Argazkia. Unsplash / Arisa Chattasa
Batzuek jada adin bat ere badugu eta zahartzen ari edo eta sikiera heldu garenaren baieztapena ere bada, parte sentitu eta oraindik ere parte sentitzen garen horrek jada 20 urte bete dituenaren konstatazioa.
2002 urtea urte berezia izan zen guretzat, aurreko urteetan barne mailan garatutako eztabaidek eman baitzuten fruitua; Euskal Herriko Bilgune Feministak bere burua antolatu nahiz ibilbide publikoa abiatzera zihoala plazaratu baitzuen. Euskal Feminismoaren oinarri ideologikoak bere egin, plan estrategikoa diseinatu eta berau garatzeko konpromisoa hartu zuen. Bidea marrazten hasi zen Euskal Herriko arlo estrategikoetan zuzenean eragin nahian. Sorkuntza horren aurrekarien parte izateak, nahiz lehen urte haietako antolaketan buru belarri ibili izanak harrotasunez betetzen gaituen zerbait da.
Ez zen erraza izan, sexuen arteko zapalkuntza bera auzitan zegoen garai horretan mugimendu soberanistan. Euskal Herrian emakumeok pairatzen genituen diskriminazio eta zapalkuntzen argazkia erakusten zuen diagnostikoa osatu genuen; euskal feminismoak hartu behar zuen zentralitate berria eztabaidaezina bilaka zedin.
«Ez zen erraza izan beraz, patriarkatua eztabaida ezina zela nahiz gure egunerokoan eragin handia duenaren ebidentzia lortzea.»
Ez zen erraza izan, berezko zapalkuntzak berezko estrategia eskatzen zuela ulertaraztea. Hau da, justizia sozialaren aldeko lana edo estatugintza ez zirela nahikoa, estrategia feminista integrala behar genuela. Eta ez zen erraza izan, denok interpelatuko gintuen, den denok, izate arrazoi nagusi feminismoa izango zuen eragile autonomoa behar genuela indartzea eta kokatzea.
Hipotesiek bere fruituak eman dituzte. Zapalkuntza hirukoitza berriro ere erdigunean jarri eta lortu genuen beraz, bidea garatzea; gerora ere garatzen, eraldatzen, zabaltzen eta garai berrietara moldatzen abila den mugimendu berri bat abiatzea. Asko dago oraindik egiteke, baina eragiletza eta sentsibilitate feminista nahiz abertzalea nagusi da gure herrian, eta honek, ekarpen kualitatiboa eta kuantitatiboa egiten dio gure herriko politikari.
Asko ibili eta garatu gara ordutik, Bilgune Feministak bide propio eta aberatsa garatu du ordutik hona, bir-asmatu eta arakatu ditu bazterrak, borobildu ditu ertzak, sortu poriedroak eta mugiarazi barrenak...
«Erronka zahar eta berriei eutsiz dena aldatzen, eta aldatzeko ari garela jartzen praktikan.»
Bizi kolektibo baten ibilbidea biziki ospatzeko moduko zerbait da, harrotasunez aldarrikatu eta errebindikatu daitekeen zerbait... Zorionak Euskal Herriko Bilgune Feminista! Urte askotako!
Asko aurreratu du feminismoak nahiz euskal feminismoak 20 urte hauetan. Garaian imajinatu ere egin ez genuen modu eta tamainan. Eta orain, testuinguru berri baten aurrean gaude, mundu mailan nahiz Euskal Herrian. Baliatu dezagun 20. urteurren hau indarrak hartu eta etorkizunari anbizioz begiratzeko, erronka handiak ditugu eta aurrean!
Ezin lerro hauek amaitu, Oñatin ekainak 11 eta 12an ospatuko den Topagune Feministan parte hartzeko deialdia egin gabe. Aukera paregabea izango baita, elkar ikusteko, elkar sentitzeko, elkar eztabaidatzeko eta elkar ospatzeko. Gozatu dezagun, merezi dugu eta!