SINADURAK

Ekhi Petriati, Naia Kortaberria eta Elene Lopetegi

Bilgune Feministako kideak

Dimentsioak, gorputzak eta norabideak

2024-11-11

Zuetako batzuk hamargarrenak direla irakurri orduko hasiko zineten aurrekoen segida oroitu nahian. Batzuek, akaso, lortu duzue topaketa bakoitza berehalakoan zerrendatzea, beste batzuek hutsuneren bat edo beste izango duzue. Aurtengoak lehenak bailiran bizi dituenik ere izango da, ziur. OƱati, Orereta, Berriozar, Ondarru, Leitza, Tolosa, Bilbo, Eibar, Leitza. Denboran atzera eginez horiek izan dira egindako geltokiak. Eta aurtengoa, Laudion.


Argazkia: Euskal Herriko Bilgune Feminista

 

Gorputz batek norabide batean hartzen duen hedadura. Esaldi hori zeramaten kartelez bete ditugu azken hilabeteetan Euskal Herriko kale eta sareak. Esaldia bera dimentsio hitzaren definizioa da. Fisikaz aritzen denak erraz ulertzeko modukoa, beste batzuok, aldiz, orain ikasi berri dugu eta kontziente gara ez dela lelo erraza, ohikoa ez behintzat. Baina, egungo testuingurua ere halakoxea da, konplexua, ulertzeko zaila.

Garai aldrebesak bizi ditugu, noraeza da nagusi zentzu askotan eta sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonialista eta arrazistak etengabe kolpatzen gaitu. Sistemaren birfundatze ziklo betean gaudela esan ohi dugu, eta askotariko dimentsioetan sortzen ari diren desberdinkeriak are nabarmenagoak dira.

Errazagoa zaigu, egun, munduaren amaieran pentsatzea kapitalismoaren amaieran pentsatzea baino. Zenbat aldiz errepikatu ote dugu esaldi hori azkenaldian. Baina, ez dugu derrotismoan eta ez dugu inoiz irabaziko bezalako pentsamenduetan erori nahi. Mundua amaituko dela pentsatzeak hainbat erreakzio sor ditzake, eta haien artean antonimoak diren biren artean erabaki beharrean gaude; alde batetik, indibidualismoa eta norbere bizi onaren aldeko hautua egitea, eta bestetik, erresistentzia antolatu eta amaierarekin ordez alternatibak eraikitzen hasteko apustua egitea. Gu, bigarrenaren aldekoak gara.

 

«Lana, zainza, gobernatza ereduak, harremanak, etxebizitza, dirua, elikadura, heziketa, denbora, digitalizazioa, plazera, gorputza... Nola imajinatzen ditugu 2054. urtean? Nola egituratuko dugu gure jendartea? Nola bizi nahi dugu? Nolakoa izango da Euskal Herria Feminista?»

 

Hogeita bi urte luze daramazkigu saiakera horretan, amesten dugun Euskal Herri Feminista eraikitzeko bide eta estrategietan pentsatzen. Topaketak dira horren lekuko; bi urtean behin elkartu eta testuinguruak eskatutako gaien inguruan hausnartu izan dugu. Batzuetan estrategia orokorrak marraztu ditugu, Ondarrun, adibidez, bertan hasi ginen Burujabetza Feminista edukiz betetzen. Beste batzuetan, aldiz, gai konkretuen inguruan aritu gara, gure begirada estrategikoa aldatu eta etengabe kuestionatu asmoz. Tolosan identitateak hizpide izan genituen gisan, edo Oreretan dekolonialitateaz aritu ginen eran, gure bazterrak arakatzen.

Aurtengoan, utopiak ekarri ditugu erdigunera eta horietan pentsatzeko, dimentsioak zaizkigu baliagarri. Hainbat dimentsiotan eragin nahi dugulako eta hainbat dimentsiotan alternatibak eraiki nahi ditugulako. Zergatik diogu dimentsio? Bada, baliagarri zaigulako egitera goazen ariketa izendatzeko eta egituratzeko, eta dimentsio guztietan tresnak eta bideorriak marraztu nahi ditugulako. Irudimenari bide eman eta utopiak lurreratu nahi ditugu. Utopiak utz diezaion, halako batean, utopia izateari eta bihur dadin gure egunerokotasun.

Lana, zainza, gobernatza ereduak, harremanak, etxebizitza, dirua, elikadura, heziketa, denbora, digitalizazioa, plazera, gorputza... Nola imajinatzen ditugu 2054. urtean? Nola egituratuko dugu gure jendartea? Nola bizi nahi dugu? Nolakoa izango da Euskal Herria Feminista? Erantzunak topatu nahi ditugu Laudion. Elkartu, hausnartu eta trantsizio feministarako palanka berriekin atera nahi dugu. Euskal feminismoaren topaleku honetan, urrats bat gehiago eman nahi dugu. Gure etorkizuna erabaki nahi dugu eta etorkizunean pentsatzeak exijitzen dizkigun dimentsio guztietan norabideak erabakitzeko eta horiek hedatzeko ariketa egingo dugu.

 

«Elkarrekin egingo dugula esan nahi diogu elkarri. Borroka plazera dela esan nahi diogu elkarri, eta elkarrekin aritzea hobe dela»

 

Ilusioa ekarri nahi dugu erdigunera, beste mundu bat posible delaren ilusioa eta hori hala izateko gaitasuna sortzeko ilusioa. Norbere lekutik mugitzeko ardurak eta konpromisoak hartu nahi ditugu. Behinola hasitako bidea ez uzteko indarrak bildu nahi ditugu. Elkarrekin egingo dugula esan nahi diogu elkarri. Borroka plazera dela esan nahi diogu elkarri, eta elkarrekin aritzea hobe dela. Askotariko norbanakoz osatutako kolektiboa garela ospatuko dugu, baina batez ere kolektiboa garela eta kolektiboan eraiki nahi dugula herri hau.

Dena aldatzeko ari gara diogu sarri, eta dena zer den argituko dugu Laudion, Emakume* Abertzaleon X.Topaketa Feministetan. Feminsimoak egingo gaitu herri. Ongi etorri Euskal Herria 2054. urtera emakume* trans eta bollera!