Argazkia / UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitala
Belaunaldi batzuk badoaz, eta beste batzuk badatoz. Hori da bizitzaren joera naturala. Eta baita herrien historiena ere. Gure pribilegioa da, egun hauetan sentitu dezakegun hutsunearen kontrara, asko emanda eta asko utzita doala frankismoaren ilunetan herri hau eraikitzearen erronkari heldu zion belaunaldia. Badugula zeri heldu, haiek egin bezala, herri hau, hizkuntza hau, kultura hau... biziberritzen jarraitzeko. Besteak beste, Joan Marirengan aurki dezakegu arnas luzeko begirada pausatu eta zorrotza. Hutsune bat baino, urratzen jarraitzeko hasitako bide bat utzi baitigute.
Munduan ez gara nazio txiki bat besterik. Bi estaturen menpe, munduko mapan oraingoz tokirik ere ez duen herria. Euskaldun izateak nahitaez dakar bizirauteko lan nekez betierekoa. Eta horretarako; herrigintza, borondatezko lana eta auzolana dira oinarrizko lanabesak. Joan Marik ongi ikasia zuen lezioa da hori, eta horrela deskribatu zuen 2016an Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpenean: “Herri ekimenak ikaragarri dezake, kudeaketa on batez lagundurik. Daukagun hoberentsuena, herri ekimenari, lan eta elkarlan kolektiboari, hizkuntza komunitate aktibo eta konprometituari, hein handi batean, zor diogulakoan nago”.
«Euskaldun izateak nahitaez dakar bizirauteko lan nekez betierekoa.»
Lezio hori guri ere baliagarria zaigu gure garaiko erronka berriei heltzeko. Nekazaritza iraultzaren eta iraultza industrialaren ostean, hirugarren iraultza baten aurrean gaude: komunikazio iraultza. 2025-rako mundu osoan zabalduta egotea aurreikusten den 5G-aren sarrera salto erabakigarria izango da prozesu kulturaletan eta nazioen birsortzean audiobisualek izango duten eragina biderkatzerako orduan. Margaret Thatcher-ek bere garaian esandako “Ekonomia metodoa besterik ez da; helburu nagusia bihotzak eta arimak aldatzea da” esaldiari gaurkotasun ikaragarria ematen dio honek. Gure bihotz eta arimek euskaraz amestu, maitatu eta pentsatu dezaten kultur sistema sendo bat beharko dugu nahitaez. Eta baita, komunikazio egitura propioak eta garai honetara egokituak ere.
Ez bagara gai politika komunikatibo eta kulturalak birpentsatu eta egokitzeko nazio txikiak galtzear egongo gara. Azken 5 mendeetan, 10.000-11.000 hizkuntzetatik ia erdiak desagertu dira. %80 XIX.mendearen erditik aurrera. Hainbat ikerketen arabera, ezer egin ezean, 250-500 geratuko dira XXI.mendearen amaieran. Beraz, inoiz baino gehiago, komunikazio eta kultur-sistema sendoak izatea beharrezkoa izango da nazioek eta nazio identitateek iraungo badute. Are gehiago, estaturik ez dugun nazioen kasuan.
«Azken 5 mendeetan, 10.000-11.000 hizkuntzetatik ia erdiak desagertu dira. %80 XIX.mendearen erditik aurrera. Hainbat ikerketen arabera, ezer egin ezean, 250-500 geratuko dira XXI.mendearen amaieran.»
Orain gutxi, beste Joan Mari batek, oraingoan Larrartek, Telesforo Monzon Elab-entzat idatzitako Kulturatik ere Euskal Herria helburu artikuluan bidegurutze batean gaudela azaldu zuen: “Herri izaera propio horri eutsi nahian, euskarak eta euskal kulturak ibilbide handia egin dute pasa den mendeko 60ko hamarkadatik hona. Desagertze bidean zen hizkuntza biziberritu eta kultura modernizatzeko, ezinbestekoa izan zen herri ekimena. (...) Garaiak asko aldatu dira, eta berriro gaude mundua aldatuko den egoera batean; berriz, gure hizkuntza eta gure kultura bidean gera ez daitezen, berriro saiatu beharko dugu garai berrietara egokitu eta egoerak behar duen antolaketa eta tresnak pentsatzen”.
Kulturarik gabe ez dago naziorik. Halaber, komunikazio sistema sendorik gabe ez dago naziorik. Are gutxiago etorkizunean. Eider Rodriguezek Jakinen 215-216 alean ongi adierazi bezala: “Kultura ondasun bat da, baina ez zaio tratu hori eskaintzen. Kultura eskubide bat da, baina kapritxo bat dirudi. Ez dago kulturarik gabeko herririk. Kulturarik gabe ez dago herririk” edo Joan Mari Torrealdaik 2016an emandako hitzaldi hartan deskribatu bezala: “Hizkuntzak ezin dira kulturetatik bereizi. Hizkuntza ezin da bere herritik bereizi”.
Herri edo komunitate bati eusteko bermea da kultura, beraz. Ximun Fuchsek Berrian idatzitako Aitzen ama artikuluan honela zion: “Gure artea, gure komunitatearen existentzia beraren bermea da (...) Gure komunitatea irriz ari da, edo negarrez, harritzen da, bizi da. Gure irudimena aberasten dugu. Komunitatea osatzen eta ureztatzen dugu”. Aldi berean, Euskal Herriaren berreuskalduntzean bidea egiteko bitarteko nagusienetariko bat ere bada kultura. Iratxe Retolazak Berrian idatzitako Neurrigintza artikuluan horretan transmisioak duen garrantzia mahaigaineratu zuen: “Zail egiten zait kultur-transmisiorik gabeko hizkuntza-transmisio sendorik irudikatzea. Zail egiten zait kultur ohiturak eraldatzeko egitasmorik gabe hizkuntza-ohiturak eraldatuko direla irudikatzea”.
«Joan Mari Torrealdaik eta bere belaunaldikoek zuten erronka bera dugu esku artean: Euskal Herriari kultur eta komunikazio sistema sendo bat ematea.»
Inoiz baino gehiago, komunikazio sistema propio bat izatea ere nazio bati eusteko bermea izango da datozen garaietan. Nazio-estatuak ekonomiaren, politikaren eta komunikazioaren bidez eraiki izan dira, batez ere. Frantziar nazioaren eraikuntza prozesua, esaterako, ez dago ulertzerik hezkuntzaren eta komunikabideen funtzioa kontuan izan gabe. Etorkizunean prentsa, irratia eta telebista beharrezkoak izango badira ere, aintzat hartu behar dugu komunikabideen merkatua asko aniztu dela. Orain 20 urte 5-6 telebista kate bagenituen (horietariko 1 euskaraz), gaur 100dik gora kate ditugu eskuragarri. Orain 20 urte etxeko sukaldea eta gertuko sozializazio eremuak baziren identitatea sortzeko esparru nagusiak, gaur klik batek munduaren beste puntaraino garamatza pantaila baten bidez. Esan bezala, honek guztiak nazio identitateen birsortzea goitik behera baldintzatzen du. Eta aurrerantzean, are eta gehiago baldintzatuko du.
Joan Mari Torrealdaik eta bere belaunaldikoek zuten erronka bera dugu esku artean: Euskal Herriari kultur eta komunikazio sistema sendo bat ematea. Erronka bera 5G-ak mundua hankaz gora jarriko duen garaietan. Hauek dira guri egokitutako garaiak. Ez zailagoak, ez errazagoak. Aurrekoen ondaretik abiatuta, beste behin ere, ezinezkoa dena egi bilakatzea da dagokiguna. Joan Marik esango lukeen bezala: “Ezina ekinez egina”.