SINADURAK

Oihana Lopetegi

Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkaria

Langileen alde, euskal esparruaren bidean

2025-02-19

Otsailaren 19a euskal sindikalismoak agendan ondo markatuta daukagun eguna da. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zuen 1994ko mobilizazio hark abiapuntua jarri zuen Euskal Herria borrokarako eta antolakuntzarako espazio autonomo gisa garatzeko. LABek ordutik behin eta berriz aldarrikatu du langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko esparru propioaren beharra, burujabetzan urratsak egitea ezinbestekoa baita.


Argazkia: Unsplash, Josue Isai Ramos Figueroa

 

LABek ordutik behin eta berriz aldarrikatu du langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko esparru propioaren beharra, burujabetzan urratsak egitea ezinbestekoa baita. Langileon egunerokoarekin konektatzen duen aldarria da, ditugun arazo ugariekin: prezioen garestitzea, etxebizitza gastuak; jatorriaren eta azalaren koloreagatiko eskubide urraketak; osasungintzako itxaron zerrendak; pentsio duin batera iritsi ezina; enplegua galtzeko beldurra, diskriminazioa, prekaritatea, eta beste hamaika korapilo.

Kapital errenten eta langileon errenten artean aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa da eta langileon artean ere arrakala eta desberdintasunak gero eta nabarmenagoak dira. Emakumeak* gara, gazteak, langile migratu eta arrazializatuak edo aniztasun funtzionala dutenak egoera prekarioena dugunak. Zerbitzu publikoak eraisten eta lan harreman eredu gero eta prekarioagoa sustatzen ari diren honetan, kezkarako arrazoiak baditugu.

Lan harremanen prekarizazio prozesua Europak agindu eta Espainiako zein Frantziako Estatuan bezala, Euskal Herrian ere ezarritako araudi eta funtzionatzeko moldeen ondorioa da. Batetik, kapital multinazionalei atea irekitzen zaie negozioa egin dezaten langileon prekarizazioaren kontura. Interesen arabera datoz eta doaz, lantokiak itxi eta jarduera beste herrialde batzuetara eramanez.

 

«Lan eta bizi baldintzak hemen erabakitzeak tresnak ematen dizkigu, hari matazak askatuz, bestelako agertoki bat marrazteko»

 

Desregularizazioak bidea errazten die. Bestetik, Estatuetatik inposatutako erreformak daude: Ipar Euskal Herrian eragina izan dute Frantziako Estatuan 90eko hamarkadaz geroztik sustatutako erreforma antisozialek; zer esanik ez, azken urteetako erretreta eta langabezia asegurantza erreformek, greba orokorrekin erantzun izan ditugunak. Hego Euskal Herrian, berriz, 2010-2013 urteen artean Zapateroren eta Raxoiren Gobernuek bultzatu zituzten erreformek eragin izugarria izan dute bai pentsioetan, bai lan harreman ereduan.

Estatalizazioarekin batera, prekarizazio prozesua ere bizkortu egin zen. Sindikatu subiranistek erreforma larri haiei greba eta borrokaren bidez erantzun genien, ez ordea, estatalek. Erreformen aurretik negoziazio kolektiboa lan harremanetarako euskal esparruan zutabe garrantzitsuena izan zen. Erreformen ondorioz, ordea, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua garatzeari mugak ezarri zitzaizkion, negoziazio kolektiboa ahuldu baitzen. Gainera, lan harremanen markoa aldatzeak bazuen beste asmo bat, euskal sindikalismoaren borrokarako eta eragiteko gaitasuna apaltzea.

Lan harremanak desarautzeak izan zuen hirugarren ondorio argi bat, negoziazio kolektibotik kanpo, antolatzeko eta euren lan baldintzak negoziatzeko eta borrokatzeko aukerarik gabe izatea langile gero eta gehiago. Ultraaktibitatea urtebetera mugatzeak, eta Estatuko hitzarmenak herrialdekoen edo autonomia erkidegokoen gainetik jartzeak ekarri zuen ordura arte bertako hitzarmenak zituzten langile askori Estatuko hitzarmenak aplikatzen hastea. Lan baldintza duinagoak izatetik prekarizatzera.

 

«2024an, sindikatu subiraniston borroka eta aldarrikapenen eraginez, legez berreskuratzea lortu genuen bertako hitzarmenen lehentasuna»

 

Ipar Hegoa fundazioak botere sindikalari buruz aurkeztutako «Ikusmiran 19» txostenaren arabera, urtebetean, 2013tik 2014ra, Hego Euskal Herrian Estatuko hitzarmena aplikatzen zitzaien langileak %21,60 izatetik %32 26 izatera pasatu ziren. 2017an bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzeko lanbideen arteko akordioa izenpetu genuen ordezkaritza handieneko lau sindikatuok patronalarekin, estatalizazio prozesuari mugak jarri eta lan harremanak bertara hurbiltzeko helburuarekin; ondoren, 2024an, sindikatu subiraniston borroka eta aldarrikapenen eraginez, legez berreskuratzea lortu genuen bertako hitzarmenen lehentasuna.

Aldaketa horiek estatalizazioaren aurkako borroka indartzeko mugarri garrantzitsuak izan dira. Esku artean ditugun azken datuen arabera, 2023an langileen %29,60ren lan baldintzak arautzen ziren hitzarmen estatalen bidez. Oraindik 2013 aurreko datuetara iritsi ez bagara ere, 2014koak hobetzea lortu dugu.

 

«Euskal langileon egoera hobetzeko ezinbestekoa da marko juridiko-politikoa gainditzea»

 

Ez da bide samurra izan. Zenbat greba, borroka eta eztabaida. Aurrera begira ere bide luzea geratzen zaigu egiteko, euskal esparrua osorik garatu arte, bertako hitzarmenen defentsan borrokak pizten eta estatalizazioari mugak jartzen; hitzarmen propioen alde, estatalizaturiko eremuak hona ekartzeko borrokak aktibatzen; eta nola ez, gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko indar guztia jartzen, bertako eskumenen baitan lanbideen arteko akordio baten bidez −dagokion ardura hartzeari prepotentzia osoz uko egin nahi dion patronala negoziatzera eser dadin− edota eskumen berriak eskuratzeko herri ekimen legegilea bultzatuz.

Euskal langileon egoera hobetzeko ezinbestekoa da marko juridiko-politikoa gainditzea. Horretarako Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta erabakitzeko eskubidea aintzatestearen alde lanean jarraitzen dugu, herri honen askapen nazionalean eta langile klasearen askapen sozialean gure onena ematen, posible denaren mugak zabalduz.

Olatu erreakzionarioari aurre egiteko hauxe da gure errezeta: kontrabotere sindikalismoa, independentista, feminista, antirrazista, ekosozialista. Euskal sindikalismo eraldatzailea.