Argazkia. Unsplash / Michael Clarke
Eztabaida horietan aukerak oso termino baztertzaileetan planteatu dira sarritan, txuri ala beltz: aldebakartasuna ala aldebikotasuna, akordioa ala konfrontazioa, ildo instituzionala ala kale dinamika, gure proiektu politikoaren hegemonia lehiatu ala herri akordio zabalak bilatu, aldarrikapen soziala lehenetsi ala nazionala... Oraindik independentista asko dikotomia horien arteko hautuan katramilatzen dira.
Eztabaida garrantzitsuak direla ukatu gabe, ezkerreko independentismoak horiek guztiak estrategia eraginkor baterako osagaiak izan daitezkeela ondorioztatu du azken urteotan. Alegia, ez direla zertan bateraezin. Funtsezkoa da argi luzeak jartzea eta indar harremanak egunez egun eta eremuz eremu hobetzen ahalegintzea. Gainerakoan, pragmatismoa eta malgutasuna: hipotesi guztiak landu, eremu guztietan egon eta, egoeraren eta baldintzen arabera, hartuko du garrantzi handiagoa aldagai batek edo besteak.
Eta zer da indar harremanak hobetzea euskal estatua eta jendarte eredu justu eta parekidea lortu nahi dugunontzat? Zeintzuk dira jauzi erabakigarriak egin ahal izateko gakoak?
«Pragmatismoa eta malgutasuna: hipotesi guztiak landu, eremu guztietan egon eta, egoeraren eta baldintzen arabera, hartuko du garrantzi handiagoa aldagai batek edo besteak»
Lehena, gehiengo sozial subiranista eta eraldatzaileak artikulatzea; independentismoaren oinarri soziala zabaldu eta beste sektore batzuekin askotariko aliantza zabalak egitea. Funtsezkoa da, gainera, gehiengo sozial horiek gehiengo instituzional ere bilakatzea, egiteko eta eragiteko gaitasuna handitzeko eta baita prozesua gehiago legitimatzeko ere. Hori gabe zaila da estatuak autodeterminazio eskubidea aitortzera behartzea eta, are gutxiago, sezesio prozesu bat aldebakartasunetik egiterik egongo denik irudikatzea.
Gero eta jende gehiago erakarri behar da ezkerreko independentismoaren proiektura. Horretarako, independentismoak euskal jendarte zabalari begiratu behar dio. Jendeari hitz egin eta jendea entzun. Eta jendartean dauden politizazio maila ezberdinak, kezka iturri eta gogo ezberdinak kontuan hartu.
Zaila baita pentsatzea independentismorako hautua bat-batekoa eta esplizitua izango denik. Gerturatze prozesua izango da seguruenik, kasu askotan independentismoaren estigmatizazioak eta kriminalizazioak sortu dituzten harresi mentalak eraistetik hasiko dena. Horretarako erabiltzen dute batzuek oraindik ETAren komodina, lehen konexio hori zailtzeko.
«Gero eta jende gehiago erakarri behar da ezkerreko independentismoaren proiektura»
Norabide horretan urrats garrantzitsuak egin dira azken urteotan. Ezkerreko independentismoa erakusten ari delako berak eragiten duen tokietan jendearen bizitza hobetzen dela; erakusten ari delako herri gisa ditugun erronkei eta jendearen beharrizanei erantzuteko proposamen zehatz eta egingarriak dituela; azken batean, erakusten ari delako herri proiektu erakargarria duela.
Bigarren gakoa, progresiboki gero eta botere gehiago ekartzea Euskal Herrira; gero eta burujabetza eremu gehiago, gero eta eskubide sozial gehiago, gero eta euskal lurraldeen arteko artikulazio gehiago. Urrats batzuk Euskal Herritik bertatik egin litezke, logika eratzaile batetik. Baina garrantzitsua da une jakinetan konkista juridikoak eskuratzea ere, burujabetza eta eraldaketa sozialaren prozesuaren oinarrizko kanpalekua gorago jartzeko. Horrela laburragoa izango da gailurrerako geldituko zaigun zatia eta, gainera, indar handiagoarekin ekin ahalko diogu, hala herri nola klase bezala.
Progresibotasunaren kontzeptua gakoa da bidea egiteko. Estatu bat ez da kolpe bakar batez lortzen, zer esanik ez jendarte eredu justu eta parekidea. Gaurtik ahalegindu behar gara estatu egiturak eraikitzen, estatu itunak egiten. Horregatik, dena ala ezer ez lelo ezagunean, dena gure ortzi-muga izan behar da, gure jarduna gidatzen duen iparrorratza. Dena nahi dugulako, burujabetza erabatekoa eta inolako zapalkuntzarik gabeko jendartea. Baina dena betetzen joan behar den ontzia ere izan behar da, bestela ezer ez izango delako beti.
«Garrantzitsua da une jakinetan konkista juridikoak eskuratzea ere, burujabetza eta eraldaketa sozialaren prozesuaren oinarrizko kanpalekua gorago jartzeko. Horrela laburragoa izango da gailurrerako geldituko zaigun zatia»
Hirugarren gakoa, nazioarteko aitortza eta legitimazioa lantzea, lan diplomatikoaren eta herri mobilizazioaren bidez.
Bestalde, indar harremanak hobetzeko, norberaren posizioa indartzearekin batera, garrantzitsua da arerioarena ahultzea; gurean, nagusiki, Euskal Herriaren eskubideak ukatzen dituzten eta elite ekonomikoen zerbitzura dauden Espainiako eta Frantziako estatuenak. Horretarako, besteak beste, Franco hil ondotik eratu zuten 78ko erregimenaren eta haren aldaera nafarraren krisian eragin behar da, arrakaletan sakonduz eta indar subiranista eta eraldatzaileentzat agertoki onuragarrienak sortuz.
Estrategia independentistaren ikuspegitik une klabe batean gaude. Azken urteotan oinarri sendoak jartzen ari gara eta hala aitortzen dute arerio politikoek ere. Eta orain zabaldu den eta urtebetez luzatuko den hauteskunde zikloan jauzi bat egiteko aukera dugu, independentismoaren proiekzioa, boterea eta eragiteko gaitasuna handitzeko.
«Indar independentista eta eraldatzaileen mobilizazioa behar da; gazteena, langileena, feministena, euskaltzaleena. Ezberdintasun txikien gainetik, helburu partekatuetan batuta»
Testuingurua ere ez da nolanahikoa; aldaketa sakonen garaia da eta jendarte ereduari loturiko bataila ugari izango dira datozen urteetan. Espainiako Estatuan, berriz, erreakzio zentralizatzaile, autoritario eta atzerakoiaren mehatxua errealitate bat da.
Indar independentista eta eraldatzaileen mobilizazioa behar da; gazteena, langileena, feministena, euskaltzaleena. Ezberdintasun txikien gainetik, helburu partekatuetan batuta. «Orain dugu aukera dena aldatzeko», esan zuen Ernaik ikasturte hasieran abiatu zuen kanpainan. Esperantzaren blokea gorpuzteko deiadarra egin zen Iruñeko Aberri Egunean. Ba horixe, independentziarako indarra biltzera.