Argazkia: Unsplash / Betzy Arosamena
Fokua, indarkerian ipini behar dugu, arauan ez dauden gorputzek jasotzen duten biolentzian eta horien zergatian. Ezin da aldarrikatu zapaldu eta zapaltzaile aldi berean, Gora Euskal Herri euskaldun, espainol eta frantsesa! aldarrikatu ezin dugun moduan. Anitzagoa litzateke, bai, baina ez luke dominazio harremanik aldatuko, betikotu egingo lituzke.
«Gatazkan ipini behar duguna erregimen heterosexuala da. Ez da desira erotiko bat, kontratu sexual bat da. Maitasunaren izenean, emakumezkoek gizonentzako dohanik lan egitea, hain zuzen»
Oldarraldi heterosexual, antifeminista eta arrazista handi bat ematen ari da, eta izango da faxista askotan, baina ezinbestekoa da indarkerien izendapen zehatzak esplizitatzea. Faxismoa kausa eta etsai bakar moduan planteatzeak bestelako zapalkuntza-ardatz eta egiturak bigarren mailako edo/eta deribatu moduan kokatzen ditu, horiek jasaten dituzten subjektuak ezkutatu eta presentzia politikoa ukatuz.
Gainera, borroka horien protagonista, artikulazio eta lidergotzak difuminatzen ditu, bereganatu, askotan, gizon zuri heterosexualak erdigunean kokatuz beste behin.
Horrez gain, homogeneizazio horrek, arduratik kentzen ditu (digu) pribilegio eta dominazio posizioan dauden pertsona eta egiturak, eta despolitizatu egiten ditu praktika asko. Desira eta lehentasun erotikoetatik harago goaz, ez da norekin masturbatzen zaren, baizik eta nondik, norekin eta nola harramantzen zaren. Non kokatzen zaren, eta zein erlazio-sistema ematen den bertan. Munduratzeez ari gara.
Heteroarautik kanpo kokatzen diren bestelako gorputzen indarkeriarekin amaitu nahi badugu, ezin dugu aldarrikatu zein ezberdinak diren pertsonak eta espezieak haien artean, aldarrikatzen ez ditugun moduan burges eta langile ezberdin eta anitzak esplotazioarekin amaitzeko. Gora Confebask eta Euskal Herriko gehiengo sindikal anitza!
«Heteropatriarkatua (kapitalista, kolonial eta arrazista) da ezbaian jarri behar dena »
Horregatik, heteropatriarkatua (kapitalista, kolonial eta arrazista) da ezbaian jarri behar dena eta, horretarako, emakume eta gizonen desagerrarazpenaz hitz egin behar dugu ezinbestean. Gorputzen arteko banaketa sexuatu bitarraz (ez soilik sexuatuaz, baita arrazializatuaz, (des)kapazitatuaz...), hain zuzen ere, banaketa antagoniko hori delako gorputz batzuk besteak azpiratzearen arrazoi nagusia. Hori izango baita Euskal Herria aske eta feminista, emakume eta gizonik gabeko herria.