SINADURAK

Asier Zamorano

Ernaiko kidea

Gazteok ere lehen lerrora!

2020-04-16

Hilabete eskas igaro da Covid19ak eragindako krisi sanitarioa piztu zenetik, eta honen harira aplikatutako konfinamendu egoera dagoeneko gure bizitzen parte dela esan dezakegu. Netflixeko distopietan marraztutako mundua noizbait tokatuko zitzaigularen sentsazioa izan dugu askok. Ez genuen espero, inondik inora, horren goiz helduko zenik. Ez da gutxi esatea honek aztarna sakona utziko duela post-konfinamenduko gizartean. Batetik, kapitalismoaren garapenean ekarriko dituenengatik. Bestetik, gizartearen mundu ikuskeran eraikiko dirtuen marko mental berriengatik. Izan ere, Naomi Kleinen shock doktrina famatuaren aplikaziorako garai historikoan gaude, berriz ere.


 

Gazteongan foko berezia jartzea ez da kasualitatea. Etorkizuneko gizartearen motorra izango den belaunaldian jarri behar du arreta kapitalismoak. Batetik, gazteak kolektibo zaurgarria garelako. Badakite etorkizun hobe baterako espektatibak zeroan daudela eta badakite egoera honetan gure marko mentaletan eragitea erraza izan daitekeela (beldurra, sekurokrazia, sakrifizioa...). Baina, bestetik, kapitalismoak badaki zaurgarritasun egoera horrek ere aukerak ematen dituela inkonformismoa artikulatu eta “es lo que hay” edo “there is no alternative” bezalako ideiak borrokatu eta eskema berriak sortzeko.

Duela hamarkada batera atzera eginez, krisian hezi eta hazi den belaunaldia da gurea. Gu gara gure gurasoak baino okerrago biziko ginela ikusten genuen gazteak. Mileurista izatera ere helduko ez ginenak eta 30 urtera arte gurasoen etxera bizitzera kondenatuta egongo ginenak. Guk ikusi dugu nola prekaritatea ezarri den gure bizitzako hainbat esparrutan, gure belaunaldiaren ezaugarritzat hartzeraino,  bizi-proiektu duin baterako esperantza osoa galduz.

Hala ere, erresignaziozko jarreretatik urrun, badira gure belaunaldia definitzen duten bestelako elementuak, azken urteetan bereziki azaleratu eta azeleratu direnak. Batetik, injustiziekiko sentsibilitatea: Altsasuko gazteen kasua, kataluniako buruzagi politikoen kontrako sententzia, La Manadaren talde bortxaketa, gazte prekaritatea, Zubietako errauskailua edota Zaldibarreko zabortegia. Gertaera hauek guztiek ehunka eta milaka gazte politizatu eta mobilizatu dituzte. Mundu injustu baten adierazleak dira, gero eta hedatuagoa dagoen pertzepzioa izanik. Bestetik, duintasunaren blokearekin lerrokatu eta mugimendu sozialekin bat egitea. Martxoaren 8ko greba eta mobilizazioetan neska* gazteen presentzia eta indarra, pentsionisten borrokarekiko atxikimendua, amalurraren defentsa, greba orokorrean emandako gazte aktibazioa... Gazte belaunaldiak izan gara duintasunaren alde mobilizatu eta borroka hauen lehen lerroan egon garenak.

Testuinguru honetan, eta ez beste batean, etorri da covid19a, etorri da honek eragindako krisi sanitarioa eta agerian utzi du jada existitzen zen sistemaren krisi anizkoitza. Eta, horiekin batera, gazteon artean indartzen ari ziren joera batzuk sendotu dira. Lehenengoa,   aste hauetan gazteon prekarizazioan sakondu da. Krisi honek gehien kaltetutako sektoretako bat izaten ari gara: lanpostuen galera masiboa, ERTEen aplikazioa, beltzean ordaindutako lanen etetea... Aurrean daukaguna gordinagoa izango dela aurreikus dezakegu, gure bizi-baldintzen kaxkartze saiakerekin. Bigarrena, jada oso kolpatuak zeuden “progresoaren” mitoak erortzen ari dira. Ez da soilik egungo mundua injustua dela. Egungo mundua ez da bideragarria. Instituzioen, gizartearen eta planetaren ezegonkortasuna eta zaurgarritasuna agerian geratu dira, eta egiturazko aldaketak ezinbestekoak dira logika horiek iraultzeko. Eta hirugarrenik, baina aurreko biekin zeharo lotuta, gazteon kontzientziazio prozesuetan modu dispertso eta isolatuan agertzen ziren faktore eta gertaerak elementu estrukturalen forma hartzen ari dira: bizitzak erdigunean kokatzea, zaintzaren garrantzia eta honen ulerkeraren zabaltasuna, eremu publiko indartsuaren beharra, kapitalaren interesak... Finean, urtarrilaren 30eko greba orokorrean aipatzen genuen ereduen arteko talkak dimentsio zentrala hartu du covid19ak eragindako testuinguru honetan. Eta bai, eredu dikotomikoa da eta talka moduan planteatu behar dugu, baina ez Urkulluk, Arantxa Tapiak, Confebaskek eta Teleberriak saldu nahi izan duten ekonomia vs. osasuna debate faltsuarekin. Benetako debatea, benetako talka, kapitala eta bizitzaren artekoa da. Haiek ekonomia diotenean, kapital handien metaketaren ekonomiari egiten diotelako erreferentzia, eta guk bizitzak diogunean, pertsonen mesedetan antolatutako baliabide ekonomiko eta sozialei ere egiten diegulako erreferentzia. Egoera zaurgarri honetan, haien lehentasunetan AHTa eraikitzeko lanak daude, gure lehentasunetan babes sozial publiko zein komunitario indartsua osatzea dagoenean.

Esan bezala, abagunea arriskuz eta aukeraz beterik dago. Badakigu kapitalak irabaziak handitzeko ordena politiko, ekonomiko eta sozial berri baten alde egingo duela. Guk horren aurrean, bizitzaren blokea egituratzen duen proposamen integral, egingarri eta anbiziozkoa behar dugu Euskal Herrirako. Proposamen horren koordenada asko dagoeneko mahai gainean daudela esango nuke: guztion babes sozialean eta bizi-baldintzen duintzean oinarritzen den eremu publiko indartsu baten beharra, elkartasunean eta elkarlaguntzan oinarritutako sare komunitarioak, behetik gorako prozesu egituratzaile ekonomiko-sozialak, eremu ezberdinei begirako burujabetzaren aplikaziorako proposamenak... Falta diren koordenadak gehitu eta mapa osatzea da aurrera begira dugun erronkarik handiena.

Gazteoi dagokionez, narratiba berrientzako testuinguru egokia dela esango nuke. Oro har,  kapital-bizitza talkan, gazteok bizitzen blokearekin lerrokatzen gara. Injustizien kontrako eta duintasunaren aldeko dinamikekin ordezkatuak sentitzen gara eta lehen lerroan parte hartzen dugula erakutsi dugu. Gazte erresignazio hori bizitzak erdigunean kokatuko dituen Euskal Herrirako proiektu emantzipatzailearekin lotzean dago gakoa. Ez da lan makala, zalantzarik gabe. Baina sentsazioa daukat bide onetik goazela. Historiak askotan erakutsi du gazteria dela eraldaketa prozesuen motorra. Aldaketa garaiak datozen honetan, susmoa daukat Euskal Herrian aktibatzen ari den gazte belaunaldi berri honek paper determinantea jokatuko duela.