SINADURAK

Joseba Permach

Iratzar Fundazioko kidea

Gure industriaren egoeraz: porlanaren gainean ereiterik ez

2020-06-03

Herri gisa iraunaraziko badugu, azpiegitura eta sare industrial propioak hausnartu, sortu eta babestu beharko ditugu. Bestela, berriro diot, goiz triste batean esnatu eta gure industriaren zutabeak nola birrintzen eta erortzen uzten dituzten ikusiko dugu.


 

Argazkiak: Cristopher Burns / Unsplash

Jonek Mutrikun egiten du lan. Hogeita hamar laguneko enpresa batean, sei lagun bakarrik egon dira lanean, azken asteetan. ERTEra pasatzeko turnoak egiten dituzte eta aste honetan berari egokitu zaio. Andonik Andoainen du lantokia. Ehun eta berrogeitamar lagun zeuden urte hasieran. Behin behineko kontratua zuten hogeitabost lagun inguru langabezian geratu dira eta lanean dihardutenak astean bitan edo hirutan doaz lanera. Egunero joan beharra dutenak bost orduz bakarrik. Autoentzako plastikozko piezak egiten dituzte. Mirenek Berriatuako kooperatiba batean egiten du lan. Bestelako eskari berezirik ez bada, hauek ere, astean bitan bakarrik ari dira joaten lanera. Ez dago eskari nahikorik. Hauek ere automozioaren sektorean ari dira.

Aipatutako guztiak nire inguruan ezagutu ditudan edo aipatu dizkidaten kasu errealak dira. Adibideak dira bai, baina errealak. Eta zorionez, denak daude lanean edo behin behineko ERTE egoeran. Azken datuen arabera, 125.000 pertsonatik gora dago une honetan Hego Euskal Herrian ERTE egoeran. Ez dute soldata osoa jasotzen eta larriagoa dena, ez dakite zer gertatuko den haien lanpostuarekin hurrengo aste edo hilabeteetan.

Badira, gainera egoera okerragoan daudenak. Artikulu hau idazten hasi naizen unean maiatzeko langabezi datuak argitaratu dira. Hego Euskal Herrian 182.000 pertsona dago egun langabetu gisa inskribaturik, lehengo urteko hilabete berean baino 40.000 pertsona  gehiago. Hauen kasuan kezka jada ez da zer gertatuko den haien lanpostuarekin. Galdu dute. Kalean daude eta lan berri bat topatzea da haien erronka. Haiena bakarrik? Ez, azalduko dugun moduan, denona beharko luke erronkak. Larria da egoera eta larriago bihurtu daiteke hurrengo hilabeteetan.

 

«Azken datuen arabera, 125.000 pertsonatik gora dago une honetan Hego Euskal Herrian ERTE egoeran.»

 

Kataluniatik ere etorri zaigu azken asteetan ekonomiaren alorreko berri oso esanguratsua. Nissanek Bartzelonako bere planta nagusia itxiko du eta horrekin milaka lanpostu galduko dira. Eragile politiko, sozial eta sindikalek kolpe ekonomiko oso larritzat jo dute eta bertako langileek greba mugagabea iragarri dute. 20.000 familia edo konbibentzia unitateri eragingo dio itxierak. Egun batetik bestera, milaka eta milaka kilometroetara dagoen zuzendaritza batek erabaki hartu eta herrialde edo eskualde baten ekonomian garrantzi berezia duen enpresa itxi dezake. Eragin ekonomikoak oso gogorrak, eragin sozialak ikaragarriak, milaka eta milaka pertsona kalegorrira urte luzetako lanpostua galduz.

Nissan Bartzelonan dago, Katalunian. Volkswageneko planta, aldiz, Iruñean eta Mercedesekoa Gasteizen. Eta gurean halakorik gertatuko balitz? Horrelako erabaki batek gurean zein ondorio izango lituzke? Aipatu ditugun planta bakoitzean bost mila lagun inguru ari ziren lanean COVID-19aren krisiaren aurretik. Baina haratago doa bi planta hauen eragina. Hasieran aipatu ditudan adibideak, enpresa txiki eta kooperatibetako langileak, orohar, multinazional horientzat egiten dute lan eta halako planta baten itxierak, baita Bartzelonakoak ere, haien etorkizunean eragin zuzena izango luke. Areago, adituen artean esan ohi da industrian sortzen den lan bakoitzeko beste hiru lanpostu sortzen direla bere inguruan. Beraz, lanpostuak suntsitzerakoan, industrian bertan gerta daitekeenetik haratago, alboko kalteak ere kontuan hartu behar dira. Berriro diot, larria da egoera eta larriagoa izan daiteke.

Eta okerrena da, larriagoa izateko aukera asko ditugula Hego Euskal Herrian. Zergatik? Bada batetik industria sektorea murrizten joan delako gurean, behar bezalako politika eta apusturik egin ez delako eta, horren ondorioz, geroz eta jende gutxiago delako industriaren alorrean lanean diharduena.

 

photo-2020-06-03-11-16

 

Eta ez gara azken hamarkada luzeetako desindustrializazioaz ari. Ez, soilik azken hamarkadan gurean gertatutakoaz ari gara. Ikus dezagun aurreko krisi ekonomikotik hona industriaren alorrean Hego Euskal Herrian galdu den lanpostu kopurua. Hego Euskal Herrian, 2008ko krisia hasi aurretik, 317.300 pertsona zeuden industrian lanean. Hamabi urte beranduago (herri baten ekonomiaren historian hamabi urte ez da ezer), jada bakarrik 247.800 lanpostu zeuden. Eta Covid-19eko krisiaren ondorio guztiak jaso gabe daude azken datuetan. Ia 70.000 lanpostu gutxiago!

Industria pisua galtzen ari da gure herrian. Bada, gainera, oraindik ere gehiago kezkatu behar gaituen arazo bat: gurea, bereziki, monokultibo industriala da eta horrek sektore bakar horren garapenera lotzen gaitu edo une honetan gertatzen ari den moduan, garapen ezara. Gure industriaren parte oso handi bat automoziora hertsiki lotuta dago eta berau krisian sartzen denean, gure industria ere krisian sartzen da. Eta halako batean, Katalunian bezala, milaka kilometrotara bilduko den administrazio kontseiluko kide batzuk erabakiko balute, gure herrian kokatzen den plantaren bat edo aipatu ditugun biak itxi, gureak egin du. Bai, epe motzean bederen bai.

 

«Hego Euskal Herrian, 2008ko krisia hasi aurretik, 317.300 pertsona zeuden industrian lanean. Hamabi urte beranduago (herri baten ekonomiaren historian hamabi urte ez da ezer), jada bakarrik 247.800 lanpostu zeuden. Eta Covid-19eko krisiaren ondorio guztiak jaso gabe daude azken datuetan.»

 

Arazo ordea beste bat da. Nork ahalbideratu du egoera honetara iristea? Nork sinistu du merkatuaren esku ikusezinean pentsatuz horrek gure ekonomia bultzatuko zuela? Bai, egia da Iruñeako eta Gasteizko gobernu autonomikoek ez dituztela ekonomiaren alorreko eskuduntza guztiak izan, baina errealitate gordina da bestelako industria politika egin zezaketela eta ez dela egin. Garai batean sektore publikoari eskatzen zitzaion, baita mendebaldeko ekonomia kapitalistetan ere, industriaren sektore estrategikoetan inbertitzea eta ekonomia lideratzea. Baina neoliberalismoaren bufadak finantzak jarri zituen ekonomia errealaren gainetik eta “existitzen ez dena da industria politika egokiena”  esateraino ere iritsi ziren. Gauza gehienetarako merkatu pribatuan sinistu beharra zegoen eta esku hartze publikoa eskatzekotan, adibidez, herri gisa inora eramango ez gaituen abiadura handiko trena eraikitzeko besterik ez zen izango.  Eta horrela aritu gara gure herrian ere.

Bi gobernuek ez dute politika industrialik garatu eta automozioaren sektorea, hala edo nola, zaintzea izan da haien hautu ia bakarra. Egun hauetan hitz eta pitz aipatzen ari den renove planaren hamaikagarren bertsioa hor kokatu daiteke. Alperrik ordea. Zuk dieta osasuntsu bat bermatu nahi baduzu zure baratza baliatuz, ezinbestean barazki ezberdinak erein beharko dituzu eta denbora pasa ahala, loratu eta fruitu edo barazki osasuntsuak emango dizkizu. Tomatea bakarrik landatzen baduzu, ordea, tomatea bakarrik jan ahalko duzu eta eguraldi txarra etorriko balitz ezta tomatea ere. Monokultibo industrialarekin gauza bera gertatzen da. Ez bada gauza berrietan ereiten betikoa ekoiztuko dugu eta zoritxarrez, honetan ere, ikerkuntzan eta berrikuntzan, atzera egiten ari gara nabarmen.

2009. urtean publiko eginiko datuen arabera, EAEko ekonomia Europako Berrikuntza Adierazlearen batezbestekoaren (0,48) gainetik zegoen, 0,51ean hain zuzen ere. Eustat-ek publiko egin dituen 2019ko datuen arabera, ordea, jada Europako batezbestekoaren (0,52) azpitik gaude, 0,50arekin hain zuzen ere. Urruti, oso urruti geratzen dira Herbehereak, Danimarka, Finlandia edo Suedia, horiek denak 0,60a gaindituta.

 

«Ez bada gauza berrietan ereiten betikoa ekoiztuko dugu eta zoritxarrez, honetan ere, ikerkuntzan eta berrikuntzan, atzera egiten ari gara nabarmen.»

 

Baina gurean ikerketa eta berrikuntzan gastatu baino, nahiago izan dugu porlanean inbertitu. Eta jakina, porlanaren gainean fundamentuzko baratzarik ez. Aipatu dugun Abiadura Handiko Trenbidean 5.000 milioi baino gehiago xahutzea erabaki da eta oraindik ere gure enpresa eta kooperatibetan beharrezkoa den trantsizio teknologiko eta ekologikorako ezinbestekoak diren egitasmoak inork ez ditu ikusi eta are gutxiago diruz hornitu.

Bestelako industria politika behar da, sendoa, sektore publiko baten lidergo eta babesarekin, ekoizpen aniztasuna helburu duena, zer ekoiztu nahi dugun hausnartuko duena, armak baino maskarillak egingo dituena, kutsatu ordez energia berriztagarriak erabiltzen dituena, berrikuntza eta ikerketari lehentasuna emango diona, lurren espekulazioan erori baino eskualdetan txertatuta egoteari garrantzia emango diona, ekonomia indartzea helburu duena baina ekonomia herritarron mesedetan burutzen den ezinbesteko jarduera gisa ezaugarritua dena. Hori egitea posible da eta beharrezkoa da. Ezinbestekoa. Herri gisa iraunaraziko badugu, azpiegitura eta sare industrial propioak hausnartu, sortu eta babestu beharko ditugu. Bestela, berriro diot, goiz triste batean esnatu eta gure industriaren zutabeak nola birrintzen eta erortzen uzten dituzten ikusiko dugu. Eta industria edo enpresa erorketa horien azpian, eta ekonomiaren oinarrian (ahaztuarazi nahi badigute ere) pertsonak daude. Ekonomiak (eta industriak) pertsonen mesedetan egon behar baitu, eta ez alderantziz.