SINADURAK

Andoni Olariaga Azkarate

Iratzar Fundazioko kidea

Ezkerra, ideien lehia eta ziurtasunak

2021-02-07

Bizi dugun pandemiak, gure bizitzen astinaldi izugarria izateaz gain, atzetik ekartzen genituen logika neoliberalak, pribatizazio joerak, desdemokratizazio logikak, sinesmen sendoen urraketak, eta ideien lehiak, azeleratu, azaleratu eta polarizatu ditu. Ziurtasunak eraiki ala deseraiki?


“Nik ere nahi nituzke

Halako segurtasunak eduki

Baina gauzak zer diren

Kontuak ez zaizkit ateratzen ongi”

Ruper Ordorika

 

Argazkia. Unsplash / Alexander Sinn

 

Krisi baten erdian, berriz ere

Pandemia hau gure gizarteak sostengatzen zituen hainbat ziurtasun moral, espiritual, politiko eta kulturalen arrakala baten gainean gertatu dela ezin baita ahaztu: sinesmen zaharrak kolokan daude; gizartea eraldatzeko errelato nagusiek indarra galdu dute (neoliberalismoarenak izan ezik); balio eta tradizio hegemonikoak (familia, estatu-nazioa, generoa...) zalantzan daude; mendebaldearen nagusitasun moral eta politikoa (AEB, Europa) ere, kolokan; patriarkatuaren sistema kultural, politiko eta morala inoiz baino diskutituago eta borrokatuago; eta zer esanik ez, zientziaren eta teknikaren neutraltasuna ere, zalantzan.

Aurrekoari hainbat gertaera historiko eta politiko gehitu behar zaizkio, dimentsio osoa mahai gainean jartzeko. Bloke sobietarraren erorketa eta Berlingo murruaren eraisketa. Margaret Thatcher-en gizartearen bukaera, eta Fukuyamaren historiaren akabera. Propaganda modernoa eta mass mediak. Fake newsak. Fordismoaren deslokalizazioa, postfordismoaren etorrera eta fabriketako langile klase gizon hegemonikoaren zentraltasun galera; lanaren atomizazioa. Lan produktibo eta erreproduktiboaren izaera banaezina. Metaerrelato nagusien bukaera, Euskal Herrian izaera propio batekin. Eta abar luze bat. Baina gaurko krisia ez da berria. Izan ere, hamarkadak daramatza ezkerrak zibilizazio hizketan. Eta zein da krisi hori? Finean, modernitateak sortu, hedatu eta inposatu dituen ziurtasun kultural eta politikoen higadura da. Eta, hain zuzen, testuinguru historiko horretan kokatu behar da pandemia honetan ematen ari diren hainbat eztabaida eta erreakzio.

 

«Modernitateak sortu, hedatu eta inposatu dituen ziurtasun kultural eta politikoak higatu dira. Testuinguru historiko horretan kokatu behar da pandemia honetan ematen ari diren hainbat eztabaida eta erreakzio.»

 

Postmodernitatea, ziurtasun ezaren aroa

Ziurtasunen galera horiek azaltzeko oso atzera egin behar da, prozesu historiko baten fase baten parte delako. Erdi Aroaz geroztik Mendebaldeko pentsamenduak bi tradiziotatik edan du: jakintza judeokristaua eta filosofia greko-erromatarra. Lehenak historiaren teleologia (eskatologia kristaua), eta bigarrenak egia, zientzia eta teknologia utzi dizkigu ondare, eta historiaren bi kontzepzio kontraesankor: lineala bata (denbora aurrera joan ahala dena aurrerabidean dago), zirkularra bestea. Bi etika eredu: altruista lehena, epikoa edo heroikoa bigarrena; bi paradigma politiko, demokratikoa eta aristokratikoa; bi eredu espiritual, askatzailea bata, fatalista bestea.

Zer gertatu zen modernitatearen lehen fasetik (XVII. mendea) aurrera? Tentsio batean garatu da, etengabeko hedapen eta transformazio dialektika betean: hasierako arrazionalismoari emozioen eta afektuen garrantzia gogorarazi zitzaion (Hume, Spinoza –azken hau, gaur bogan berriz, neoliberalismoa ulertu eta proposamen eraldatzaileak egikaritzeko), hasierako arrazoi unibertsal hutsa zikinduz; bigarren modernitateak herrien, kulturen eta historiaren lekua gehitu zuten arrazionalitate are zikinduago hartara (kontramodernitate alemana); ilustrazioaren berdintasun unibertsalaren kritika egin zen feminismotik, gizarte zibilaren paktuak –publikoa eta pribatua bereiziz- emakumeen subordinazioa izkutatzen dutela salatuz; klase dominanteek produkzio bitartekoen jabe direla eta, hortaz, historiak ez zuela arrazionalitate itsu batek gidatzen, klase borrokak baizik, aldarrikatu du ondoren Marxek; Nietzscheren perspektibismoa dator Jainkoa (hots, ikuspegi eta ezagutza neutral eta pribilegiatu oro) hiltzera gero, ondoren teoria kritikoa eta positibismoaren kritika, gizakiari buruzko zientzia berrien ikerketak antropologia optimistenak ondoratuz; kritika antikolonialak eta dekolonialak, ezagutza eta arrazoia mendebaldeko botere forma koloniala dela gogoratuz; feminismoaren olatu berrien kritikak gizartea kontratu sexual baten gainean altxatzen dela esanez... Beraz, modernitate-ostea modernitateko hainbat ziurtasun eta dualismoren apurketa ekarri du: gaur ezagutza eta historia mendebaldar hegemonikoa zalantzan jartzen ari da kritika dekolonialetatik, dualismo kartesiarrak difuminatu dira (zientzia versus fedea, arrazoimena versus emozioak, gizakia –gizona– versus natura, sexua eta generoa, materiala ala identitarioa...); estatu-nazioen iruditeria dogmatiko guztia (nazio batasuna, eta abar) kolokan dago; familia hegemonikoa eta sexu-genero sistemaren iruditeria beste hainbeste...

 

«Gure garaiko egitura sozialen oinarri moral eta kulturalak erlijiosoak dira, dogmatikoak: estatu naziotik hasi, familiara pasa, naturaren ulerkeratik jarraitu eta ordenatzen gaituzten dualismo guztietan bukatuz.»

 

Funtsean, unibertsala eta garbia den arrazoimen hori (eta horrek garatu dituen sinesmen kultural, moral eta politikoak), birrinduta eta puskatuta sartzen dira XX. mendearen bukaerara. Pusketa horietako asko, ordea, azken helduleku dogmatikoak bilakatu dira, edozein modutan babestu beharreko heldulekuak. Izan ere, ernazimenduarekin, eta, batez ere, modernitatearen lehen fasearekin (XVII. mendean hasten dena), erlijioaren eta estatuaren funtzioak aldatu baina ez zen sekularizaziorik gertatu, eskola liburuetan esaten denaren kontrara: jainkoaren irrefutabilitatea zientzietara pasa zen eta kapitalismo ekonomikoaren determinismo eta naturaltasunaren sineskerak sendotu ziren, natura kanpo agente bezala pentsatu eta horren ustiaketa gizakiaren muga gabeko eskubide gisa ulertzera pasaz. Horrela, kultura “sekularizatu” modernoaren zutabeak erlijio judu-kristauaren balio espiritualez eta dogma moldez zipriztindu ziren goitik behera: progresoaren sinesmena, historizismoa, positibismoa, estatu-nazioen banaezintasuna (gogoratu espainiar konstituzioaren bigarren artikuluaren dogma bere batasunaz...)... Gure garaiko egitura sozialen oinarri moral eta kulturalak erlijiosoak dira, dogmatikoak: estatu naziotik hasi, familiara pasa, naturaren ulerkeratik jarraitu eta ordenatzen gaituzten dualismo guztietan bukatuz.

 

Herbeeretar alderraia, Albert Pinkham Amerikako estatubatuarraren artelana. Kondairaren arabera, portura itzuli ezinik, betirako itsasoan nabegatzera kondenatua, lur hartu ezinik alderrai zebilen itsasontzia zen. Garai postmodernoen analogia bezala balio dezake. Argazkia / Wikipedia Commons

 

Ideien lehiaren dimentsio berriak

Prozesu luze hau, funtsean, modernitateak sortutako ziurtasun eta dualismoak interes, perspektiba, botere harreman, eta testuinguru sozial eta politiko baten emariak direlako kontzientzian bukatu dute. Baina kontzientzia hori ez da goxoa. Modernitate-ostea, ez da, beraz, kapitalismoak errelatoak fragmentatzeko asmatutako mamua, ezta ulertzen ez ditugun artelanak saltzeko operazio ezkutu bat. Modernitatearen ondorio bat baino ez da: modernitateak hasieran sortutako ziurtasun, iruditeria eta dualismo guzti horiek gaur ezbaian daude. Osotasuna zegoen lekuan, puskak geratu dira. Mendebaldeko pentsamendu hegemonikoaren zutabe nagusiak arrakalatu dira. Eta postmodernitatea prozesu horren azken geltokia baino ez da. Eta anabasa guzti horri deitzen zaio, hain zuzen, modernitate-ostea. Ez zegoen halako prozesu bat deskribatzeko kontzeptu hoberik; garai baten ostea. Oste horrek, ordea, zerbaiten agorpena irudikatzen duen bezala, agorpen horri itsatsita bizi den garaia dela ere adierazten du. Zaharraren defentsaren eta zahar horren etengabeko kritikaren arteko tentsioan gaude. Ideien lehia hor kokatzen da, inoiz baino polarizatuago dagoelarik.

Ezkerraren XXI. mendeko imajinario berriak ez dira gai beren espazio tenporala, beren espazio koiuntural eta historikoa gainditzeko. Baina ziurgabetasunak ziurtasun zaharrekin borrokatu nahi izatea, imajinazio falta izugarria izateaz gain, ezkerraren erabateko porrota adierazten dute. Ziurgabetasunak, ordea, posibilismo hutsarekin erantzutea ere, kamutsa da epe luzera, horizonte konpartituak eraikitzeko zailtasunak erakusten baititu. Zer gertatzen da, ordea, bitartean? Ziurtasunen urraketa etengabeko krisi honetan, eskuin muturrak krisiaren errua (zentzu moral eta politikoan) behekoengana desplazatu du, zaurgarrienetara: migranteak, feminismoa, separatismoa, gobernu aurrerakoiak... Eta krisiaren irtenbiderako gure pasio indibidualistak astintzen saiatu da; egoeraren ukazioa, norberaren errespontsabilitatea komunarekiko askatuz (askatasunaren diskurtso ultraliberalarekin), balio eta printzipio zaharrak “naturaltasunez” aldarrikatuz (politikoki inkorrektoaren markopean arrazismoa, matxismoa, negazionismoa eta beste nazio zapalduen suntsiketa aldarrikatuz)… Arerioak mezua argia du, agenda desplazatu nahi du eta mundu mailako alternatiba osatzen ari da.

 

«Zaharraren defentsaren eta zahar horren etengabeko kritikaren arteko tentsioan gaude. Ideien lehia hor kokatzen da, inoiz baino polarizatuago dagoelarik.»

 

Euskal Herria nola harrapatu du aurreko prozesu horrek? Euskal Herria oso berandu etorri da azken geltoki horretara, azken hamarkadetan, presaka eta korrika, hain zuzen. Modernitatea ziurtasunen bilaketa eta inposaketa filosofiko, politiko, artistiko eta abarra izan baldin bazen, postmodernitatea ziurtasun horien bilaketa genealogikoa eta deseraikitze borroka bat baino ez da izango. Eta horrek, gurean, iraganekoaren, eraiki beharrekoaren eta nostalgiaren arteko tentsio bat sortu du.

 

Ezkerra eta ziurtasunak

Izan ere, zaharra kritikatu eta desmuntatzen duenak zerbait montatu beharra dauka tartean, beste norbaitek bere muntaia zaharra gogor defendatzen duela jakinda. Gaurko krisiaren testuinguruan, ukazio zein konspirazio teoriek zein Europan berrindartu diren antigoaleko ezker obreristek modernitateko errelato nagusi agortuen emarietatik edaten dute (elite omnipotente bat irudikatzen dute, iruditeria kristauari jarraitzen dion ikuspegi teleologikoa oinarrian). Funtsean, ziurgabetasun faltari erantzuten diote: lehenak krisiaren esplikazioan, bigarrenak konponbidean. Horrek esan nahi du, horizonte berrien gabeziak eragiten duen ezinegon globala dela gaurko sinesmen nagusia. Alvaro García-Lineraren hitzetan, zentzu komunak aldatzeko aukerak irekitzen ditu, ziurtasun berriak sortzeko abagunea ireki, hain zuzen. Hori da azken aldian ezkerra aldarrikatzen dabilena: ziurtasun faltaren aurrean, ezkerrak ziurtasunak eman behar ditu. Eta esango nuke kontuz ibili behar garela aurrekoarekin. Ziurtasunaren galdera antropologikoa baita erabat, izpirituala eta materiala, ezin da bereizi, burmuineko bi hemisferioak bezala. Ze ziurtasun mota eraiki nahi ditugu? Ze ongarriren gainean eraiki nahi ditugu ziurtasunok? Ondasun materialak inportanteak dira (zer esanik ez gaurko prekarietatearen dimentsioa kontuan hartzen badugu), baina etorkizun konpartitua elkarrekin imajinatzeko iruditeriak emango digu aldaketarako erregaia. Ziurtasunak eraiki behar dira, baina horien kontingentziaren kontzientzia argi izanik: ziurtasun guztiak hauskorrak eta kontingenteak direlako.

 

«Ezkerrak idealismoaren inertziak astindu behar ditu lehenik. Idealismoak, funtsean, egoera berrietara moldatzeko ezintasuna, errealitateari muzin eginez soluzio teorikoak bilatzeko infantilismoa erakusten du.»

 

Zein da, ordea, gaurko ezker eraldatzailearen erronka eta zerumuga eraldatzailea? Ezkerrak idealismoaren inertziak astindu behar ditu lehenik. Idealismoak, funtsean, egoera berrietara moldatzeko ezintasuna, errealitateari muzin eginez soluzio teorikoak bilatzeko infantilismoa erakusten du: errealitatea ez bada nire sistemara moldatzen, are okerrago errealitatearentzat. Ezker subiranistarentzat ez dago beste biderik: epe luzeko borroka irabazi nahi badu, eta epe motzekoetan galdu ez, ziurtasun zaharrak helduleku bezala erabiltzeari utzi, eta epe luzeko eraldaketa kulturala (jendartean kritikotasuna eta auto-elkar bizitza sustatuz) eta epe motzeko proposamen konkretuak uztartu behar ditu. Ziurtasunak, egon badaude, baina eraikiak dira, eta hauskorrak; lan asko behar da horiek eraikitzen, eta lan gutxi eta oso azkar horiek eraisten.

Gaurko egoeraren ziurgabetasuna ondorio guztiekin onartzea baino ez da geratzen, eta hortik, horizonte konpartitu bat eraikitzen saiatzea, metafora, kontzeptu eta imaginario berriak proposatuz eta jendartearekin batera aldaketak eginten saiatuz.