SINADURAK

Txomin Poveda

Sortuko kidea

Frantses Estatuko lurrikara politikoaren uhina

2022-07-04

Azken urte honek, Frantses Estatuko egoera politikoan lurrikara sakon bat sortu du. Izan ere, bi hauteskunde garrantzitsuenak iragan berri dira hilabete hauetan. Lehenak, Emmanuel Macron beste behin lehendakaritza kargua erdiestera eraman du. Bigarrenak, aldiz, Asanblada Nazionaleko 577 diputatu eserlekuak bete berri ditu, lehendakaria bera gehiengo absoluturik gabe utziz.


 Argazkia: Blandine Le Cain, Wikimedia Commons

 

Sekuentzia horrek oso sakonki eraldatu egin du Frantses Estatu mailako agente politikoen panorama eta, bide beretik, Ipar Euskal Herrian gure borrokak garatzeko baldintzak. Oroz gainetik, agertoki horrek epe ertain-luzean aukera politiko garai oparoa ideki liezaioke Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzale ezkertiar ekologista eta feministari.

 

LURRIKARAREN EPIZENTROA

2017ko lehendakaritza hauteskundeetatik agertzen zitzaizkigun failak konfirmatu dira. Hain zuzen, urte luzeetan, UMP eta PS alderdiek hezurmamitzen zuten espektro politikoa erabat zartarazi zen 2017an Macronek garaipena lortu zuenean. Ordurako, magnitude handiko lurrikara izan zen, zirt-zart lortu baitzuen bere bi alboetan kokatutako eskuin eta ezker liberalak irenstea, zentro hegemoniko bat eratuz.

Agintaldian zehar, posizio hegemoniko hortatik gogorki eramandako neurri antisozialek, bozkatzaileak muturren besoetara igortzea izan du ondoriotzat; batez ere, azkarki normalizatzen ari den eta hegemonia kulturala bereganatzen ari den eskuin muturrarenera.

 

2017an, sozial-liberalismora jo zuen frantses alderdi sozialistaren erroreraren lekuko izan baginen; aldi huntan, eskuin kapitalista-tradizionalaren txanda izan da.

 

Bere bozkatzaileak eta kuadro politiko gehienek zentro liberalaren hautua egin dute baina kopuru geroz eta handiagoak eskuin muturreruntz salto egiten du. Eskuin muturrak sekuentzia oparoa ezagutu du, bai bozen hazkundean, bai eta RN alderdiaren diputatuen gorakadan.

Xake-taularen beste aldean, ezkerrak, lehendakaritza hauteskundea irabazi-ezinaren aurrean, beste partida bat jokatu du: ezkerreko blokeoaren lidergoarena. Hautagaitza pletoriko eta bananduen artean, LFIko Mélenchonek jakin izan du gazteriarengana iristen, klima aldaketaren erronka bereganatzen eta eredu liberal-kontserbazionistak bazterturiko publikoak hunkitzen. Bigarren itzulian kokatzeko aukeraz baliaturik, “bozka baliagarria”ren efektua bere mesedetan aritu da ezkerreko lidergoa eskuratzeraino. Posizio hortatik, LFIko indarrek pentsaezina lortu dute xake mugimendu guttitan, legebiltzarrei begira ezkerreko blokeoa batuz NUPES koalizioaren baitan. Azken horrek efektu mediatiko azkarra izan badu, frantses ezkerreko hauteslean sortu zituen espektatibak ez ditu bete.

 

LFIko indarrek pentsaezina lortu dute xake mugimendu guttitan, legebiltzarrei begira ezkerreko blokeoa batuz NUPES koalizioaren baitan.

 

Hiru bloke nagusiz osatutako panorama politikoa egonkortzen ari zaigu beraz Frantziar Estatuan: ezker muturra, eskuin muturra eta muturreko zentro bat. Asanbladan, gehiengo absoluturik gabe, negoziaketarako eta akordioen aroa idekiko da. Hortan, nekez bizirauten ari den eskuin liberaltradizionalak paper zentrala izan dezake.

 

IPAR EUSKAL HERRIKO UHINA

Ipar Euskal Herrian, berriz, beste mota bateko atxikimendu politiko bat ageri zaigu.

Zentroko blokeoak, hegemonikoa izaten segitzen du. Lehendakaritzan, Macronen aldeko boza lehen indar gisa ateratzen da. Biarneseko Jean Lassallek, egiazko atxikimendu bat ezagutu zuen ere. Legebiltzar hauteskundeetan beste behin konfirmatu da joera hau, zentroko hautagaiak lehen indarrean ezarriz Ipar Euskal Herriko eremuan.

 

Eskuin muturrak ezagutu duen gorakada oso kezkagarria da Ipar Euskal Herrian.

 

Gehien hazten ari den indarra da nahiz eta, ohikoa den bezala frantses estatuari konparatuz, hemen atxikimendu askoz apalagoa izaiten segitzen duen.

Ezkerrean, lehendakaritza hauteskundeetan, Jean Luc Mélenchonek “bozka baliagarria”ren mesedea lortu badu, 2017ko hauteskundeekin konparatuta, LFIren emaitzek atzerakada bat ezagutu dute gure herrian. Legebiltzarretan ere, NUPESeko ezkerreko blokeoak, 2017an ezkerreko indar barreiatuek lortu zuten emaitza baino apalagoa atera du. Lurraldean sustraitze faltak eta herri prozesuekiko epeltasunek, ezker frantsesaren dinamika motz utzi dute.

 

Lurraldean sustraitze faltak eta herri prozesuekiko epeltasunek, ezker frantsesaren dinamika motz utzi dute.

 

EH Baik, baldintza berezi hautean, bere hazkundea segitzen du. Ezkerreko blokeoaren bozka baliagarriaren kaltea sufritu badu ere, frantses erronketan kokatutako hauteskunde legegileen, emaitzak azkartzen ditu toki guzietan eta batez ere hain zaila zaigun Baiona inguruan. Tokiko gaiak eztabaida erdian kokatzen jakin du eta lurraldeko ezkerreko lehen alderdi gisa indarturik ateratzen da.

 

EH Baik, frantses erronketan kokatutako hauteskunde legegileen, emaitzak azkartzen ditu toki guzietan eta batez ere hain zaila zaigun Baiona inguruan.

 

Ororen buru, hamarkada luzeetan, Ipar Euskal Herrian hainbat gotorleku politiko gakotzen zituzten ezker edo eskuin frantseseko betiko ordezkari klasikoak, aparatu politikorik gabe gelditzen ari dira frantzian gertatu den lurrikara politikoaren ondorioz. Estatu mailako alternantzia politikoa lehiatzen duten ezkerreko eta eskuineko muturreko lider berriek, gaurkoan, ez dute baldintzarik erakusten Ipar Euskal Herrian egiazko dinamikarik ezagutzeko. Lurralde mailako ondoko hauteskunde hitzorduetan aukeraz beterik dugu beraz Ipar Euskal Herriko abertzale ezkertiar ekologista eta feministen antolakunde politikoa den Euskal Herria Bai.