SINADURAK

Mikel Irastorza Artola

Euskalgintzako militantea eta Sortuko kidea

Euskalduntze prozesua Ipar Euskal Herrian

2022-01-19

Azken hilabeteetan euskarak Ipar Euskal Herrian egituraz pairatzen duen egoeraren ondorioak argiki azaleratu dira, oso bereziki irakaskuntzaren arloan. Paul Molac diputatu bretoiaren ekimenez, hizkuntza gutxituak babesteko lege-proposamena eztabaidagai izan da Frantses Estatuko instituzio nagusietan. Tartean murgiltze sistema orokortzeko neurriak jasotzen zituen egitasmo horrek. Azkenerako, legea onartua izan zen gehiengoz, nahiz eta Emmanuel Macronen Gobernuak bereak eta bi egin dituen bide hori oztopatzeko.


Argazkia. FOKU

 

Kate horren katebegirik argiena bere gehiengoaren 60 bat diputatuk legea onartu eta oren gutxitara ezarri helegitea izan zen. Ondorioz, Kontseilu Konstituzionalak mutilatu eta besteak beste, murgiltze sistemaren hedapena galarazteko erabakia hartu zuen. Hautsak harrotu zituen deliberoak, frantses Estatuan berean kontrako erreakzioak piztuz. Maiatzean hizkuntza gutxituetako lurraldeetako kolektibo ezberdinek deitu mobilizazioen karietara, milaka eta milaka izan ziren Baionako karrikak zeharkatu zituzten herritarrak, neurri horretan gutxitan ikusia. Manifestazio handia inondik ere, bertako eragile eta hautetsien sustenguarekin. 

Argazki horrek zerbait erakusten du. Egun, murgiltze sistemaren defentsak ikastolak gainditzen ditu eta eskola publiko zein pribatuetako komunitateek ere bere egin dute belaunaldi berriei euskara transmititzeko funtsezkoa den xedea. Sare ezberdinetako eragileak elkarrekin mobilizatzen ikustera ohitu gara azken aldian, baina ez da horrenbeste denbora pasa bakoitza berean zebilenetik. Klase elebidunak irekitzeko eskaerak hedatzen joan dira hainbat herritan, guraso, irakasle eta hautetsien aho bateko adostasunarekin. Estatuak debekatu edo galarazi izan du maiz, baina azkenerako, klase horiek irekiak izan dira. Hiriburukoa da adibide ezagunenetarikoa.

 

«Kontseilu Konstituzionalak mutilatu eta, besteak beste, murgiltze sistemaren hedapena galarazteko erabakia hartu zuen.»

 

Berdin esan daiteke arlo politiko eta instituzionalari buruz. Jada ez direlako soilik abertzaleak euskara haien agendan markaturik dutenak. Ikusi ahal izan den bezala, urteak gibelera, kontrakotasunean izan diren frantses sektore politikoetako egungo ordezkari ainitz herri eragileekin batera ikusi ditugu karrikan eta baita instituzio ezberdinetan ekinbide ezberdinak aitzina eramaten ere.

 

Mugimendu abertzalearen bultzada

Izan ere, hizkuntza ordezkapen eta asimilazio prozesu luzeak etenik izan ez badu ere, zenbait gauza aldatu dira Ipar Euskal Herrian. Duela ez hainbeste euskararekiko kontrakotasuna nabarmen hedatuagoa zegoen gizarte sektore zabaletan, eta zer esanik ez, arlo politiko zein instituzionalean. Euskararen defentsa abertzaleen eta euskaltzale suharrenen kezka zen batez ere. Faktore gehiagorengatik izan badaiteke ere, oro har mugimendu abertzaleak azken bi hamarkadetan egin dituen aitzinamenduen emaitza dela erran genezake. Bere funtsezko ideia batzuk jendartean hedatzen ari dira, elektoralki ere borroka horiek kapitalizatzen ari da emeki-emeki eta familia politiko ezberdinek egokitu behar izan dute beren posizioa.

Zalantzarik gabe, abertzaleak eta euskaltzale konbentzituenak izanen dira geroan ere Euskal Herriaren euskalduntze prozesuaren motorra, baina beste fase baten aitzinean egon gaitezke herri ikuspegitik adostasun berriak eta ekinbide bateratuak garatzeko. Zenbait aldarrikapenen espantsio garai bat bizi dugu Ipar Euskal Herrian eta horiek, zailtasunak zailtasun, manera bateratuan eramateko apustua egiten ari da azken hamarkadan. Ipar Euskal Herria aintzat hartzen duen lehen instituzioa erdiestea edota gatazkaren ondorioen konponbidean eramandako ekinbidea dira hurbileko ibilbide horren adibide esanguratsuenak.

 

«Zenbait aldarrikapenen espantsio garai bat bizi dugu Ipar Euskal Herrian eta horiek, zailtasunak zailtasun, manera bateratuan eramateko apustua egiten ari da azken hamarkadan

 

Estatua ez da aldatu, bai haatik parean den Euskal Herria. Euskara «barne» konfrontaziorako gaia izan da luzaz gurean, baina pausoz pauso, Estatuarekiko konfrontazio elementu zentral bilakatzen ari da. Erran daiteke hori dela fase politiko berri honetako funtsezko gakoa: Euskal Herrian adostasunak eraiki, bide komuna egin eta Estatuak ezartzen dituen langak gainditzeko erabakitasunez jokatzea.

Aipamena merezi dute herriko etxeetan azken hilabeteetan bideratzen hasiak diren hainbat proiektuk. Frantziar alderdietako tokiko ordezkariak euskaldunon hizkuntz eskubideen bermea xedetzat hartuko duten egitasmoen alde engaiatzen ikusi ditugu gizartearen aitzinean, Hendaian kasu, Euskalgintzaren Kontseiluak sustaturiko Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izenpetzen Euskal Herriko lehen hiru herrien artean kokatu baita. Gisa berean, Itsasuko herriaren iniziatibari tiraka, Euskal Konfederazioaren bultzadarekin, hamarnaka dira Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu duten herriak. Gogora ekartzekoa da, halaber, frantses Estatuak ez duela Itun horren berrespenik egin. Bada, Euskal Herrian Herriko Etxe horiek abenduan egin dute ekitaldi ofiziala elkarrekin. Bi borondate ageriko: Euskal Herria eta Estatua.

 

Argazkia. FOKU

 

Estrategiak berpentsatu

Ipar Euskal Herrian zerbait mugitzen ari da eta horrek estrategiak berpentsatzea galdegingo du, euskara normalizatzeko helburuan aitzinamendu kuantitatibo eta kualitatiboak eman nahi badira. Frantses Estatutik heldu diren erasoek blokeo egoera jasanezinak inposatzen dituztelako, ez soilik murgiltze sistemaren hedapenerako, hizkuntza politika ausart eta eraginkor bati buruz baizik. Egun misio hori bete behar duen Euskararen Erakunde Publikoaren jarduera bera baldintzaturik dago, legeek eta Parisen hartzen diren erabakiek kateaturik. Ez da ahaztu behar euskal hiztunen komunitatea %20 ingurukoa dela soilik hiru lurraldeetan.

Nahikeria sozial eta politiko bat dago euskarari beste hauspo bat emateko, baina ez dezagun ahantzi koadro legalik gabe segitzen duela euskarak, babes eta ofizialtasunik gabe, frantsesa hizkuntza bakartzat hartzen duen estatu baten esanetara hala moduz bizirauten. Aldaketa garrantzitsuak aipatu baditugu ere, ez da begi bistatik galdu behar egun ere egoera zinez makurrean dela gure hizkuntza. Dena ez da ez xuri ez beltz. Baikorrak izan gaitezke, baina egoera ongi aztertzen jakin behar dugu, ondotik estrategia egokiak pentsatzeko eta ekinbide berritzaileak asmatzeko.

 

«Nahikeria sozial eta politiko bat dago euskarari beste hauspo bat emateko, baina ez dezagun ahantzi koadro legalik gabe segitzen duela euskarak.»