SINADURAK

Andoni Olariaga Azkarate

Iratzar Fundazioa

Deriba erreakzionarioa geldiarazi

2024-10-17
ES   

Duela urtebete, kolonialismoaren aurkako kutsua zuen hitzaldi batean, Giorgia Melonik immigrazio masiboaren errua Frantziari egotzi zion, hamalau koloniaren baliabideak ustiatzeagatik txanpon koloniala erabiliz. Burkina Fasoko urre meategietan lan egiten duten haurren errealitateez hitz egin zuen, Frantziak txanpon koloniala inprimatzen duen estatua bera. Meloniren diagnostikoa argia zen: frantziar kolonialismoa da immigrazio masiboaren erruduna.


Argazkia. Unsplash / Ariel Besagar

 

Kutsu antikolonialista duen diagnostiko horretatik (estatu frantsesari begira soilik egina dagoen arren), Melonik bere ondorio autoritarioa aurkeztu zuen: «Irtenbidea ez da afrikarrak Europara ekartzea, baizik eta Afrika zenbait europarrengandik (Frantzia) askatzea, haiek esplotatzen baitituzte; aldiz, pertsona horiek beren lekuetan duintasunez bizitzea ahalbidetzea da konponbidea» (sic). Ezker usaina dauka, ala ez? Non dago tranpa?

Hain zuzen ere, eskuin muturraren tranpa, ustez erradikala eta ezkerrekoa den diagnostiko bat erabiltzean datza, ondoren, antikolonialismoak ematen duen posiziotik, praktika autoritario eta faxistak justifikatzeko. Izan ere, 2023an gutxienez 3.041 pertsona hil ziren Mediterraneoko arkuko itsasoan, gehienak Libia edo Tunisiako kostaldetik Italia edo Malta aldera doazen itsas ibilbideetan. Horrez gain, gobernu italiarrak migratzaileak Albaniara bidaltzen ditu itsasontzi militarrean, horietako asko metalezko espetxe esparru sortu berrietara. 

Horretan datza, hain zuzen, eskuin muturreko rojipardismoa. Faxista da bere sustraietan eta bere politiketan, baina bere politikak zuritzea lortzen du ezkerreko diskurtso jakin bat hackeatuz (antikolonialismoa, kasu honetan). Eskuin muturreko rojipardismoa ezker muturreko erretorika baten bidez agertzen da, historikoki ezkerra eta eskuina izan diren eremuak lausotuz.

 

«Ezkerrak ezin du erradikaltasun erretorikora ihes egin, eta ezin da jarrera erreakzionarioetan erori»

 

Era berean, badago ezkerreko rojipardismoa ere. Ezkerrari berari erasotzen dio esentzia galduen eta subjektu zatikatuen izenean, etorkizunerako esentziak iraganean bilatuz, erretrotopia moduko bat eraikiz. Ezker honen utopia iragan seguruago baten nostalgiara ihes egitean datza. Kasu honetan, migrazioari buruzko analisi antikolonialista eta internazionalistak ere egin ohi ditu ezker rojipardoak, ondoren, arrazista edo autoritarioen etiketa jasotzeko beldurra kendu, eta «ezkerreko posizioetatik» eskuin muturraren enborreko proposamen erreakzionarioak babesteko. 

Kasurako, edozein pertsona bere herrialdean duintasunez bizi eta garatu ahal izatea, Iparralde globalaren ustiapena Hego globalaren gainetik kentzea (lehenengoa bigarrenaren ustiapenaren gainean eratua izanik), helburu emantzipatzailea eta erabat ezkertiarra da. Baina gainazala pixka bat urratuz gero, irakurketa ustez antikolonialista hori erabat tranpatia dela ikusten dugu. Izan ere, gauzaezina den zerbait planteatzen duelako, lehenik eta behin. Izan ere, zein proposamen politikotan islatzen da «migratzaileek beraien herrialdeetan duintasunez bizi» ahal izatea? Erradikalismo erretoriko hutsa da, eta, kasu honetan, praktika autoritarioen ihes, aterpe edo legitimazio gisa funtzionatzen du, ezertara konprometitzen ez duen eta ezein estrategia politikotan itzulpenik ez duen erreakzio ustez «erradikal» gisa.

Bi jarrera rojipardistek (eskuinekoek zein ezkerrekoek) konponbide berera garamatzate: migrazioa geldiaraztea eta «bertakoen» eskubideak «kanpokoen» eskubideen aurretik jarri nahi izatea, arrazoiak edozein direla ere: nazioaren defentsa, Mendebaldeko balioen defentsa, ongizate-estatuaren defentsa.... Hori defendatzeko narratibak elementu desberdinak izan ditzake, kasuan-kasuan: testuingurutik kanpo dauden teoria marxistetatik hasi (migratzaileak erreserbako industria-armada direneko eslogan ezaguna), kutsu arrazista eta etnizisten konspirazioaren teorietara pasa (ordezkapen handiaren teoria, kasu), eta politikoki zuzenaren diktaduraren eta ezker progre txupiguaiaren eskuin muturraren kontakizunean buka (bigarren artikulu batean garatuko dudana).Bada erreakzionarioen hirugarren kategoria bat, egungo ezkerrak bera traizionatzen duela uste duena; ez da rojipardoa, baina oker dago diagnostikoan, eskuin muturraren aurrerapena ezkerraren jardunbide okerrei egozten baitio, ezkerraren artean lubakiak sortuz. Kasu honetan, arazoa antagonismo politiko okerra planteatzea eta lubakiz nahastea da, eta horren ondorioa, ezkerraren zatiketa eta eskuin muturraren gorakadari bide ematea. 

 

«Eskuin muturraren tranpa, ustez erradikala eta ezkerrekoa den diagnostiko bat erabiltzean datza, ondoren, antikolonialismoak ematen duen posiziotik, praktika autoritario eta faxistak justifikatzeko»

 

Ondorioa argia da: ezkerrak ezin du erradikaltasun erretorikora ihes egin, eta ezin da jarrera erreakzionarioetan erori. Eta, jakina, diagnostikoan ere ezin du erratu. Migrazioa handituz doan errealitatea da, hainbat arrazoirengatik: Hego globalaren ustiapena (zainaren erantzule garen), krisi klimatikoak lurreko hainbat lekutan eragiten dituen aldaketak, munduko hegemonia eskuratzearen aldeko gerrek sortzen dituzten joan-etorriak... Ezkerreko tradizioaren kultura emantzipatzaileak migrazioa errealitate gisa ulertu behar du, ez arazo gisa. Eta, hortik abiatuta, politika pragmatikoak garatu behar ditu, bai (jakina), baina ikusmira emantzipatzailea izango dutenak.

Ezkerra apustu ausartekin eta begirada ireki, utopiko eta eraldatzaileekin bizi eta egokitzen da garai berrietara. Iparralde globalean bizi garen herri eta pertsona garen aldetik, Hego globalaren esplotazioan oinarritutako bizi-eredu batean oinarritzen garenaren jakitun, migrazioaren gaiari modu emantzipatzailean erantzuteko erantzukizuna dugu. Estaturik gabeko nazioen aldetik ere, gure eginbeharra da agenda erreakzionarioaren aurrean pultsu emantzipatzailea indartzea. Garaiz gabiltza.