ERRIAren eguneroko gomendiotxo hauetan narratiba berriak hartu ditugu mintzagai. Ez da gai makala, izan ere, narratiba politikoak gertatu dena edo gertatzen dena kontatzeko tresna izateaz gain, eragite politikorako tresna bat dira aukera politiko ezberdinei ateak ireki edo ixteko. Hitz hauetan gaian murgiltzen saiatuko naiz.
Aurreko egunetan aipatu den moduan, covid19ak eragin duen krisi multidimentsionalak narratiben lehia bat ere azalaratu du. Krisi anizkoitz honetaz egiten dugun kontakizunak hein handi batean baldintzatuko du zein aterabide emateko gai izango garen. Badago lehiaren erdian kokatzen ari den ideia bat: “krisi honetatik batera aterako gara”. Berdin erabiltzen dute gobernuek, enpresari handiek edo zaintza sareek, adierazle hutsa bilakatu da. “Batera” hori nola ezaugarritzen den gakoa izango da, eta horretarako “Batera” horri zein esanahi ematen diogun funtsezkoa izango da.
Ideologia neoliberal eta patriarkaletik eraikiko den narratibaren gakoak aurretik ikusten hasiak ginen jada eta sakontzen ari dira: ekonomia gaixotuko da denon osasunagatik eta beraz, denok batera sendatu beharko dugu gero (ekonomia esatean, kapital handien metaketaren ekonomia esan nahi da, eta ez bizitzaren mesedetan antolatutakoa); estatu autoritarioen goratzea eta kontrol sozialaren normalizazioa beharrezkoa da gure segurtasunaren izenean, krisi honetatik denok batera atera gaitezen; bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren zaintza lanak eztabaida publikotik baztertuak, horiek ez ditugu batera egingo, heroi prekarioen esku daude; elkartasuna bai, baina modu indibidualean eta guk markaturiko lerroen baitan... Ezin aipatu gabe utzi Espainia eta Frantziaren joera zentralizatzailea. Honetan ere, estatu-nazioa delako protagonista.
Orain dena geldi dagoela ematen badu ere, krisiak aldaketa aldiak dira, munduaz dugun ikuskera aldatzen diren aldiak. Mundua gobernatzen duten eliteak aldaketa hori gidatzeko prestatzen ari dira. Eta aldaketa sozialaren aldekook, zer daukagu esateko? Krisi testuinguru honetan elementu interesgarriak azaleratzen ari direla ikusi dugu hainbat eta hainbat elkartasun praktiketan: zaintza sareetan batera zaintzen ari gara, elkar zaintzen; egoera honetatik batera ateratzeko lehentasun sozialak aldarrikatu ditugu, pertsona zaurgarrienak babesteko… Baina nahikoa al dira guzti horiek krisi honen aterabidea sistema aldaketaren norabidean kokatzeko?
Krisi momentu hau katarsi momentu bilakatu beharrean gaude, hau da, elkartasunezko balioetan oinarritzen diren eta bizitzak erdigunean jartzen dituzten egitasmo ezberdin guzti horiek zeharkatzen dituzten baloreetatik “Batera” hori bete dezateketen elementu konkretu eta partikularrak narratiba komun artikulatu behar ditugu. Artikulatu, bai. Mugimendu feministatik, eremu sindikaletik, eremu politiko instituzionaletik, mugimendu ekologistatik… narratiba eta alternatiba interesgarri eta zabalak eraiki dira. Mugimendu sozial horiena izatetik krisi honen aterabide neoliberal eta patriarkalak kaltetutako guztiona den narratiba eraiki ezean nekez lehiatu ahalko dugu ideologia neoliberal, patriarkal eta, Euskal Herriaren kasuan, espainol eta frantsesaren hegemonia. Hau da, “batera” hori zer den elkarrekin definitu beharko dugu, eta aterabide neoliberal eta patriarkalak kaltetutako guztiontzako proposamen bilakatu.
Artikulazio hori behetik gora egin beharko dugu. “Batera” esanahiez guk bete behera dugu, bertan ikus dezagun gure burua islatuta lan baldintzak okertzen ikusi dituen langile prekarioak, zaintza lanetan aitortzarik gabe jarduten duen emakumeak, alokairua ordaindu ezin izan duen gazteak, migrante kolektiboek, mugimendu feministak, pentsionistek, sindikatuek… Euskal Herrian badago ehun sozial indartsu bat proposamen eredu aldaketa baten bidean proposamenak garatzen, eta proposamen horiek aukera bideragarri bihurtu behar ditugu jendartearen begietara, gure protagonismoa aldarrikatu behar dugu, errelatoaren erdigunera ekarriz. “Baterak” esan nahi du publiko eta komunitarioaren gidaritzapean, eta “baterak” esan nahi du pertsona guztien bizitzak eta eskubide sozialak bermatuz. Narratiba hori eraikitzen eta proposamen zehatzez betetzen hasi behar dugu.
Hemen artikulua entzungai