Argazkia. Flickr / Parti socialiste. 2ème tour élections législatives- 41. Photo Mathieu Delmestre. 2024-07-07. CC BY-NC-ND 2.0
2017ko lehendakaritza hauteskundeetan, Emmanuel Macronek Frantses Estatuak betiko alternantzia bipartidista zartarazi zuen indar liberalak liserituz zentro monopolista baten baitan. Azken urteetako politika antisozialek eragindako herri haserre izugarriak (txaleko horiak, erretreten erreforma, laborariak…) ezker zein eskuin muturrak hauspotu ditu zentro liberalari alternantziarako aukerak sortuz. Panorama politikoa sekulan baino polarizatuagoa gelditu zen, hiru bloketan banatua : La France Insoumisek [LFI] lideratutako ezker rupturista, Macronisten « muturreko » zentro liberala eta desdiabolizazio prozesua zeraman eskuin muturra.
Macronek 2022ko lehendakaritza hauteskundeak berriz irabazi bazituen Marine Le Pen-en kontrako botoei esker ; bi hilabete berantagoko legebiltzarretan gehiengo absolutua galdu zuen. Eskuin tradizionaleko Les Républicains [LR] alderdiaren babesa bera aldakorregia bilakatu zitzaion. Karrikari errepresioz erantzuteaz gain, parlamentuan konstituzioko dispositibo bortitzenak baliatu ditu bere politikak indarrez inposatzeko diputatuen bozkak saihestuz. Gehiengo sozial eta politikorik gabe, Macron zurrunbilo autoritario eta antidemokratiko osoan hondoratu zen. Egoera horrek nolabait Asanblada Nazionalaren disoluziorako aukera ideki zuen.
Hala ere, nehork ez zuen pentsatuko europar hauteskundeen gauean, eskuin muturra indartsuen zen momentuan probokatuko zuenik eta are gutxiago legebiltzarrak hiru astera bakarrik deituko zituenik. Pentsa daiteke eskuin muturrari eskaini zion hauteskundeak irabazteko eta gobernatzeko arriskua aitzakiatzat hartuz, orduko ezkerreko zatiketak eta moderatuenek zeramaten LFIrekiko lidergo lehia baliatu nahi izan zituela eskuin tradizionalarekin batera polo zentral-liberal hegemonikoa birsortzeko.
«Gehiengo sozial eta politikorik gabe, Macron zurrunbilo autoritario eta antidemokratiko osoan hondoratu zen»
Alabaina, aukera horri aurre egiteko, ezkerreko alderdiek aurreko legebiltzarretako aliantza elektorala berehala berpiztu eta Herritar Fronte Berria (HFB) martxan ezarri zuten. EH Baiko militanteek, eskuin muturraren mehatxuaren aurrean, arduraz jokatu eta HFBari parte hartzeko disposizioa adierazi zioten lehen momentutik. Beste indar batekin iritsi zen hitzordura aurreko legebiltzarretan ezkerraren aliantzatik kanpo bere historiako emaitzarik onenak lortu baitzituen. Frantses ezkerrak, EH Bai-ren babes politikoa eta gorputz militantea bateratzea ezinbestekoa zuen IEHan irabazteko eta bere diputatu sozialista mantentzeko. Aliantzak, hilabete lehenago europar hauteskundeetan IEHak ezagutu zuen eskuin muturraren olatua irauli zuen hiru diputatuak irabaziz eta ezkerreko abertzaleei historiako lehen diputatua emanez.
Frantziara itzuliz, aurreikusia zen eskuin muturraren tsunamia ez da gertatu. Bozka gehien bildu duen indarra izan bada ere, hauteskunde sistemari esker bere ordezkaritza 142 diputatura igo du bakarrik (gehiengo absolutua 289tan delarik). Ezustean, HFBak hauteskundeen burua hartu du 193 eserlekurekin. Macronistek sekulako gaitzespena ezagutu dute nahiz eta 166 eserleku mantendu dituzten bigarren itzulietan Rassemblement National [RN] saihesteko ezkerreko bozak eskuratuz. Azkenik, 47 diputatuko ordezkaritzarekin eta eskuin muturrarekin aliatu den lehendakariaren traizioarekin, eskuin tradizionala suntsiturik atera da.
«Eskuin muturraren tsunamia ez da gertatu, bozka gehien bildu duen indarra izanagatik»
Gehiengorik gabeko konfigurazio hortan, Macronek lehen indarra den HFBri gobernua osatzeko atea itxi dio lehen ministrorako hautatu zuen Lucie Castets hautagaia baztertuz eta minoritarioena den LR alderdiko Michel Barnier gobernu buru izendatuz. Zentzugabekeria badirudi ere, zentsura eza da jokoan dena. Hain zuzen, Macronisten eta eskuin tradizionalaren arteko aliantza ez da gehiengora iristen. HFBak eskuineko politikak indartuko lituzken gobernua zentsuratzeko intentzioa iragarri du dagoeneko. Gobernuaren biziraupena, eskuin muturraren zentsuratzeko arriskupean kokatua da eta nonbait indar atzerakoien oniritzia segurtatu beharko du.
Hauteskundeen epaia ukatuz, Macron ildo liberalean, kosta ahala kosta, murgiltzen ari da eskuin muturrarekin kolaboratzeraino printzipio demokratikoak zangopilatuz. Lehendakaritzarako hitzordua denen begi bistan kokatzen delarik, urte baten buruan hauteskunde berriak deitzeko aukera handia bada eta testuinguru ideki hortan, ezusteko aldaketa sakon eta bizkorrak berriz gerta daitezke...