SINADURAK

Zorion Ortigosa

LABeko Industria Federazioko ordezkaria

Industria politika burujabearen beharraz

2021-09-13

“Industria politikarik onena existitzen ez dena da” esan omen zuen X jauna buru zuen Espainiako Gobernuko Industria Ministroak. Aldarri neoliberal horrek norabidetu du urte luzez Hego Euskal Herrian instituzioen industria politika. Ipar Euskal Herrian ez dute horrelako arazorik izan: Frantziak erabaki zuen ez zegokiola industria garatzea.


Argazkia. Unsplash / Ant Rozetsky

 

Hego Euskal Herrian ministro hark esandakoa aplikatu izan da urteetan zehar: industria sarearen desagerpena nabarmena izan da geroztik: azken hamarkadan Barne Produktu Gordinean %4 murriztu da industriaren pisua, esaterako. Enpleguaren defentsan langileak kalean borrokan ikusi ditugu azken hilabeteetan: lege, gobernu, enpresari eta poliziaren erasoei aurre eginez. Lan erreforma  enplegua bidegabeki suntsitu eta lan baldintzak okertzeko makina da.

 

«Martxa honetan  industriaren prekarizazio prozesua izango da, azkenerako, emakumeei industriarako sarbidea erraztuko diena.»

 

Geure agintariek industriaren bikaintasunari gorazarre egiten dioten bitartean, enpresen teknologia maila gehienbat baxua eta ertaina da, eta geroz eta enpresa gehiago kanpoko inbertsio funtsen esku daude, horietako asko diru publikoarekin sortu eta hazitakoak. Ezinaren eta borondate ezaren fruituak dira jaso ditugunak.

Zeintzuk izan dira instituzioen ekimenez Euskal Herrian azken 20 urteetan sortu diren enpresa traktoreak? Ez da horrelakorik. Oinarrizkoak izan diren sektoreak zaharkitzen hasi eta ordezkorik ez da ikusten.

Munduko hiritar omen garen mundu globalizatu honetan, ez erratu, gauza batzuk ez dira aldatu; erabakiguneak estatuetan daude, industria politikari dagokionean ere bai. Doktrina neoliberalaren garaiotan interbentzionismoa erabatekoa da. Guk, ordea, herri estrategiarik ez, eta geroz eta tresna gutxiago ditugu eragin ahal izateko.

Itxura guztien arabera industriak eraldaketa prozesu azkarra biziko du, ez dakigu zein denboratan, baina badator. Digitalizazioak, adimen artifizialaren garapenak eta larrialdi klimatikoak ekarriko dizkigun ezinbesteko erabakiek parez pare eragingo dute Euskal Herriko industria sarean, eta hortaz, ezinbestekoa deritzot Euskal Herriko industriaren etorkizunaren eztabaidari eta industria burujabetzaren bideari ekitea.  Eztabaida batzuk egiten hasiak beharko genuke:

 

«Itxura guztien arabera industriak eraldaketa prozesu azkarra biziko du

 

Aditu gehienen arabera, enplegua suntsituko omen du digitalizazioak, sortuko duena baino nabarmen gehiago. Ez du zertan, enplegua behar bezala banatzen badugu, denentzat lana egon dadin eta zaintza lanak beste era batera banatzeko. Edo beste 100 urte egingo ditugu batzuk 8 orduko lanaldi estandarrarekin eta beste asko eta asko langabezian?

Lurraldearekiko lotutako industria garatu beharko genuke. Orekatua, eta enpresen arteko sinergiak bilatuko dituena. Ekonomia sozialaren garapena industria proiektuak errotzeko eta demokratizatzeko tresna eraginkorrena da. Enpresa berreskurapen prozesuetan langileen jabetza ahalbideratzeko proiektu kooperatiboak sustatu beharko lirateke.

Euskal Herriko industriaren etorkizuna inbertsioaren (publikoa hein handi batean) eta langileen gaitasunaren arabera egongo da. Botere publikoek  Europa edo Espainia eta Frantzia ispilu zein den erabakitzen ari direla, oharkabean Europa zaharra atzean geratzen ari da Inbertsio, Garapen eta Berrikuntzan.

 

«Oinarrizkoak izan diren sektoreak zaharkitzen hasi eta ordezkorik ez da ikusten.»

 

Argazkia. Unsplash / Ant Rosetzky

 

Mundu mailako orekak aldatzen ari dira. Horregatik, inoiz baino gehiago, Euskal Herriko industriak estrategia eta bultzada publikoa behar du, orain artekoa baina askoz handiagoa. Epe luzerako ikuspegia landu behar da eta interes orokorra partikularraren gainetik lehenetsi. Ekimen publikoaren ondorioak ongizatean eragitea bermatuko duena, zergen eta enpleguaren bidez nagusiki.  Gamesa eta Euskaltel gehiagorik ez, arren.

Klima larrialdiaren aurrean herri bezala prozesu horren lidergoa hartzea komeni zaigu. Jarduera kutsagarriak, armagintza bezalako sektoreak... ordezkatzeko prozesua antolatu behar da, langileen eskubideen bermearekin. Ekoizpenaren birlokalizazioaren eztabaida ere zabaldu beharko genuke: zer ekoiztu behar dugu bertan bai ala bai?

Salbuespenak salbuespen, demokrazia eta parte hartzearen ez du isladarik enpresetan, non eta ez den, noski, une txarren aurrean eskubideak murrizteko. Nekez baliatu daitezke langileen gaitasunak bere osotasunean. Langile klaseari ez dagokio soilik aberastasunaren banaketaren eztabaida. Ekoizpen bitartekoen eskuratzearen aldarria aintzat hartu eta ekoizpen erabakien ere parte izan behar du, langileen benetako parte hartzea sustatu beharko litzateke, alegia.

 

«Euskal Herriko industriak estrategia eta bultzada publikoa behar du, orain artekoa baina askoz handiagoa»

 

Azken finean, etorkizuneko industriaren norabidea zehaztu beharko genuke herri gisa, zerumuga berri bat, zehaztuz zein eredu nahi dugun eta zein paper izango duen industriak euskal herritarron ongizatean, industriaren politikan ere burujabetzaren bidea egiten hasteko.

LABek osatu duen Programa Sozioekonomikoan jaso duen proposamen hauetako batzuk bildu ditu, Euskal Herriko Industriaren Trantsiziorako Programan. Programa Sozioekonomikoa herri erronka nagusiei heltzeko saiakera izan da, nahi eta behar dugun Euskal Herrirantz norabidea marrazteko ariketa. Alorrez alor nahi eta behar dugun Euskal Herria amestea baita hura gauzatzeko lehen urratsa.