SINADURAK

Nora Salbotx eta Ibai Redondo

Hezkuntzako eragileak

Hezkuntza akordioen ordua

2025-05-06

Hezkuntzan egoera konplikatua eta konplexua bizi du gure herriak. Gutxi-asko denok aitortzen dugu Euskal Herrian hezkuntza krisian dagoela: beherakada demografikoaren erantzunean; euskara eta euskal kultur transmisioan; segregazioaren areagotzean; emaitza akademikoenean.

Argazkia: Claudiu Constantin

 

Irakasle, maisu-maistra eta hezkuntza langileon lana askoz zailagoa da gaurko hezkuntza sistemetan, besteak beste, gela askoz pluralago eta konplexuagoak ditugulako, baina baita burokraziak eta baliabide faltak eraginda ere. Egiturazkoak dira gure sistemek dituzten ezinak eta arazoak, eta, beraz, egiturazkoa behar du izan konponbideak.

Hezkuntza langileon eremuan, langileak eta berauen lan baldintzak ez zaintzeak gatazka sozio-laborala areagotu egin du. Giroa muturreraino gaiztotu da, eta epe laburrean soluzioak aurkitu ezean, egoera lehertzeko zorian dugu.

Azken urteotan EAEn Hezkuntza Lege berria egiteko prozesuan, Lege berriarentzako oinarri eta ipar behar zuen Hezkuntza Akordioa egin zuten alderdi politiko nagusiek. Asmo handiekin planteatu zen Hezkuntza Akordioa, herri akordio edo estatu akordio mailara iristeko ahalegina egin zuen ezker independentistak, hezkuntza herri eraikuntzaren zutabe nagusietakoa delako. Azkenean, akordioa ez zen behar dugun neurrikoa izan, ez behar bezain zehatz edota anbiziotsua ere, baina norabide egokia erakutsi eta aukera bat zabaltzen zuen hezkuntza sisteman aldaketa sakonak egiteko.

 

«EAEn Hezkuntza Lege berria egiteko prozesuan, Lege berriarentzako oinarri eta ipar behar zuen Hezkuntza Akordioa egin zuten alderdi politiko nagusiek eta herri akordio edo estatu akordio mailara iristeko ahalegina egin zuen ezker independentistak»

 

Zoritxarrez, Hezkuntza Akordioak ireki zezakeen agertokitik urrun gaudela dirudi. HAren garapenerako prozesu sozial kolektiboa sustatu beharrean, goitik beherako agindu eta erabakiak hartzen ari da Hezkuntza Saila, eta HAren asmo zein edukietatik urruntzen.

Nafarroan ere, Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko 2018ko ituna, orduko hartan gehiengo sindikal oso zabal baten babesa jaso zuena eta baleko abiapuntu izan zitekeena aurtengo  negoziazio faserako, murriztu egin du administrazioak mahai negoziatzaileen lehen fasean. Gauzak horrela, partida hasi aurretik murrizketak plantatzen dituen Hezkuntza Departamentu batekin topo egin dute sindikatuek, eta marra gorriak ezarri ditu giza baliabideen kapituluari dagokionez ere. Zero hobekuntza, zero inbertsio, zero helburu.

 

«Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak ere murrizketak plantatzen ditu eta marra gorriak ezarri ditu giza baliabideen kapituluari. Zero hobekuntza, zero inbertsio, zero helburu»

 

Haize berrien bila, Hik Hasirekin bidaia pedagogikoa egin berri dute dozenaka lagunek Estoniara: tartean ziren euskal alderdi politiko nagusietako ordezkariak eta hezkuntzako langile ugari. Estatu gaztea da Estoniakoa, han ere oro ez da urre, baina sortze beretik hezkuntza eta hizkuntza izan dira estatuaren zutabe nagusietakoak, estatu akordioak.

Hala, hezkuntza, gastua beharrean, herriaren etorkizunerako inbertsiorik onena dela ulertu izan da; estoniera hezkuntza sistemaren zutabe nagusi bilakatzeak hura berreskuratzea eragin du; hezkuntza sistema deszentralizatua da bertakoa, udalek eskumen ugari eta ikastetxeek autonomia handia dute.

Ez dugu Estonia mitifikatu nahi; alta, berrikuntza da sistemaren beste ardatz nagusietako bat, baina, marketin eta merkantilismotik harago, berrikuntza pedagogikoa honako neurri hauetan oinarritzen da: irakasleen prestigioa, prestakuntza eta zaintza; klase ordu eta ratio txikiak, 11-12 ikasle irakasleko; curriculuma sinplifikatzea; eta, noski, hori guztia egin ahal izateko hezkuntzan inbertsio ekonomiko handia, BPGaren %6 ingurukoa.

 

«Euskal Herriko hezkuntza sistemek behar dituzte: ratioak txikitzea, hezkuntza laguntzako beharretarako eta aniztasuna artatzeko baliabideak handitzea, plantillen egonkortzea, ordezkoen lana duintzea, zuzeneko eskola-orduak murriztea,...»

 

Ezinbestean honako neurriok behar dituzte Euskal Herriko hezkuntza sistemek: ratioak txikitzea, hezkuntza laguntzako beharretarako eta aniztasuna artatzeko baliabideak handitzea, plantillen egonkortzea eta gazte-berritzea, ordezkoen lana duintzea, zuzeneko eskola-orduak murriztea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, burokrazia murriztea, eta abar.

Euskal Herrian, herri zapaldu gisa, ahaleginak biderkatu behar ditugu: ikaslea erdigunean jarri, eta hezkuntza sistema bera, bere antolaketa-eredua da birkonfiguratu beharko dena, euskal eskola publiko-komunitarioaren norabidean oinarri berria ezarriz. Hezkuntza burujabetzan sakontzean eta ikastetxe ereduan dago gakoa, administrazioek hezkuntza komunitatearekin elkarlanean ikastetxe eredua definitu behar dute (euskalduna, inklusiboa, berdinzalea, plurala, laikoa, hezkidetzailea... ), eta horien garapenerako baliabideak esleitu.

 

«Dei bat egin nahi diegu Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eta EAEko Hezkuntza Sailari, arduraz joka dezaten, hezkuntza sistemen kalitatea hobetuko duten akordioak sustatzeko»

 

Maisu-maistra garen aldetik, dei bat egin nahi diegu Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eta EAEko Hezkuntza Sailari, estatu ikuspegiz ez bada, gutxienez arduraz joka dezaten, eta komunikazio eta negoziazio bideak ireki ditzaten hezkuntza sistemen kalitatea hobetuko duten akordioak sustatzeko, baita langileen ordezkariekin jite sozio-laboraleko hitzarmenak  ahalbidetzeko ere.

Jakina da gu, estaturik gabeko nazio garen heinean, eskuak lotuta gaudela zenbait erabaki hartzeko; alta, uste dugu badela non saiatu, arrakalak zabaltzeko bide eta kontsentsu nahikoa badela hezkuntza komunitatean, eta hortaz, beste garai batzuetan egin bezala, ordua dela hezkuntzatik  bide berriak ausardiaz urratzeko.

Azkenik, hezkuntzatik gure herria, eta, gure herritik mundua eraldatu nahi ditugulako -sozialismoak, feminismoak, antirrazismoak eta gure hizkuntzak, nazioak eta kulturak erakutsitako bidetik-, borrokara eta akordiora dei eginez, animatu nahi zaituztegu maiatzaren 10ean Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleak betetzera, baita 11n Senpereko lakua, eta 18an Iruñeko Takonera ere. Gora Euskal Hezkuntza Publiko Komunitarioa!