SINADURAK

Mertxe Aizpurua

EH Bilduren Madrilgo Kongresuko bozeramailea

Espainako Estatua, betiko labirintoan

2022-07-04

Gogokoak ditut labirintoen erreferentziak. Misterio puntua dute, intrigazko edertasuna, arrisku eta diseinu sofistikatuaren nahasketa erakargarria. Madrilgo hemizikloan, ordu luzeetako eztabaida bortitzen erdian, irudi erlijioso, historiko eta fantastikoez hornitutako Diputatuen Kongresuaren sabaiari begira, maiz etorri zait burura Michael Enderen ‘La historia interminable’ obraren labirintoa. Askotan, Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea, entzutean. 


Argazkiak: FOKU

 

Erabakien labirintoa da Michael Endek eskaini ziguna, konplexutasunez beteta: mila ate dituen tenplura iristeko bidean topo egin ahal izateko, behar-beharrezkoa baita tenplua aurkitzeko borondatea izatea, baina era berean beharrezkoa da ez desiratzea. Paradoxa hori bezain paradoxikoa baita Sanchezen norabidea. Labirinto hori bailitzan, betikoa den istorioa errepikatzen da hemiziklo horretan.

 

1978tik aurrera, etengabe, tribunatik gaur egungo Estatuaren muina eta bizkarrezurra dena agertzen baita behin eta berriro.

 

Hamarkadetan zehar Euskal Herriko ezker abertzaleak bakarrik deitoratu eta zalantzan jarri du ‘Trantsizio eredugarriak’ benetako demokrazia batera eraman zuela Espainiako Estatua. Francoren erregimena bukatu zen, bai, baina frankismoa ez zen 78an bukatu. Tirabira eta konfrontazio horretan gauzatu dira azken hamarkadak eta, gaur egun oraindik, horixe da bizi ditugun hainbat egoeren sustraietan dagoena.

Eta, froga modura, azken boladan gertatuko aipamen bat besterik ez: Pegasus auzia, independentismoa politikoki zelatatu eta modu masiboan arakatzeko gobernuaren erabakia, 78ko erregimenaren segida balitz bezala.

Itxuraz gaurkotutako bernizarekin ageri den erregimenaren zutabeak zutik darrai, betiko izpirituak mugiarazten baitu Estatu sakona, betiko tresna, ohitura eta trikimailuak erabiliz. Francoren erregimena bukatu zen, bai, baina frankismoa ez zen 78an bukatu.

 

Francoren erregimena bukatu zen, bai, baina frankismoa ez zen 78an bukatu.

 

Bigarren adibide bat: justiziatik ihes egin dezakeen erregea, ezertxo ere gertatu ez balitz bezala lasai ederrean itzuli daitekeena… Are gehiago, Espainiako herritarrei egindako iruzurraren aurrean, zurituta eta goraipatua agertzen dena komunikabideen laguntzari esker. Erregimenaren zutabeak biak ala biak, oraindik ere zutik dirautenak.

Trantsizioaren errelatoaren inguruko borroka da jokoan dagoena, orain artekoak ez baitu balio. Trantsizioaren errelatoa da gaur egun guda ideologikoaren joko-zelaiaren erdigunean dagoena. Eta 78ko erregimena sostengatu duten alderdiek —PSOEk barne, askotan PP eta PSOEren arteko norgehiagokan zaila baita bereiztea nor den defendatzaile sutsuena—urteotan gertatu diren eskubideen urraketa izugarrien kontakizun zuritua mahaigaineratu dute. Ez soilik Trantsizio garaia iruzurtzat jotzen dugunoi arrazoia kentzeko, baizik eta haien errugabetasuna bermatzeko.

Kontua da 78ko erregimenaren gorazarre unibertsala lausotu egin dela, eta ispilu hautsia berrosatzeko aukerarik ez dagoela jada. Gauzak inoiz ez dira iraganean bezalakoak izango; izan ere, ispiluaren zatiak itsatsi daitezke, baina pitzadurek hortxe jarraituko dute betiko.

 

78ko erregimena sostengatu duten alderdiek urteotan gertatu diren eskubideen urraketa izugarrien kontakizun zuritua mahaigaineratu dute.

 

Beste zerbait ere aldatu da legegintzaldi honetan. Inork espero ez zuena gertatu da bi urteotan: PSOE eta Unidas Podemosen gobernuaren osaketa eta bloke aurrerakoiaren agerpena, gobernuaren jarduna mantentzeko eta ezkerrera egin dezala bultzatzeko indar erabakigarria duena. Berritasun historiko bat, bai. Lehenbiziko aldiz, Espainiako Gobernu aurrerakoia osatzea lortu da alderdi independentisten babesari esker. Baina ez soilik independentisten sostenguarekin, ezkerreko independentistekin baizik. Eta hori ez da aldagai makala, inondik ere.

 

Lehenbiziko aldiz, Espainiako Gobernu aurrerakoia osatzea lortu da alderdi independentisten babesari esker.

Trantsizioaren azpiko oinarrietan lurraldetasunaren auzia beti egonagatik, gaur egun inoiz baino agerikoagoa da Estaturik gabeko nazioen konpondu gabeko auzia dagoela 78ko erregimenaren krisiaren muinean. Funtsean, agintariek lurralde auziari ematen dioten erantzunaren araberakoa izango delako irteera. Bi aukera besterik ez daude: auziaren ukazioan tematzea, inboluzio eta autoritarismoaren bidezidor traketsa hartuz eta orain arteko bidean sakonduz; ala Estatuaren behin betiko demokratizazioa ekarriko duen pasabideari ekitea, zaila dirudien arren fruitu emankorrak eman ditzakeena, urteotan galdutako eskubideak berreskuratzeko aukera eman dezakeena. Azken bide hori Estaturik gabeko nazioetako ezkerreko indar independentisten laguntzarekin soilik eraman daiteke aurrera.

 

Bi aukera besterik ez daude: auziaren ukazioan tematzea, inboluzio eta autoritarismoaren bidezidor traketsa hartuz eta orain arteko bidean sakonduz; ala Estatuaren behin betiko demokratizazioa ekarriko duen pasabideari ekitea.

 

Hori da Pedro Sanchezek aurrean daukan labirintoa. Hain gustuko zuen geometria mugikorraren zutabea (Ciudadanos) betiko hautsita dagoenez, PPrekin akordioak egiteko arriskua dago orain, jakinik PPrekin itunak egitea atzera egitearen parekoa izango litzatekeela; erabaki horrek Sanchez galbidera eramango luke, eta labirintoan betiko galduta geratuko litzateke.

Beraz, lurralde auziaren irteerak zerikusi handia du arestian aipatu dudan Michael Enderen labirintoarekin. Geroz eta mundu nahasi, ezegonkor eta ziurgabeago honetan —Ukrainako gerraren ondorio sozioekonomikoek ez dute leunduko egoera—, hartu beharreko bidean dago koska. Azken finean, berriro ere literaturaren argudioak erabiliz, Aliziaren katuak zioen bezala, bidea aukeratzea ez da horren konplikatua, nora joan nahi duzun badakizu.

Horixe da, hain justu, Estaturik gabeko nazioetako indar independentisten alde dagoena: nora joan nahi dugun badakigula, norabidea argi eta garbi daukagula. Horretan datza gure indarra. Horretan eta 78ko erregimenaren gainbehera, ispilua jada zatitua duelako.