SINADURAK

Arantza Vazquez

LABeko zeharlerroetako arduraduna

Kapitala Hautsi Bizitzari Eutsi

2020-04-15

Krisi batean gaudela argi dago, baina krisi hau batzuen mesedetan dagoela bistan da ere. Honen aitzakipean,  sistema kapitalista heteropatriarkalak bere interesak defendatzen eta inposatzen jarraitzen du eta, nola ez,  Instituzio eta patronalaren elkarlana eta aliantzarekin egiten ari da, bizitza kapitala gatazka agerian utziz.


 

Hau guztia ez da berria guretzat. 2008an gure aukeren gainetik bizi ginela esan ziguten eta gure lan baldintzak, eskubide sozialak eta zerbitzu publikoak, murriztu zizkiguten, bizitzaren prekarizazio basati bat emanez, lanaren eta aberastasunaren banaketaren arrakala handituz eta  pobrezia, desberdinkeria, arrazakeria eta diskriminazioa areagotuz. 

Oraingoan ere, oinarrizko jarduera ekonomikoa ez den guztia eten egin behar dela aldarrikatu eta exijitu dugu, baina osasun krisia baliatzen ari dira euren negozioak, gutxi batzuen negozioak, gure osasunaren gainetik irabaziak egiten  jarraitzeko. Gure bizitzak zuzenean erasotzen ari dira. Eta hau oso larria da. 

Agerian gelditu da bizitzak zeintzuk sostengatzen ditugun eta oso agerian gelditu da ere  lanaren banaketa sexuala ematen dela. Ez da kasualitatea zaintza lan guztiak modu prekario batean ematea, inoiz ez direlako ez sozialki ez politikoki ez ekonomikoki aitortuak izan. Eta orain gure lanak, emakumeok egiten ditugun lanak, ezinbestekoak direla begi-bistakoa denean, ez dira hartu beharreko neurriak hartzen. 

Funtsezkoa ez dena eten behar dugu eta funtsezkoa dena babestu. Segurtasun neurriak oinarrizkoak eta funtsezkoak diren lan guztietara iritsi behar dira. Ez dira ari neurririk hartzen langileen osasuna babesteko, eta bakarren bat hartu denean, berandu eta langileekin adostu gabe hartu da. 

Milaka emakume lan merkatutik kanporatuak izan gara, sistemarentzat oso erreza izan delako. Guri ERTEak, kaleraratzeak edo kontratuak etetea oso erraza egin zaie. Gu baikinen lan baldintza okerrenak genituenak: jardunaldi partzialak, behin-behineko kontratuak, azpikontratetan dihardugunak, kontziliazio neurriak ditugunak,...gure osasuna eta gure ingurukoena arriskuan jartzen dugu egunero soldata eta lan baldintza oso kaskarrengatik. Eta zer esanik ez eskubiderik ez duten etxeko langileen egoeraz: arrazismoa, disponibilitate  amaigabea, langabezia prestaziorako eskubiderik ez, kontratua aldebakartasunez etetea eta etxe kaleratzeak. 

 

Eta horrekin nahikoa izango ez bagenu, etxeko lanaz ere arduratzea inposatu digute

Egun hauetan, asko ikasten ari garela esaten ari zaizkigu, egoera honek asko irakatsiko digula, baina erakusten ari zaizkiguna dira sistema basati honen hortzak. Ez dezagun egoera hau idealizatu. Ez dugu uste etxean giltzapeturik dauden etxeko langileei, oinarrizko zerbitzuak eta bizi baldintzak asetuak ez dituzten langileei, indarkeria matxista jasaten ari direnei edo zaintza lanak egitera behartu gaituzten emakumeoi sistema honen krudeltasunaz aparte beste ezer erakusten ari zizkigunik. 

Sistema honekin ez dugu ezer egiterik, has gaitezen gure aldarrikapenak adosten eta borrokatzen eta  sistema justuago bat eraikitzen, non lan baldintza eta  eskubide sozial duinak, zaintza sistema publiko bat eta zerbitzu publiko indartsuak izango ditugun. Emakumeon eta jendarte osoaren errealitatea eraldatzeko aukerak eta tresnak sortu behar ditugu. Inoiz baino premiazkoagoa da kapitala haustea eta gure bizitzak erdigunean jartzea. 

Oinarrizko zerbitzuak deitzen ditugun horiek (ezinbestekoak, egia esan) baloratuko ditugu aurrerago? Hau da, soldata, baldintza eta merezi duten aitortza emanez? Hain beharrezkoak diren zerbitzu publikoak (batez ere, osasungintza) garatuko, mantenduko eta indartuko ditugu? Hau da, aurrekontuak handituko dira horretarako?

Zaintza lanak bizitza sostengatzeko ezinbestekoak direla eta bizitzaren alde egiten dugula esaten dugunean, etxeko langileek eskubideak izango dituztela esan nahi dugu? Horretarako erregularizazio masibo baten alde egingo dugu borroka? Baina, aldi berean, zaintza lanak guztion lana bada...Zer egingo dugu hori banatzeko? Lanaldiak murrizteko modu orokorrean prest gaude? Lana, enplegua eta aberastasuna banatuko dugu? Nola?

Politika fiskalak jarriko ditugu martxan aberatsak ez daitezen are gehiago aberastu? Eta bizitzak erdigunean jarriko ditugunean... guztion bizitzak izango dira? Nola egingo dugu ez izateko, betiko moduan, gutxi batzuenak?

Aurrean ditugun erronkak ez dira gutxi. Has gaitezen elkarrekin eta elkarlanean galdera horiei erantzuten, ea eraiki nahi dugunak amesten dugunaren antza duen.