SINADURAK

Igor Zulaika

EH Bildu nazioarteko zuzendariaren ondokoa

Etxetik Munduari begira: Interesen jokozelaia

2020-04-27

Nazioarteko politika ez da asko aldatu urte guzti hauetan. Badira aliantza zaharrak eta mesede zaharren ordainetan hartzen diren erabakiak, baina orohar, interes ekonomiko, militar edo geopolitikoen arabera hartzen dira munduan erabakiak.


 

1848ko martxoan Lord Palmerston,  Erresuma Batuko Kanpo Aferetako Ministroa eta gerora Lehen Ministro izango zenak, ondo laburtu zuen Erresuma Batuko kanpo politika: “Beraz, herrialde hau edo hura Ingalaterraren betirako aliatu edo etsai amorratua dela pentsatzea politika mugatu bat dela diot. Ez dugu aliatu iraunkorrik eta ez dugu betiko etsairik. Gure interesak dira iraunkor eta betikoak, eta interes horiei jarraitzea da gure betebeharra".

Nazioarteko politika ez da asko aldatu urte guzti hauetan. Badira aliantza zaharrak eta mesede zaharren ordainetan hartzen diren erabakiak, baina, orohar, interes ekonomiko, militar edo geopolitikoen arabera hartzen dira munduan erabakiak.

Hegemonia lehiak gori-gorian jarraitzen du. XXI. Mende hasiera honetan, mundu unipolarrak multipolarrari ireki dizkio ateak. Txina hegemonia ekonomikoa eskuratzeko bidean da. Era berean hegemonia militarra eta kulturalak Estatu Batuen esku egoten jarraituko duela ematen du. Munduan zehar eta eskualdez eskualde mota guztietako lehiak ematen dira: adibide bi jartzearren, hor daude Pakistan eta Indiaren arteko lehia historikoaren kasua edo Iranek eremu chiian jokatu nahi duen paper zentrala.

Hegemoniaren bilatzea interesen defentsa egiteko beste modu bat ere bada eta interesak forma askotakoak izan daitezkeela kontutan hartu behar dugu; batzuetan ekonomikoak, beste batzuetan lurraldearen kontrolari loturikoak, batzuetan epe luzeko interesak dira eta beste batzuetan oso epe laburrekoak. Kasu gehienetan interes ekonomikoa dependentzia estrategikoarekin loturik egoten da, energiaren alorrean edo teknologia militarrean.

Europar Batasunak kontsumitzen duen gasaren %40aren hornitzailea da Errusia. Azken urteetan kopuru hori handitzeko asmoz, "Nord Stream 2" izeneko gasoduktu garrantzitsu bat eraikitzen ari da itsaso baltikoan, Errusian hasi eta Alemaniaraino. 2019ko Abenduan Trumpen administrazioak alderdi errepublikar eta demokraten babesarekin, gasoduktua eraikitzen zebiltzan enpresen kontrako santzioak ezarri zituen, %94a bukatua zegoelarik, lanak etetea lortuz eta momentuz gasoduktua amaitzea galaraziz. Santzio horien helburu publiko eta onartua Alemaniak Errusiarekiko izan lezakeen dependentzia mugatu eta errusiar gasa erosi beharrean, Europar Batasuna AEBtatik ekarritako gas likuatua erostera derrigortua egotea litzateke.

Azpimarratzekoa da, aldi berean, AEBetako hegoaldean daude petroleo-findegiek erabateko dependentzia dutela Venezuelan eta Iraken soilik eskuratzen zuten petroleo astunarekiko, eta Venezuelaren kontrako santzioen ondorioz, Errusiatik inportatu dituztela petroleo astun horien ordezkoak osatzeko materialak azken hilabeteetan.

Covid 19ak eragindako geldialdi ekonomikoan, Errusiak bere petroleo produkzioa ez murriztea erabaki du, ematen ari zen gain-eskeintza mantenduz eta prezioen erorketa basatia eraginez. Azken honen ondorioz, AEBetako frackingkonpainientzat ez da errentagarria martxan jarraitzea. Konpainia hauen egoera larriak inplikazio sakonak izan ditzake AEBetako banku sisteman, fracking-a mailegu handiekin ezarri zelako eta petroleoaren prezioak altxatu ezean, krisi sakona eragin dezaketelako.

Hau da, AEBek beraien gasa saltzeko, Europar Batasuna eta Errusiaren arteko gasoduktua gelditzen saiatu dira, beraien refineriek petroleo errusiarra erabiltzen zuten bitartean, eta orain, Errusiak galera ekonomiko bat onartuko du AEBetako fracking-a kaltetzeko asmoz.

Interes joku eta egoera guzti hauetaz kontziente izan behar dugu, baina Estaturik Gabeko Herria eta Nazio askapen mugimendua garela ahaztu gabe. Izan ere, munduko egoeraren inguruan egiten ditugun irakurketak zuzen edo okerragoak izan daitezke, baina benetan garrantzitsua helburua argi izatea da. Gure lana ez delako egoeraren gaineko irakurketak egitea, egoera horietan gure helburuak betetzeko lan egitea baizik.