutela urteak pasa dira. Istorioek hala dioskute: lapurrek gauez eta oharkabean lapurtzen dute, zaratarik egin gabe, isil-isilik, lapurtua den hura ez ohartzeraino gertatzen ari denaz. Baina zer gertatzen da denona beharko lukeen hori egun argiz lapurtzen hasten zaizkigunean gutxi batzuen eskuetarako? Gehiengoa garen hori asaldatzen dela, disputatzeko aukera areagotu egiten dela,ezinbesteko bilakatzen dela. 


Argazkia. Feministok_prest!_(Gasteiz,_2016) CCO 1.0

 

Ez dira atzoko kontuak. Mendeak dira jada ahots eta idatzi ezberdinetan, mundu ordena honen lapur banda profesionalez ari izan zirela, direla edo garela. Ilunpetan nahiz egun argiz, lapurreta da uneoro errepikatzen dena: nonbait edo norbait(zuk) zerbaitetaz gabetu behar beste nonbait eta norbait horretaz jabetu ahal izateko. Gabetu asko, gutxi batzuk jabetzeko.

Egungo mundu ordenaren ezaugarria izan zitekeen hau, edo bada, baina ez bakarrik. David Harveyk ohartu gaituen moduan, (ez)jabetze prozesuak ez dira iraganean eta kapitalismoaren sorrerari soilik lotutako errealitatea. Mendeetan zehar mantentzen den etenik gabeko metaketarako tresna izaten jarraitzen du[1]. Kontua da, lapurreta hauek ez direla beti eta, leku guztietan, itxura berdinez ematen.

Begirada horretan trebatzeko interesgarriak dira Nancy Fraser feminista marxistak egiten dituen halako ezkutuko eta ageriko lapurreten kontakizunak[2]. Ulertu nahi ditu eta galdezkatu, non eta nola ematen diren mundu ordena honen (ez)jabetzeak, krisiak eta akaso disputak. Analista gehienek ekonomiaren (modu tradizionalean ulertua) barne kontraesanetan jartzen dute arreta. Bere irudikoz, ongi egonik ere, ikuspegi ekonomizista huts horrek modu hertsiegian ulertzen du kapitalismoa, beharrezkoa dena, baina inola ere ez nahikoa.

 

«David Harveyk ohartu gaituen moduan, (ez)jabetze prozesuak ez dira iraganean eta kapitalismoaren sorrerari soilik lotutako errealitatea. Mendeetan zehar mantentzen den etenik gabeko metaketarako tresna izaten jarraitzen du»

 

Hau honela, Fraserrek ondorioztatuko du, ezin ditugula ez esfera pribatuetako harremanak (etxea, familia ereduak, komunitatea…), ez lurrarekin daukagun harremana, ez inperialismotik xurgatzen duen mundu ordena, ez eta sistema publiko-estatala kapitalismoaren irakurketa oso batetik baztertu. Hau da, egungo ordenuan kapitalak enpleguko lan ordu bakoitzetik  gainbalio gisa irensten duenaz gain, bestelako gabetze eta lapurretak ere kontuan hartzea ezinbestekotzat joko du: emakumeen bizkar erortzen diren ordaindu gabeko zaintza lanak, naturari ebatsitako baliabideak, garapenaren izenean koloniei oraindik orain osten zaiena, guztion poltsikotik eraikitako sektore publikotik gutxi batzuen mesedetan desbideratutako milioiak, horiek guztiak osatzen duten lapur bandaren harrapakina. Horri guztiari erreparatzea ezinbestekoa da.  Are gehiago ezkerreko begirada batetik, edo eraldatzailea den mugimendu batetik egin nahi badugu.

Beraz, ezkutuan egon izan den hori bistaratzeko helburuz, Fraserrek kontatuko digu munduko lapurren historian, XIX mendeko kapitalismo liberal lehiakorrak, ipar globalean esplotazio industrialarekin lapurtzen zuena, erabat uztarturik zegoela munduko hegoalde eta lurrarekiko gabetze kolonialarekin, lapurtzen zuela ere lan (erre)produktiboak[3]  eremu pribatuan (familian) eta dohainik egitearekin eta, estatuen albo begiradarekin. 

XX. mendean aldaketa batzuk etorriko ziren. Estatuak gobernaturiko kapitalismoan, munduaren iparraldean esplotazio industrialak jarraitu zuen, lurraren eta hegoaldearen gabetze postkolonialarekin batera. Dena den, bizitza posible egiten duten lanen bidezko lapurretan aldatuko da zerbait. Kasu honetan moldaketa horiek ulertzeko bi faktore kontuan hartu beharko dira: Batetik, mundu mailako alternatiba sozialista errealaren erreferentziak bultzatuko du sistema kapitalista langileen zenbait eskubide sozial onartzera. Bestetik, aurreko hamarkadetako zaintza krisiaren eraginez eta han-hemengo borroken lorpenez, estatu kapitalistek lan (erre)produktibo batzuk bere gain hartuko ditu Ongizate Estatuaren forman. Hala ere, oraindik orain, bizitza duinak posible egiteko lan asko, familiaren baitan (emakumeen bizkar) geratu ziren. Natur baliabideen ustiapena areagotu zen, kolonialismo berriak kolonialismo zaharra ordezkatu zuen, aurpegi ezberdinarekin baina helburu berarekin eta ongizate estatua izanik ere, diru publikoaren lapurreta amaitu zenik ezin esan. 

 

«Fraserrek kontatuko digu munduko lapurren historian, XIX mendeko kapitalismo liberal lehiakorrak, ipar globalean esplotazio industrialarekin lapurtzen zuena, erabat uztarturik zegoela munduko hegoalde eta lurrarekiko gabetze kolonialarekin»

 

Argazkia. Unsplash / William Gibson

 

Eta zer gertatzen da gaur egun? Berririk ez zeru azpi honetan. Lapurtzen jarraitzen dute, lapurtzen zaigu herriei, lapurtzen zaigu emakumeei, lapurtzen zaigu langileoi, lapurtzen diogu lurrari, lapurtzen diogu hego globalari… Egungo finantza kapitalismo global deiturikoan, lantokiak eta esplotazioa munduko hego-ekialdera eraman (baita Euskal Herritik ere) eta gure herriko aberastasuna saltzen ari dira jada aberatsak diren arrain handi horiei (Euskaltel[4], Gamesa[5] edo BM supermerkatuak[6] horren adibide). Lapurreta postkolonialak eta lurrari lapurtzen diogunak mugarik ez balute bezala jarraitzen dute (gasa, petrolioa, ura, lehengaiak…nondik eta nola dakartzagu?). Lapurretek ez dute etenik. 

Era berean eta gurean ere, bizitza duina posible egin ahal izateko beharrezko ditugun lan (erre)produktibo, ongizate eta komunitatearen eremuan, negozioa egiteko nahiak aurrera darrai. Hemen ere lapurreta xorro-xorro egunerokoa da. Enpleguen prekarizazioak, geroz eta zaharragoa den herri baten beharrek, bizitzaren garestitzeak, eredu familiaristak[7] (eta gizonen hutsuneak), legedia arrazistak, etxebizitza, aisia edo osasunarekin negozioa egiteko nahiak… geroz eta zailagoa egiten dute bizitza duina bermatzea. Zaintza krisia. Geure burua zaintzeko, besteak zaintzeko edo zainduak izateko izugarrizko zailtasunak ditugu[8]

Azken urte hauetako joera ekonomiko, sozial eta demografikoak horien gaineko erabaki politiko suizidekin elkartzen ari dira. Kapitalaren zorrak “erreskate” moduan denon artean ordaindu eta irabaziak aldiz pribatizatzen ikusi berri dugu. Berriz ere asko gabetu eta desjabetu, gutxi batzuk jabetzeko, aberasteko. Oinarrizko zerbitzu publikoen kasuan ere, ezin zalantzan jartzekoa da norabide kezkagarria: murriztu eta pribatizatu ahal den oro. Asteon ikusi bezala, euskal autonomia erkidegoko osasun kontseilariak zentzu horretan aurreratu digu lapurretaz, egun argiz eta mikroetatik. Osasun zentroetarako desplazamenduak handitzea[9] eta itxieren[10] berri eman zuen, non eta farmazeutika pribatuek antolatutako enkontru batean, enegarrenez herritarrengan jarriz ardura, kultura aldaketa behar omen dugu eta mediku falta dago. Baina ez da gaurko erabakia soilik. Urteak dira ongizate estatua eraisten eta, hein berean, pribatizatzen ari direla. 

 

«Azken urte hauetako joera ekonomiko, sozial eta demografikoak horien gaineko erabaki politiko suizidekin elkartzen ari dira»

 

Esparruen arteko harremana ukaezina da beraz. Produkzioak zer ikusia du pribatuan egiten diren lanekin, era berean zerikusia du planetarekiko dugun harremanarekin eta, nola ez, zerikusia du eta harremanetan dago eremu publikoak duen nolakotasunarekin. Areago, gehienetan, beti ez esatearren, beste esparruen mesedetan aritu izan dira (lapurtuak izan dira) familia, komunitatea, lurra, hegoaldea… edo sistema publikoa. Lapurtzen da sistema publikotik ere. Oso urruti, beraz, askotan izendatu ohi den laissez faire laissez passerfamatutik, edo esku ikusezinaren irudikatze eta ulerkuntzatik: utzi dezagun ekonomia bere izate naturalean, orekatzeko berezko ahalmena omen du. Erabili ohi duten diskurtsoaren kontrara, ez ekonomiak ezta sistema publikoak berak ere ez dute izate natural, objektibo edo betiereko bat. Azaldu berri dugun lapurren kontakizunean ikusi bezala, disputarako eremuak dira kapitalismoaren baitan ere

Noski, disputa eremua da sistema publikoarena, demokratizaziorako ala pribatizaziorako joera emango zaiona, justizia sozialerantz ala aberastasunaren metaketarantz tiratu daitekeena, gehiengoa gabetzearen eta gutxiengoa jabetzearen alde ala gehiengoa jabetzearen alde jarriko duena. 

Gehiengoa gabetzea, gutxiengoaren jabetzea eman dadin. Lapurrek denona beharko lukeen hori lapurtzen digute, egun argiz. Euskaltel, Kutxabank eta Hilton luxuzko hotel berria Donostiako arte ederren eraikinean, erresidentzietako zaintzaren bizkar negozioa, pandemia garaiko diru laguntza ikaragarriak (hori bai, enpresentzat)… haiek lehiatzen ari dira sistemaren baitan, lehiatzen ahal dutena osteko, ebasteko, lapurtzeko denona dena (ez)jabetzeko. Esan dugun moduan lapur banden istorioa aspaldikoa da eta zaharra izanagatik ere, gaurkotasunik galdu ez duela ondorioztatu dugu. Lapur banden jarduera, gainera, ez da esparru batetara mugatzen, ez eta agerikoa den harrapakinarekin konformatzen. Eta guk zer egingo dugu? 

 

«Euskaltel, Kutxabank eta Hilton luxuzko hotel berria Donostiako arte ederren eraikinean, erresidentzietako zaintzaren bizkar negozioa, pandemia garaiko diru laguntza ikaragarriak (hori bai, enpresentzat)…»

 

Gehiengoa jabetzearen alde. Gure garaiko galdera izango da (iraganean hein batean izan bezala): Nola jarri gehiengoaren bizitza duina oinarrian? Nola (ber)banatuko dugu? Nola arduratu? Ezin diogu muzin egin publikoa denaren disputari. Zentzu demokratizatzaile eta sozialean tiratu beharko da, gaur egunekoa (zergatik dagoen horrela eta ez beste modu batez) problematizatuz eta oraindik irudikatzen ez dugun horretaz galdekatuz: Zergatik bankuak “erreskatatu” eta ez jendea? Zergatik ez ditugu berreskuratzen banku publikoak? Zergatik ez ditugu oinarrizko baliabide naturalak publiko egiten, denona beharko lukeena denona egiten? Zergatik eolikoen aldeko apustua gurean eta ez eguzki energiaren alde edo energia iturri ezberdinen alde? Zergatik enpresa pribatu batek (edo bik) erabaki behar du gure trantsizio ekologikoa? Zergatik honek ere ezin du publikoa izan, berriz ere? Zergatik ez dugu erresidentzien negozioarekin bukatu eta zaintza sistema publiko (eta komunitarioa) eraikitzen? Zergatik ez dugu kalitatezko garraio publikoa bermatzen? Zergatik ez telekomunikaziorako enpresa publiko komunitarioak? Zergatik ez dute gehiegi dutenek gehiago ordaintzen denona dena hobea izan dadin? Zergatik ez dute gehiegi dute gehiago ordaintzen? Eta hori erabiltzen hezkuntza eta osasungintza publiko eta unibertsal eraberritu eta indartsu bat hedatzeko? Zergatik ez ditugu alokairuzko etxebizitza publikoa eraikitzeko erabiltzen? Oro har, beraz, zertarako sektore publikoa eta nolakoa?

Zibilizazioa krisian gauden garaia, erronka garaia ere bada. Askotariko krisien garaia da eta jakin badakigu sektore publikoak zeharkatuko ditu bai krisi ekologikoaren, bai zaintza krisiaren baita krisi ekonomikoaren norabidea. Jokoan dagoena da ordea, noren mesedetan arituko den sektore publikoa, lapur bandaren mesedetan ala mendeetan lapurtuak izan garenon zerbitzura. Berriz ere, disputatu behar dugu publikoa den sistema horren izaera demokratizatzaile eta soziala. Mundu ordena bera disputatzeko anbizioa berreskuratu behar dugu. Ez da existitzen berezko kapitalismoa edo bere hartan, ez baldin bada mundu ordena oso bat. Mundu ordena oso bat, globala dena eta une berean lokala dena, publikoa dena eta pribatua, harremanak bustitzen dituena, kontsumo eredua eta habitusak irakasten dizkiguna… Fraserrek ondorioztatzen du ere, horietatik, ordena horien mugetatik, hain zuzen ere eratortzen direla krisiak baina baita ere eraldaketarako aukerak. 

Beraz, ezinbestekoa da guretzat horiek ezagutzea. Ezinbestekoa da distopiak bakarrik saltzen dizkiguten honetan aukerak eta abaguneak ere ikustea, disputarako irekitzen ari diren ateak bultzatzea, posible denaren mugak irekitzea[11], mundu berri bat irudikatzen eta eraikitzen jarraitzea. Ez da existitzen berezko eta betiereko kapitalismoa, ezta momentuz guk nahiko genukeen jendarte berria ereKontua da, guk nora tiratuko dugu? Lapur banden aldera ala denon artera?

 


[1] Harvey D. (2005) El “nuevo” imperialismo : acumulación por desposesión. Clacso.

[2] Fraser N. (2021) Kapitalaren lantegi ezkutuak. Lisipe. Elkar. 

[3] Zaintza lanei erreferentzia egiteko erabiltzen dira bi terminoak: lan erreproduktibo eta lan produktibo. Laburrean, autore batzuk lan erreproduktibo hitza erabiltzen dute, bizitza posible egin ahal izateko beharrezko lanak barne bildu eta osterantzeko lan produktiboetatik (hots metaketaren logikan egin daitezkeen lanetatik) bereizteko. Jule Goikoetxea pentsalari feministak aldiz, eztabaidagai jarri du erre- aurrizkia eta bereizteak dakarren aitortza eza, lan horiek jendartearen produkziorako ezinbestekoak direla argudiatuz. https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/003/2017-12-28/marxen-kapitala-egungo-patriarkatuan.htm.  Eztabaidari egin nahi diogu erreferentzia parentesien erabilerarekin.

[4] Naiz (2021) “MásMóvil se hará con Euskaltel tras lanzar una OPA sobre el 100% de sus acciones” https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20210328/masmovil-se-hara-con-euskaltel-tras-lanzar-una-opa-sobre-el-100-de-sus-acciones

[5] El economista (2017) “Siemens cierra la compra de Gamesa y crea el segundo fabricante eólico mundial” https://www.eleconomista.es/energia/noticias/8269473/04/17/Siemens-cierra-la-compra-de-Gamesa-y-crea-el-segundo-fabricante-eolico-mundial.html

[6]  Expansión (2021) “PAI Partners compra Uvesco, la dueña de BM Supermercados” https://www.expansion.com/empresas/2021/12/22/61c2f179468aeba82a8b4592.html

[7] Goikoetxea, J., Lujanbio L., Rodriguez Z. eta Garai E. (2020) Euskal Demokrazia Patriarkala. Eztabaida. Elkar. 

[8] Aranguren M.  (2021) Itotzen gaituzten krisiak eta arnasa ematen diguten sareak. Iratzar -UEU ikastaroa. https://www.youtube.com/watch?v=8b9l75fQfVU

[9] Diario.es (2022) “Euskadi prevé que la escasez de médicos obligará a desplazarse más lejos para ir al ambulatorio” https://www.eldiario.es/euskadi/euskadi-preve-escasez-medicos-obligara-desplazarse-lejos-ambulatorio_1_9065422.html

[10]  Deia (2022) “La falta de médicos en Euskadi obligará a desplazamientos entre ambulatorios y algunos cierres en verano” https://www.deia.eus/actualidad/sociedad/2022/06/08/sagardui-osakidetza-ofrece-condiciones-carta/1227269.html  Edo hurrengo egunean on bidean jarri nahian ordutegi murrizketa aipatu zuten Diario Vasco (2022) “Sagardui asegura que este verano «no se van a cerrar ambulatorios» sino que «se ajustarán horarios»”  https://www.diariovasco.com/sociedad/salud/sagardui-medicina-desplazamientos-20220609103845-nt.html

[11] Garces, M. (2022) En las prisiones de lo posible. Hacia una nueva radicalidad. Traficantes de sueños.  https://soundcloud.com/traficantesdesue-os/en-las-prisiones-de-lo-posible-hacia-una-nueva-radicalidad-con-marina-garces?utm_source=clipboard&utm_medium=text&utm_campaign=social_sharing