SINADURAK

Leire Vargas

Idazlea

Geranioak lehortzean (I)

2022-01-20

Nola irudikatzen dugu etorkizuna? Distopiak marrazten dizkigute letretan eta pantailetan, jada nahikoa distopia den errealitate hau kasik izan dezakegun onena dela aitortzeraino etsipen alaiz, irribarre orbainduz, sorbaldak gora beheratuz. Batek baino gehiagok esango du oraina baino ez daukagula eta hori topera bizitzea dela geratzen zaigun helduleku ia bakarra. Baina ezin da mundua aldatu etorkizuneko planik gabe. Etzia eta ahal dela biharra irudikatu gabe. Leire Vargas idazleak Erriaren hurrengo zenbakietan gero hobe hori irudikatzen lagunduko digu. Hemen lehen atala.


Argazkia. Unsplash / César Couto

 

  • "Oxa! Oxa!”, egin zuen deiadar Nikolak, bere ondoan beharrean Janplazaren beste muturrean banengo lez.
  •  
  • Begirada babarrun-plater ia ukitu gabetik altxa eta berari zuzendu nion. “Jango dun ogi zati hori?”, galdetu zidan.
  •  
  • Une batez pentsatu nuen erantzuna. Hormako erlojura begiratu nuen: 13.43ak. Ia hiru ordu laurden generamatzan jantokian, eta banekien Nikola ez zela gose, eta, hala balitz ere, eska zezakeela beste ogi zati bat, edo beste platerkada oso bat. Janaria ez botatzeko printzipioak bultzatu zuen galdera: inguruko guztiak ia amaituta zeuden ja, eta nik ez nuen nire erretilua ukitu azken hamar minutuetan. Buruaz baietz egin nion, ogi zatia hartu izanagatiko damuaz libre uztearren eskertuta.
  •  
  • Ukalondoa mahai gainean eta burua eskuan pausatu eta ingurura begiratu nuen: bost eta hamabi urte bitarteko haurrak zeuden bertan eserita, gu baino gazteagoak batzuk eta helduagoak besteak, eta, neure isiltasunaren eraginez agian, inoiz baino zaratatsuagoak iruditu zitzaizkidan. Lezoren kontaketak gogoratu nituen, nola itzultzen zen aurpegi alaiz etxera helduen Janplazan lan egitea egokitu zitzaion urtean, elikagaiak banatu eta prestatzea behar ederra zela azalduz. “Bazkari orok bukatzen dun jai bihurtzen!”, zioen. Jendeak janari goxoaz eta lagunarteaz gozatzeko espazioa apreziatzen ei zuen, kantuz eta dantzaz eskertzeraino.
  •  
  • Helduen Janplaza zapaltzen nuen unea heldu orduko elkartasun hura indargarria izango zitzaidala hitz emana nion neure buruari. Baina egun hura desberdina zen: Lianen Agurra geneukan aurretik. Eta nik oraindik segundo erdi bat behar izaten nuen Lian burura ekartzean laguna oroitzapen huts bihurtua zela gogoratzeko.
  •  
  • Nikola eta Renoren hitz bizkorgarrien ondotik, azken babarrun koilarakadak irentsi nituen, haurrik azkarrenak Janplazatik ateratzeko ilara osatzen hasiak zirela. Osteko txokolate zatitxoak paparra epeldu zidan.

 

Argazkia. Unsplashg / Wolfgang Hasselmann

 

  • Guztiok ilaran batu eta Janplazatik atera ginen. Kalean behera Ikastetxetik aldentzen gindoazela, Baratze baten ondotik igaro ginen, eta Osasun-etxe ondotik gero, egunero bezala. Ibilbide osoan zehar ongi konposatuta mantendu zen ume-saldoa, bi edo hiruko pertsonako errenkadek osatua.
  •  
  • Nire bi lagunek euren artean hitz egiten jarraitu zuten, nik berba solteekin esku-hartze bat edo beste egiten nuen bitartean.
  •  
  • Beirazko Jarduera-eraikinera heldu eta arin batean sakabanatu ginen guztiok; goiko solairuk tailerretara zuzendu ziren batzuk, beheko espazio askera besteak. “Kaixo, Oxa!”, agurtu ninduen Lurrek, zeina ilaran gu baino atzerago etorri baitzen. “Bahator dantzara?” Begi urdin zabaletara so egin nion. Ahots fina atera zitzaidan: “Ez, gaur ez. Nekatu samar nagon.” “Ados ba. Deskantsatu!”, eskua sorbaldan jarri zidan. “Faltan hartuko haut, baina”, gehitu zuen, irribarre txiki batez. Keinua itzultzen saiatu nintzen.
  •  
  • Partekatzen nuen Lurren harridura: dantza-eskolara egunero joaten zenetakoa nintzen. Normalean, dantzak askatzeko parada ematen zidan, arduratzen ninduen edozer burutik kendu edo emozio positiboak ezerezetik sortzeko. Baina egun hartan zerbaitek paparra korapilatzen zidan, irakaslearen pausuak jarraitzeko orduan inguruan korapilatu eta estutuko ninduela begitantzen zitzaidan mordoilo batek.