SINADURAK

Irantzu Idoate Funosas

Ezker abertzaleko militantea

Gazteok Euskal Herriaren alde ekin!

2024-06-18

Belaunaldi zahar eta berrien arteko haustura, arrakala, arraildura edo pitzadurari buruz zenbat ele ez ote dugun entzun. Gazteriari pentsatu eta amarekin bizkarra bizkarraren kontra jarritako haur baten irudia heldu zaigu anitzi burura. Alta, gazteok badakigu eskua hartzen, eta elgarri ematen.


Argazkiak. Xuti Gazte

 

Gazteriaz galdetu eta zerrenda luzeko ohar sorta baten oihartzuna iristen zait niri belarri bazterretara: “Non dira egungo gazteak? Zer egiten dute? Ez ditugu ikusten. Ez dira mugitzen…” Gazteak herrietan gira, klima aldaketaren kontrako ekimenetan, mugimendu feministaren hitzorduetan, azterketak euskaraz pasatzeko mobilizatzen, gaztetxeetan, kultur elkarteetan… Gazteak herria egiten ari gira.

Gazte mugimendua etengabeko azalberritzean dabil. Ipar Euskal Herrian ere mugimendu abertzaleak ibilbide luze eta oparoa izan du azken sei hamarkadetan, eta etapaz etapa gazteria presente egon da. Momentuan momentuko erronka eta testuinguru politikoei erantzuteko prestu, gazteria abertzaleak borroketara lotu eta berriak sustatu ditu.

Ideia batzuk zalantzan jarri eta beste ideia garaikideak ekarriz, mugimendu politikoak berritzeko ezinbesteko harriak pausatu eta militanteak sortu eta formatu ditu. Gazteriari propio zitzaizkion espazioak garatu eta gainerako eragile abertzaleekin lan egiten asmatu du. Gisa horretan osatu baita hamarkadaz hamarkada gure herriaren askapen prozesuaren katea, kate iraunkor eta sendoa. Eta aitzinekoen gisa berean, gaur egungo gazteok ere kate horren katebegi bat gehiago gira.

 

«Gazte esparruan aktibatu eta borroka ezberdinetan egon behar dugu, mugimendu abertzalearen hegalpean eta gure beharrak ortzi-mugan ezarriz»

 

Hirurogei urteren ondotik, inoiz baino panorama ilusionagarriagoa dugu Euskal Herrian. Duela zenbait hamarkada pentsaezina izanen zen eszenatoki baten parean gira; ezker independentismoa indartuz doa Euskal Herri osoan gaindi, lurralde bakoitzean eta herriz herri. Hamarkada luzeetako lanari esker, egun gero eta esparru gehiagotan gaude, gero eta jokaleku gehiagotan eta gero eta aukera berri gehiagoren atean. Hau da aukera berrien tenorea, eta bide honetan gazteok ere lekua hartu behar dugu.

Ez dira garai errazak gazteontzat. Ipar Euskal Herriko gazte gehienak kanpora goaz, eta hutsune handia uzten dugu gure herrietan. Gure hiru probintziak sakoneko odoluste bat bizitzen ari dira. Etorkizun iluna programatu digute. Baina, gaur egungo gazteriak ere badu zer borrokatu eta zer irabazi. Gazteak zer? Gazteak non? Gazteak nola? Belaunaldi berria hemen da, forma ezberdina hartzen ari den mugimendua izanik ere, hemen da.

Ez dira berdinak gure interesak eta lehentasunak, beste borroka molde batzuk garatzen ari gira, jende gero eta gehiagorengana hurbiltzen ahalegintzen gira, azalean daramatzagun problematikak anitzagoak dira. Historian zehar iraun duten problematikez gain, gehiago dira gazteok buruan ditugun kezkak. Ez zaigu etxebizitza eskuragarririk eskaintzen, eta beraz, gure herrietatik joatera eramanak gira. Sistema zisheteropatriarkal kapitalistak zanpatzen gaitu. Azterketak euskaraz egin ezinean gira oraindik, eta goi-mailako ikasketak Ipar Euskal Herritik kanpo egin behar ditugu. Sektore guzien artean prekarioena da gazteriarena.

 

«Duela zenbait hamarkada pentsaezina izanen zen eszenatoki baten parean gira; ezker independentismoa indartuz doa Euskal Herri osoan gaindi»

 

Hala eta guztiz ere, arazoak arazo, gazteria herrian engaiatua da; EHZ festibalean, gaztetxeetan, kultur elkarteetan, ikastolen aldeko proiektuetan, besteak beste. Gaur egungo gazteok gure borroka balore feministetan garatzen dugu, elkar zaintzan oinarritutako bizimodu baten aldeko parioa eginez. Feminismoa ardatz eraikitzen dugu herria. Eremu gero eta zabal eta anitzetagoetara goaz, eta konexio eta harreman berriak sortzen ditugu. Nundik heldu giren argi dugu, eta gure herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokari eusteko prestu gira, baina nora joan nahi dugun argitu eta lehen lerroan jartzea ere lehentasunezkoa zaigu.

Oinarri horietatik abiaturik, oraindik ere elkartu, saretu eta antolatzea beharrezkoa da. Gazte esparruan aktibatu eta borroka ezberdinetan egon behar dugu, mugimendu abertzalearen hegalpean eta gure beharrak ortzimugan ezarriz. Askapen prozesuak ez du etenik, etengabe aitzinatzen segitzen du gurpilak, eta gazteriak protagonismo osoa izan nahi du ibilbide honetan. Protagonismo osoa, herri honi ekarpena egiterakoan lehen lerroan egon nahi eta behar baitugu. Gure eskuetan hartuz bizitzak eta etorkizuna. Herria eskuetan hartuz.

 

«Gazteria antolatua behar dute gure herriek, problematika propioak azaleratu eta borrokatuko dituena, eta gainerakoei ekarpena eginen diena»

 

Euskal Herriaren alde ekin nahi dugu, eta bide horretan Ipar Euskal Herrian mugimendu azkar bat sortzea ezinbestekoa da. Gazteria antolatua behar dute gure herriek, problematika propioak azaleratu eta borrokatuko dituena, eta gainerakoei ekarpena eginen diena. Hainbat esparru eta borroken arteko bideorri komuna eraiki behar da, elgarrekin gogoetatu eta hausnartuz. Gisa berean, gazteok gure artean elkartu eta espazio eta tresna propioak sortu behar ditugu, guretik, gure artean eta guretzat.

Gazteok lekukoa hartzeko prestutasuna dugula erakutsi dugu hamaika aldiz, herri honek bizi behar badu gure eskutik izanen delako. Dudarik gabe, gazteon herriaren aldeko borrokak markatuko ditu hurrengo urteak, hemendik sei hamarkadara Euskal Herri askea izan dezagun, justua, euskalduna, feminista eta sozialista.