SINADURAK

Leire Vargas

Idazlea

Geranioak lehortzean (II)

2022-07-06

Distopiak marrazten dizkigute letretan eta pantailetan, jada nahikoa distopia den errealitate hau kasik izan dezakegun onena dela aitortzeraino etsipen alaiz, irribarre orbainduz, sorbaldak gora beheratuz. Batek baino gehiagok esango du oraina baino ez daukagula eta hori topera bizitzea dela geratzen zaigun helduleku ia bakarra. Baina ezin da mundua aldatu etorkizuneko planik gabe. Etzia eta ahal dela biharra irudikatu gabe.


Argazkia. Unsplash / AYLÄ°N GÖRAL

 

  • Nola irudikatzen dugu etorkizuna?
  • Bakarrik eseri nintzen begiratokian, pareko mendietara begira. Haien izenak ekarri nituen gogora, belar moztu berriaren usaina arnastearekin batera: Alluitz, Anboto, Iruatxeta… Abesti bat bezala, Lianek irakatsi zizkidan eran. “Begiraion hodei horri!”, esaten zidan. “Mari hor zegon, badun ospatzeko zer edo zer…”
  •  
  • Argazki solteak baino ez neuzkan ezagutu nuen egunetik: txikia nintzela, Martzelerekin joan gura izan nuen haren Baratze egunetako batean, fruituei hurbiletik begiratzera. Eta han zegoen Lian, adineko beste kide batzuekin. Haiek erakutsi zizkidaten piperrak eta erremolatxak eta tomateak, eta, ordutik aurrera, denbora asko igarotzen hasi nintzen haiekin, Martzelek patatak ateratzen edo mahatsa biltzen zuen bitartean. Lianen eskutik helduta, pasiadak egiten nituen gure auzoko Lorategitik, eta loreen izenak erakusten zizkidan: tulipa, lirioa, krabelina...
  •  
  • Bost urte bete eta eskolara joaten hasi nintzenean, ordea, denbora librea murriztu zitzaidan, eta harekin hainbeste egoteari utzi nion. Eta orain, lau urte beranduago, joana zen.
  •  
  • Belaunak tolestu eta besoekin heldu nien hankei, eserlekuan uzkurtzeko. Osteko Agurrean pentsatu nuen: nire lehenengo Agurra. Beldar arrotz bat biraka zebilkidan sabelean. Jardueren ostean bizilekura bidea egin genuen. Besteak beste, Lur eta Reno neuzkan ondoan, egunero lez, biak ere gure ibilbidean nirea baino apur bat atzeragoko etxeetakoak baitziren.

 

Argazkia. Unsplash / Le Mucky 

 

  • “Joango zarete gero Lianen Agurrera, ezta?”, galdetu zigun Renok.
  •  
  • “Ni bai… Ez nuen gertutik ezagutzen, baina senideen hurkoa zen”, azaldu zuen Lurrek. “Oxa, hik lagun huen, ezta?”, zuzendu zitzaidan, begirada epel.
  •  
  • “Bai, hala dun.” Isilik geratu nintzen une batez. “Oraindik gaitza zait joan dela pentsatzea.”
  •  
  • Martzeleri ere ez nion azaldu bi egun lehenago berria jaso genuenez geroztik sentitzen ari nintzena. Bazirudien besteek erraz aurkitzen zituztela barruan gertatzen zitzaienari forma emateko berbak. Niri ez zitzaidan hala gertatzen; ez neukan zergatia azaltzerik. “Ez da zintzotasun falta”, saiatzen nintzen senideei adierazten gaia mahaigaineratzen zutenean, “izen falta baizik.”
  •  
  • “Ikasiko dun”, ziostan Lianek nire ezintasuna azaltzen nionean, txima zuri luzeari atzamarrekin eraginez. “Guztiok ikas zezakenagu, eta guztia ikasten dun.” Poztu ninduen haren ahotsa atzean izango banu bezala ekar nezakeela ikusteak.
  •  
  • “Tira, agian hobeto sentituko haiz agur esan eta gero”, esan zuen Renok. “Bertan egongo gaitun, Oxa, badakin.” Ilea nahasi zidan, leun, bizilekura bueltako taldearekin batzeko korrika hasi aurretik, Lurrek nola. Bizilekuko atea ireki nuen, eta bi eskuak burazalean jarrita xerlo laburrak berriz haien lekuan jartzen saiatu.
  •  
  • Seigarren solairura heldu nintzenean, Martzele baino ez zegoen gurean.
  •  
  • Eskailerara hurbildu eta besarkada batekin agurtu ninduen. “Zelan eguna?”
  •  
  • Egongelan eseri ginen biok. “Ondo”, erantzun nuen, eta ingurura begiratu.
  •  
  • “Akier, Lezo eta Izar Agurra prestatzen ari ditun”, esan zuen Martzelek. “Seietan dun, ados? Laster hasi behar gaitun prestatzen.” Bere ahotsa goxoa zen, bururdi batean zehar entzundakoa bailitzan, eta eskua paratu zidan izterrean. Bere atzamar luzeak gogorgunez beteak zeuden, eraikuntzan lan egiten zuenez gero. Nire ermamiak bereekin pausatzeari ekin nion, beti egiten nuen bezala.