SINADURAK

Edurne Benito del Valle Fernandez

Iratzar Fundazioko kidea

Iruditegi eta erresistentzia sinboliko berriak

2021-04-01

Sasoiko eta bizirik egotearen seinale omen da aldaketarako grina izatea, sistema goitik behera eraldatzearen beharra sentitzea. Hain zuzen ere, askotan gazteoi egotzi zaigun bertutea zera da: etorkizunaren hazia gugan dagoelakoan, iraultzaren funtsezko motore izatea.


Argazkia. Unsplash / Mika Baumeister

 

Agian ez da hainbesterako izango; agian askotariko subjektu politikoek birsortuko dugu mundu hau. Aitzitik, egia da jasotzen ditugun ezagutza eta ohiturei inkorformismotik begiratu eta gazteok bestelako perspektiba bat eman diezaiokegula eraldaketa prozesuei. Eta nago azken boladan euskal gazteriak oinordetzan jasotako lekukoa hautsi eta pieza berberekin bada ere, berreraikitzeko bidean dela. Zentzu horretan, egun bizi dugun euskal kantarien eta taldeen loraldia adierazgarria izan daiteke aipatutakoa aztertzeko.

Izan ere, kulturaren bidez gure identitatea adierazten dugu, eta herri imajinario komun bat sortzen da. Beraz, nortasuna eta kulturaren inguruan ari bagara, aldebiko harremana dago: musikak identitatea irudikatu ez ezik, identitatea eraikitzen du. Are, etengabean elikatzen den prozesua da.

Hala, euskal mugimendu kontrakulturalaren iruditegia modu zehatz batean ezaugarritu da urteetan zehar, eta musikaren baitan, rockak eta punkak ardaztu du identitate hori. Are gehiago, esango nuke, askorentzat euskal rock erradikala – etiketa hau oso maitatua ez izan arren –politizazio bide nagusia eta naturala izan dela.

 

"Musikak identitatea irudikatu ez ezik, identitatea eraikitzen du"

 

Baina gaur badirudi belaunaldien arteko eten baten zantzuak bizi ditugula; gero eta ohikoagoa baita, sustrai latino eta urbanoak dituzten euskal abeslariak aurkitzea. Euskal kultura bizirik mantentzen den seinale dira aldaketok; pozgarria, bederen. Izan ere, punkaren garaitik gaur egunera arte, Euskal Herriko zein munduko koiuntura erabat aldatu da, eta gazteok ardatz eta espazio ezberdinen bidez sozializatzen gara.

Finean, globalizazio bortitzaren garaietan, mundu likidoa bihurtu da gurea; indibidualizazioa erraietaraino sartu zaigu eta kontsumo gizartea erdigunean kokatu da. Aurrekoak euskal gazteengan eragin nabarmena izan du eta musikan antzeman daiteke. Horrela azaltzen da gaurko abestietan gai batzuen desplazamendua beste batzuen mesedetan: drogen presentzia areagotua, politika tradizionalarekiko urruntasuna, dibertsioaren garrantzia, umorea, etab.

Horrek ordea, ez du esan nahi hemendik aurrera alternatibarik ez dagoenik. Orobat, Kortaturen, La Pollaren edo Las Vulpesen seme-alabak gara, baina haien antzera errebeldia oinarri, gurasoen aurrean oldartu gara; neurri batean, geure aldarri eta borroka propioak testuingurura moldatu ditugu, gure identitate eta iruditegi propioa eraikiz.

Hain zuzen, jatorrian sektore txirotuenetatik sortutako doinuen influentzia jaso eta Euskal Herriratu dugu. Gazteon beharrak, arazoak eta desioak aldatu dira eta gaur gure problematiketatik abesten dugu, prekaritatetik, desengainutik, ironiatik, etab. Zer eta, ordena kolokan jarriz, zirikatuz eta sistemaren zentzugabekeria mahaigaineratuz.

 

"Esan daiteke, neurri batean, gure kultura hegemonikoaren eta staus quoaren kontrako erresistentzia sinboliko bat dela"

 

Askori, ordea, ez zai(zki)e estilo berri hau(ek) gustatuko; askok despolitizazio eta engainamendu falta nabaria sumatuko dute letretan. Eta egia da politizaziorako margen handia dagoela, eta ziur aski bide hori ere urratu beharko genukeela; ematen ari den iruditeria aldaketa ez genuke gutxietsi beharko, ordea. Haimaka kontraesan suposatuko dizkigu horrek, baina horiek gainditzen joango gara, beste tentsio berri batzuk agertu arte; horrela mantentzen baita bizirik kultura eta herri bat.