SINADURAK

June Iartza Almandoz

Ernaiko kidea

Feminismoz busti gaitezen, olatuak harrapa ez gaitzan

2023-12-26

Izaera antifaxista du gure herriak; memoria, diskurtsoak eta praktikak uztartuz, faxismoaren aurka antolatu da, eta haren kontra ekin du. Gernikako bonbardaketaren errautsetatik birsortu da. Elbira Zipitriaren gau eskolak Euskal Herriko hamaika txokotan ugaldu dira. Bentaundin askatasunaren aldeko oihuaren oihartzunak entzuten dira. Euskaldunako langileen borrokarako grinak eredu izaten jarraitzen du. Basaurin abortuaren aldeko borrokak bizirik dirau. Oñatin abiaturiko lehen Korrikak Baiona izango du helmuga bere 23. edizioan.


Argazkia: Miguel Bruna, Unsplah

 

Eta baditugu urteen poderioz egiten jarraitzen ditugun hainbat ekimen, herria indartzeko eta egiteko balio dutenak: Aberri Egunaz, Martxoaren 8az, maiatzaren 1az zein irailaren 27az ari naiz.

Baina antifaxismoa herri honen funtsean mantendu nahi badugu, aipaturiko ondareari eusteko, belaunaldi berriok antifaxismoa berrasmatuko beharko dugu, garaiko erronkei erantzungo dieten balioetan oinarrituta. Ezin dugu ulertu Euskal Herria mundu mailan gertatzen ari diren joera eskuindar eta faxistetatik at. Mundu mailako oldarraldi eskuindarra irits daiteke gure herrira, gure kulturara eta gure gorputzera, eta horri ateak ixtea denon ardura da. Ertz ezberdinetatik, betaurreko ezberdinekin... baina, finean, gure herria faxismoari ateak ixten ari da.

Feminismoa da azken urteotako mugimendu eraldatzaile nagusia. Feminismoa da faxismoaren aurkako txertorik onena, badakigulako orbain historikoak borroka kolektibo bihurtzen, eta borroka kolektibo hori tresna politiko gisa erabiltzen. Feministok memoria dugu orbain politiko eta sozial, eta dagoeneko bihurtu dugu borroka eta antolaketa kolektiborako botere, jarrera antikolonial, feminista eta antikapitalista batetik. Baina mugimendu horrek espazioa irabazten duen aldiro,  erreakzio kontserbadoreak sortzen dira (baita ezkerreko mugimenduetan ere), eta horrekin ultraeskuinaren balioak indartzen dira.

Horren aurrean, funtsezkoa da burujabetza feminista aldarrikatzea: bizi nahi dugun bizitzaren inguruko erabakiak hartzeko gaitasuna borrokatzea, guztiontzako bizi duinak aldarrikatzea, gure sexualitatearen burujabetza bultzatzea, euskaraz bizitzeko eskubidea defendatzea... Finean, burujabetza politikoari, pertsonalari eta materialari buruzko estrategia baten beharra dugu, feminismotik denon bizitzak erdigunean jartzeko eta bestelako gizarte eredu bat martxan jartzeko.

Herri honek mendez mende bizirik iraun du, baliabideak eraiki dituelako garaiko arazoei eta erronkei begietara begiratzeko, tamaina hartzeko, eta aurre egiteko. Orain, Euskal Herriak olatu errakzionario eta kontserbadorea gainditu behar du, oldarraldi faxistari aurre egin behar dio, eta askapen prozesuak indartsu jarraitu behar du. Hori guztia lortzeko, ezinbestekoa da feminismoaren ekarpena bere egitea. Feminismoak erakusten digu bidea; ibilian egiten den bidea, oztopoak gainditzeko tresnak ematen dizkigun bidea.

Gerrara ohitu zintezke, baina gerra egon badago.