Gatazka baten gori-gorian etorri ginen gazte erakundera, eta argi genuen nor ginen, noren alde geunden eta bizpahiru ideia horiekin aski genuen pentsamendu bat osatzen hasteko.
Hori bai, norbera bere izerdi eta kontzientziaren jabe, Jarraiko militante bezala ikasitako irakaspen batzuk papereratzea, gazte mugimenduaren inguruan izandako eztabaida haien inguruko oroitzak freskatzea, eta aurrera begirako bizpahiru arrasto marraztea, sikera horretarako, asmoa badut. Asmo xumea, maila batean ortopedikoa. Nire ezinak aitortuz eta esperientziak gidari hartuz, ondoren horretan ahaleginduko naiz bada.
Hasteko, 1985. urtean Bergarako Jarraiko taldea hartuko dut abiapuntu. Orduan hasi ginen militatzen. Eta gogoan izan nahi dut, erantziezin diren jantziak baitira niretzat, herrira Jarraiko lehen arduraduna azaldu zenekoa. Xabier Kalparsoro zumaiarra zen, apasionatua, tarteka kaotikoa, sortzailea beti, eusko gudaria, polizia espainolak hildakoa. Eskualdeko arduradun Susana Arregi txantxikuarra zen, Guardia Zibilak Irunberrin hildako eusko gudaria ere. Gure belaunaldikoek ez genuen asko ezagutu, baina haren ausentzia beti izan zen gure eskualdeko batzarretako presentzia. Gogora ekarri ditut Jarraiko militante gisa nire bizitza aztarnatu zuten bi kideon memoria lehen aitorpen bat egiteko: Gu ez ginen antolatu gazte problematika, bizi eredu alternatibo, gazte botere eta gisako akuiluek xaxatuta. Ez zen gazte langabezia edo etxebizitzaren arazoak, esate baterako, inporta ez zitzaigula, ez. Gure eskualdean gainera lana bazegoen, enpresak, kooperatibak, diru pixkat mugitzen zuen gazte jendeak, eta ez ziren problematika horiek, marginatu sozialek, sektorialak ziren gaien txinparta izan gugan konpromiso politikoaren sutea piztu zutenak.
Euskaldun ginen, abertzale, gure aberria askatzeko prest, presoak askatzeko, ETAren alde, oihukatzen genuen gogobihotz manifetan. Munduan zerua asaltoz hartzeko ahalegin franko zeuden eta, beste toki askotan bezala, gurean ere, makina bat ziren beren urte gazteak sakrifikatzeko prest zeudenak, eta galdera berdinak mailukatzen gintuen: nondik ateratzen zuten indarra eta kuraia horretarako? Berun urteak ziren, gatazka baten gori-gorian etorri ginen gazte erakundera, eta argi genuen nor ginen, noren alde geunden eta bizpahiru ideia horiekin aski genuen pentsamendu bat osatzen hasteko, oinarriak sinple baina garapenerako aukeraz beterikoak bait ziren, mundu ikuskera eman ziguten. Den-dena. Izan ginena, garena eta izango garena. Historia bat, errentabilizatu behar dena sekula ez amortizatutzat eman. Memoria bat, jarrera bat, biziborrokarako baliabideak.
Garai hartan gehiengoa ginen, gazte jende askoz gehiago zegoen, populazioaren piramidea orekatuagoa zen, egun, piramidearen oinarria edadetuagoa da. Zenbakiek, hortaz, axola dute hemen.
Ez dut maite nostalgia. Aurkitzen diodan abantaila bakarra orduan garagardoa merkeagoa zela da. Eta ez dut iragan denboren distirarekin inor itsutu bahi. Besteak beste, etorkizuneko argia handik ez datorrelako.
Baina jarraitu baino lehen bi elementu aipatu nahi nituzke. Bata, gazte mugimenduari begira, garai hartako abantaila konpetitiboa da. Hots, gehiago ginela, gazte jende askoz gehiago zegoela, populazioaren piramidea orekatuagoa zela, egun, piramidearen oinarria edadetuagoa dela. Ez dut esaten baby boom batetakoak izan ginela, ez baita zehatz-zehatza hori esatea, baina bai, egun, orduan baino herri adinduagoa dugula, gazte gutxiago ikusten dela kaleetan eta horrek, dudik ez, inpaktu bat duela, bisibilitate gutxiago dago… Zenbakiek, hortaz, axola dute hemen. Bestalde, egungo gazteen bizitzen, lagungiro, pentsamendu eta abarren luzapen digitala aipatu nahi dut. Iraultza gertatu da hemen, bizitzaren dimentsio berria dago, lagunartea, zaletasunak, kontaktuak… sarritan, unibertso digitalean ematen dira. Gure garaian ez zen halakorik. Kalezakurrago ginelakoan nago.
Jarrai antolakunde politikoa izan da. Politikaren ulermen bat, oinarri teorikoak, filosofikoak, hori guzti hori landu egiten zen. Euskal Herriko historia, marxismoaren fundamentoak, ETAren historia, KAS blokearen korpusa, gazte problematiken inguruko posizio politikoak… Jarraira sartzeko horiek hartu egin behar ziren, aurremilitantzia mahaien formatuan, ahal zen neurrian barneratu, egokitu…. Eta lehenago aipatu bezala, horrek eman zigun ainguratze bat, aurrerantzean tatuatuta eramango genituen gako edo funtsak.
Jarrain euskal gazte mugimenduaren definizio oso ezberdinak izan dira, ia-ia bata eta bere aurkako erreferentzia baliagarri izan ditugu.
Motz-motz, batzuk aipatzearren, Euskal Herria dugula abiapuntu eta helburu. Kontraesan printzipal eta bigarren mailakoak daudela, eta gure herrian, printzipaletan printzipalena gure nazioaren askapena dugula, klase borrokak Euskal Herrian hartzen duen forma. Hori dela gure estrategiaren iparra eta bigarren mailakoak direnak ezin direla azken bataila balira hartu. Ikasi genuen gazte mugimiendua dela gure existentziaren arrazoia, baina gazte mugimenduak ez duela esanahi unibokoa, «askatasuna» edo «demokrazia» bezala, esanahia eman egin behar zaiola, zentzuz bete, norabide bat eskaini.
Izan ere, Jarrain euskal gazte mugimenduaren definizio oso ezberdinak izan dira, ia-ia bata eta bere aurkakoa erreferentzia baliagarria izan ditugu. Hots, koadro eta abangoardiazkoa zen gazte erakundearen orbitan grabitatzen zuen nazio mailako masazko gazte erakundeen konstelaziotik, eta hazi horren fruitu izan daitezke Ikasle Abertzaleak edo Kimuak (–haur mugimendurako nazio erakundea, nahiz eta akats politikoa izan zen, alegia, gazte edo langile mugimendua gauza bat dira, haur mugimendu batekin ezin bateragarriak, konparagarriak, haurrak daudelako tartean, ezin dira mugimendu bateko partaide irudikatu, pankarta baten atzean dabilen beste mugimendu baten pareko egin–), beren burua euskaldun, abertzale eta kolektiboki lan egiteko prest dauden gazte adierazpideen unibertsoraino, hots, futbol animazio taldeetatik (Herri Norte, Indar Gorri, Peña Mujika…) eszena alternatiboan dabiltza gazteen adierazpideraino. Gazte mugimendua, definizioa baino, intuizio kontua da, lana serio eta barra-barra eginda unean uneko apostuak….
Jakina, gazte problematika hor dago, eta horri erantzun bat eman behar zaio, posizio bat landu, diskurtsoa, jarrera… jakinda ez daukala erabateko soluziorik, etengabeko lanketa bat baizik. Problematika bat dago problematika asko eta askotarikoak barnebiltzen dituena. Problematika horren aurrean, Jarraik bere erabilgarritasuna frogatzea, erakustea beti izan du helburu, ia-ia obsesio. Beti egon da eztabaidan, kezketan, beti izan genuen larrimin hori: ea gure ekintzaren frekuentzia ondo hartzen zen, ea ez ote ginen OMn emititzen ari eta gazte jendea FMn hartzaile.
Eta egiari egia zor, batzuetan hala izan zen. Gure garaian soldadutza, drogak eta irakaskuntza ziren gai "izarrak". Guk ez genuen bultzatu kontzientzia eragozpena, ezta intsumisioa bere ere. Guk genion euskal kulturak onartutako drogak gauza bat zirela, argi berdea izan zezakeena, eta oso bestelakoa, euskal kulturak onartzen ez zituenak, argi gorria merezi zutenak, aurkakotasun erabatekoa. Guk egin genuen ikasle koordinadoren alde, handik sortu zen gero Ikasle Abertzaleak, eta garai batean oso aurkakoak ginen Ikasle Sindikatuaren aurrean, espainol ikusten genituelako, espainiartutako klase diskurtso baten jabe. Baina gure posizioak ez ziren beti bat etorri gazte mugimienduaren garapenarekin. Batzuetan bai, besteetan ez. Soldadutzan ez. Eta gure jarrera politikoa, «milia miliekin» bezala ezagutu zena, aldatu genuen, kostata eta autokritika publikoa eginez. Gure kapital osoa jarri genuen gero intsumisioaren borrokan eta, bistan da, altxatu zen olatu hartan gure ekarria ez zela nolanahikoa izan. Drogekin, beste horrenbeste. Gure posizio haiek ez ziren zutik mantentzen. Zorte gehiago izan genuen ikasle mugimenduarekin.
Jarrairen V. Biltzarrean ordura arteko definizioak aldatu genituen, beldurrik gabe. [...] Parametro argi eta funtsezkoak finkatu genituen: gazte erakunde euskalduna, abertzalea, kolektiboki lan egiten duena, ezker abertzalearen programa taktikoarekin bat egiten duen orori ateak irekiko dizkiona.
Egun, noraezean dabilela gazte erakundea entzun izan dut. Krisian dagoela, nondik eta norantz jo ezin asmatuta. Ez dagokit niri hori hala den ala ez epaitzea. Soilik gogoratu nahi dut Jarraik ere diren eta ez diren krisietatik pasatuta dela. Krisi latz-latzak benetan. Ezagutu dugula gazte erakundea ia jenderik gabe, bere posizio sektorialak erabat kuestionatuta zituela, gazte mugimenduaren definizio zurrun bati eskuak lotuta. Pentsa, hain zen etxe barruan, ezker abertzalearen baitan, Jarraiekiko kuestionamendua handia, ze HBren gazteriak, alderdiaren gazte erakundearen proposamena eta lehen urratsak ezagutu genituela. Bere izen, logotipo eta abarrekin, etxe barrutik bertatik, piperrik ere ez zen ematen Jarrairen alde, amortizatutzat eman gintuzten. Eta betiko formulari lotu gintzaizkion: lana serio eta barra-barra eginez, buelta eman genion, gero aipatuko dudan bezala.
Krisia eta aldaketa dira existentzaren oinarrizko forma. Ezker abertzalean, estrategia politiko-militarra gidari zela, makina bat krisi, eta galanta askoak ezagututakoak gara. Bi aipatzearren, 89koa eta 92koa aipatuko ditut. Larogeigarren hamarkadan negoziazioa zen giltza, negoziazioaz lortuko genuen lurraldetasuna, presoak askatzea, nazio estatutu berria…. eta hartara, arraultz guzti-guztiak jarri behar ziren otra horretan. Arjelgo negoziazioaren saioa eta gero, umezurtz geratu ginen, negoziatzera eseri genituen eta handik ez zen etorri mirakulurik. Gainera, hutsune sentsazio hori areagotzeko, 89an bertan Berlingo harresia erori zen, mundu ikuskera oso bat umezurtz utziz, emotiboki langileen edo komunismoaren aldeko borrokaren porrot historiko baten zapore mingotsa ekarriz. Jarrai larri ibili zen orduan. Eskerrak, Baltikoan, Balkanetan eta, independentziaren olatua altxatu eta Bai Independentziari taulan surfeatuz aurrera egin genuela, esperantza guztiak 92ko urtean jarriz. Orduan hartuko omen genuen berriz eta indarberriturik negoziazio mahaira doan autopista. Horretarako, Bartzelonako Olinpiadak eta Sevillako Expoa eta abarrek aukeren leihoa irekitzen omen zigun… baina kia! 92ko martxoan Bidarteko erorketa etorri zen eta, politikoki eta psikologikoki, gertatu ezin zitekeena gertatu zen, gordin-gordin. Hura zen krisia, hura!
Eta krisi betean, ausart, jarreraz, Jarraik V. Biltzarra egin zuen. Ordurarteko definizioak aldatu genituen, beldurrik gabe. Lehenago soldadutzaren inguruko posizio aldaketarekin eta Kimuak-en desagerpenarekin bezala, ez genuen beldurrik izan, abangoardiazko eta koadrozko erakunde marxista baten estatutuak aldatzeko, Jarrairekiko ortodoxiarekiko entronke edo ahaidetza ideologikoa lehenesten zuen gazte mugimenduaren inguruko posizioa ere aldatu genuen. Parametro argi eta funtsezkoak finkatu genituen (gazte erakunde euskalduna, abertzalea, kolektiboki lan egiten duena, ezker abertzalearen programa taktikoarekin bat datorren orori ateak irekiko dizkiona…), parametro berri horiek zedarritzen zuten joko-zelaian aritu nahi zuen gazte orori ateak ireki zizkien Jarraik, koadrozkoa zena masazkoa ere eginez, erakunde zena mugimendu, eta apurka-apurka lan egiten hasi ginen. Serio, jarreraz, intuizioz, kokildu barik, politika orokorrean eraginez, publikoki txupinazoak botaz, aparteko teorizazio edo txostengintzarik gabe.
Kale borrokarena estrategia politiko-militar baten argitara aztertu behar da, honen huts eta hutsuneak betetzetik, behar eta exijentziei erantzun bat ematetik, ez gazte problematikaren begietatik.
Normalean ospatzen ez den urtemuga izan arren, XV. urtemuga ospatu ospatu genuen Etxarri-Aranatzen, Beratik Baigorrira lehen mendi martxa, aktualitate politikoan eragiten genuen, gerora Repsol edo Bilboko Portuaren buru, edo ETBko kazetari izan izan diren EGIko arduradunekin harreman "normala" genuen, nazioarteko lagunak eta musika taldeak ekartzen genituen, interesatzen zitzaizkingun Euskal Hintxak, Matxinada edo "Jarrai borrokarako gay" dinamika, gazteen formakuntzarako eskolak antolatzea, eta dozenaka beste kontu. Oinarri bat jarri genuelakoan nago, garapenerako ekuazio politiko sinplea, funtzionatu zuten erreferentziak, gauza batzuk ondo eta beste batzuk gaizki, baina antolakunde bezala, ateak zabalik zituen eskaintza erakargarria, serioa eta politikoa eraiki genuelakoan nago. Gazte problematikak landu eta gazte mugimendua egituratu, hori genuen xede. Ez genuen erabat gauzatu, normala denez, baina ezker abertzalearen gazte erakunde bezala, txanpa politan kokatu ginen.
Itsasoak hondarretaratzen dituen olatu berdinak, igualak ez diren bezala, gazte mugimenduaren garapena ez da lineala. Gorabeheratsua da oso, sarritan puri-puri eta bestetan basamortu. Olatuekin esplikatu izan da batzuetan, hots, 80. hamarkadako ikasle mugimendu eta manifa handi haien olatua; RRV bezala ezagutu zen eztanda frenetikoarena, bere gaztetxe, irrati libre, fanzine, festi, prozesio ateo eta milaka adierazpideekin; intsumisioarena gero, Europa mailan sekula egon ez diren zenbaki eta dimentsioa izan zuena; eta, azker, oker, oso oker, kale borrokarena. Ez dut uste, inolaz ere, kale borrokaren egia gazte mugimenduaren aldeko inbertsio batena dela. Hor ez datza egia. Kale borrokarena estrategia politiko-militar baten argitara aztertu behar da, honen huts eta hutsuneak betetzetik, behar eta exijentziei erantzun bat ematetik, ez gazte problematikaren begietatik. Baina bistan da, fenomeno politiko gisa, kale borrokak ehunka, milaka gazte aztarnatu eta harrapatu dituela, batzuetan bizitza osorako, eta dudarik gabe, larrutik ordaindu da. Esperientzien transmisioaren zilbor-hesteak moztu ziren, gazte mugimenduan eragiteko gutxieneko baldintzak desagertu, eta, dudik ez, bai gazte erakundearen garapenean eta baita gazte mugimenduaren geroan ere, lehen mailako faktore desestabilizatzailea izan zen.
Iraganean ez dago etorkizunaren argia, Jarrairen historian ez dago XXI. mendeko gazte erakundearen oinarria. [...] Historia ezagutu, errentabilizatu, sekula ez amortizatu, baina ez lotu haren korapiloetara. Eskola zaharreko irakasgaiak jarraitu.
Eta aurrera begira zer? Ilea urdinduegia dugu galdera horri erantzuteko. Ez dugu formula magikorik, eta balego, ez genuke ontzat hartu beharko. Egungo militante gazteei dagokie, egungo garai petral eta dislokatuotara egokituz, erantzunak topatzea. Behin eta berriz saiatu, porrota hemen eta porrota han dastatuz, arrakastasua den ekuazioa finkatzea. Gomendioa libre, zera aipatuko nuke: iraganean ez dagoela etorkizunaren argia, Jarrairen historian ez dagoela XXI. mendeko gazte erakundearen oinarria, nostalgia barik aurrera begiratu eta apustua egin beharko dutela. Eta, jakina, apustua ez da errenta. Gazte mugimenduaren noranahiko eta nonahiko definizio baten xerka jardun baino, intuizioa lehenetsi, arriskatu, sortu dinamika eta polemika, bota pinue! Historia ezagutu, errentabilizatu, sekula ez amortizatu, baina ez lotu haren korapiloetara. Eskola zaharreko irakasgaiak jarraitu: krontraesan printzipala eta bigarren mailako klontraesanak ondo bereizi eta funtsezko funtsaren funtsean kontzentratu. Bazterreko edo exklusioan dauden errealitateak ezagutu, landu, baina ez egin ispilu bakar. Antolatu gazteak bere zabalkunde eta askotarikotasunean, antolatu haien talentua, errekasto ezberdineei bezala eman bidea erreka handiari, euskal gazteen gogoari. Jarrera ausarta izan, hitzegin arerioekin, herri honetako arduradunekin, eta desafioak bota beldur barik. Batzuetan purrustak purrustategi izango dituzue, baina besteetan txupinazo ederrak aterako dira eta, badakizue, txinpart txiki horietatik pizten dira gazte belaunialdi osoak aztarnazten dituzten sute ikaragarriak.
Gauza askoz ere gehiago aipatuko nituzke. Baina bego horretan. Honaino, beraz, esan beharrekoak. Ongi esanak ongi gorde, ze gaizki esandakoak ez dute gordelekurik izango.
Aberriari zentzu tragikoa kendu, eta bizi, aberria bizi beti!