SINADURAK

Aiora Epelde Agirre

Sorturen Plan Feministaren arduraduna

Indarkeria matxista erauziz, gugandik hasita

2021-07-06

Ezker Abertzaleak berritu berri duen Indarkeria matxistaren kasuen kudeaketarako Barne Protokoloa niretzat, zerbait bada, errealitatea eraldatzeko tresna praktiko berritzaile baten eskaintza da.


Argazkia. FOKU

 

Ohituta gaude, egungo jendarte eredua kapitalista, neoliberala, patriarkala eta koloniala dela entzun edo eta esatera. Gehiago ere zehaztuko ditugu hainbatetan kontzeptu hauek, heteropatriarkala ere badela aletuz adibidez. Edo eta beste batzuekiko harridura azalduko dugu beste zenbaitetan, androzentrista ere badela esatean adibidez.

Niretzat kontua da, indarkeria matxistari dagokionean, teorikoki (eta beraz marko politiko ideologikoan) oso ongi ezarria eta argudiatua dugun diskurtso eta eragite gogoak, parez pare topo egiten duela gure egunerokotasunean (eta barne mailaz ere ari naiz), naturaltasun osoz, ezarria dugun eredu matxistarekin, parekidetasunean baino ez-parekidetasunean oinarrituta dagoena.

 

«Gure buruak eraldatzeko erantzukizuna gure esku eta soilik gure esku dagoela ulerturik, erantzunkizun honi determinazioz eutsi diogu.»

 

Protokolo honek, zerbait egiten badu, horixe da, ezarria eta gure egina dugun errealitate horren aurrean, ezer ezkutatu nahi gabe, kokatzen gaituela; kolektiboki kokatu ere. Gure buruak eraldatzeko erantzukizuna gure esku eta soilik gure esku dagoela ulerturik, erantzunkizun honi determinazioz eutsi diogu; prozesu eraldatzaile erreparatzaileen bidez paradigma berri bat zabaldu dugu, amesten dugun eraldaketa sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalari ekarpen praktikoa egiteko aukera ematen diguna.

Ezinezkoa baita, amesten eta irudikatzen dugun etorkizuneko Euskal Herria sozialista, feminista eta euskalduna, parekidetasunean oinarrituta dagoen izate kolektibo eta jendarte eredu bat gabe. Eta ezinezkoa da praktikan jendarte eredu horren aldeko urrats esanguratsuak ematea indarkeria matxista gure izate kolektibo eta indibidualetik erauzi gabe.

 

«Ezinezkoa da praktikan amesten dugun jendarte eredu horren aldeko urrats esanguratsuak ematea indarkeria matxista gure izate kolektibo eta indibidualetik erauzi gabe.»

 

Hori da parez pare marrazten zaigun erronka. Eta ez da nolanahikoa. Ezker abertzaleak 20 urte baino gehiago daramatza indarkeria sexistari aurre egiten, horretarako tresna ezberdinak garatzen eta bidean asko ikasten. Protokolo berritua da azken horren adibide garbiena ere. Kontraesanak kontraesan eta zailtasunak zailtasun, bidea egiten ari gara eta egiten jarraitzeko determinazio osoa dugu.

Aitzindaria da horretan ezker abertzalea eta uste dut geure buruaz harro egoteko arrazoiak ditugula. Ez dezagun ahaztu baina, parean izugarrizko erronka dugula, eta ezin dugula gerorako eta beste batzuen esku utzi, ezin dugula emakumeon esku soilik utzi. Akats estrategiko larria litzateke hori. Kolektiboki eman diezaiogun erronka honi merezi duen garrantzia politikoa.

 

«Parean izugarrizko erronka dugu, eta ezin dugu gerorako eta beste batzuen esku utzi, ezin dugu emakumeon esku soilik utzi.»