SINADURAK

Eraitz Saez de Egilaz Ramos

EH Bilduko legebiltzarekidea

Demonioen pare?

2021-08-27

Mila hariri tiraka iritsi gara honaino. 365 egun baino gehiago igaro dira. Gehiegi da, eta batzuetan badirudi puntu berberean gaudela. Nekatuta, etsita, niri behintzat ezinezkoa zait pasa diren hilabeteen eta gertatutako guztiaren balorazio politiko serio bat egitea.


Argazkia. Unsplash / Mahdi Bafande

 

Badakizue zer? Ez dut gogoratzen orain bi egun zer bazkaldu nuen, ez eta birusa gurean denetik nire nahi eta gogoak zertan inbertitu ditudan. Garai zaharretan, uda, parranden arabera antolatzen genuen, eta horrek ematen zion zentzua abuztu beroari. Orain, azken bi udak berdinak izan dira.

Eta nola ez, Ops, they did it again! Uda honetako hit berria sortzeko, berriz erabili gaituzte. Gu, gazteok, pandemia batek eragindako agertoki kaotikoan protagonista bilakatu gaituzte enegarrenez, eta ez, halabeharrez, lehergailu baten eztandak sortzen duen zarata simulatzeagatik.

Baina zaila zaigu ulertzea gazteok demografikoki hain ehuneko txikia osatzen dugun momentuan hainbeste arazoren iturburu izatea (EAEn 2020an biztanleriaren %15a soilik zen 15-29 urte artekoa, Nafarroan 2019an %17,50).

 

«Gazteok, pandemia batek eragindako agertoki kaotikoan protagonista bilakatu gaituzte enegarrenez»

 

Orduan, azalduko digute mundu honetan agintzen duten heldu txit gorenek, birusaren aurrean inprobisazioz antzeztu duten horiek, zergatik izan garen gu aiton amonen hiltzaile aktibo nagusienak? Zergatik garen uda iristean gauez ateratzen diren demonio zitalak?

Bakoitzari berea, eta gezurrari egia.

Gazteak. Hainbeste erabili den eta zentzua galdu duen hitza izatera iritsi da gure buruan. Baina albiste garrantzitsuetan sekula ez da lehenengo pertsona pluralean konjugatzen hitz hau. Adin tarte bati erreferentzia egin beharrean, adin tarte batean kokatzen garen denoi buruz edozer esateko aukera ematen du.

Beti dirudite interesgarria gazteez hitz egitean; ordezkari publiko askok aita autoritarioen forman gazteei bizitza zer den erakutsi nahi digute eta tertulianoek gazteon sozializazio forma berrien eta sare sozialen estigma denekin edozein gazte kritikatzeko aprobetxatzen dute egunero.

 

«Eta gu, gazteok, bizitzea tokatzen ari zaigun azkartze eta babesgabetasun baten aurrean, geure ingurua eta geure buruak irakurri eta ulertzea kostatzen zaigun horiek gara.»

 

Batera aterako ginela zulo beltz honetatik esaten zuten itxialdiko egunetan. Kontua da, batera horrek beti uzten dituela osotasunetik kanpo norma osatzen ez dutenak, eta boomer-en aroan, 30 urtetik beherako biztanleria gutxiengoa garenean, ebidenteegia zen munduak gu gabe egingo zuela aurrera. Eta hementxe gaude, aurreko urteko uda penagarriaren ostean, espero ere ez genuen udara okerrago bat bizitzen. Eta amorratuta.

Urtebete pasaren ostean, jada ez du balio korrika eta presaka erabakiak hartzeak, gaur tabernak itxi eta bihar eskualdeak konfinatzeak, etzi herriak ixteko eta etzi damu Kantabriako muga irekitzeko. Ez du balio inprobisazio politikoak, eta batez ere ez du balio kolektiboak izan ez diren erabakien ondorio kaxkarrak belaunaldi baten errua direla adierazteak.

Izan ere, kolektiboki pentsatzeak ez du esan nahi gehiengoaren interesak gain jartzea, zaurgarrien diren errealitateak oinarri hartuta denen onerako erabakitzea baizik. Eta erabaki interesatuen ekuazio hauetan, gutxiengoa garen gazteon nahi eta desirei bizkarra eman zaie sistematikoki.

 

«Datuek esan digute gazteon egoera larria dela. Suizidioa da gazteon lehen heriotza kausa. Baina datuen aurretik guk geuk lagunak ikusi ditugu, eta kafe askoren bueltan belaunaldi bezala ditugun arrakala eta barne zein kanpo gatazka guztien protagonista bihurtu gara.»

 

Etorkizuneko zerumuga imajinatzea ezinezkoa zaigu, eta antsietate atake eta panikoak bizi izan ditugu zuzenean edo telefono deien bidez kontatuta. Ingurukoak kaka eginda eta leher eginda ikusten ditugu guk, batzuentzat besteen dramak direnak, guretzat kuadrilla osoetan ikusten ditugun bizipen geroz eta kolektiboagoak dira, kolektibo modura bizitzen ari garelako.

Ezin dugu onartu belaunaldi arteko gerra hau areagotzea. Onak eta txarrak bereizi eta apenas hitz egin, espresatu eta munduan agertzeko tokirik ez dugun egungo gazteon belaunaldiaz gaizki esaka aritzea. Mundu bat konpartitzen dugu, baina mundu ikuskera erabat desberdinak eraiki ditu gure belaunaldiak.

Gu ulertu ez eta gure aurka jo duten helduek gu ikustea beharrezkoa da, mundu berbera habitatzen dugun heinean, munduratzeko ditugun forma eta ikuspegi desberdinak ulertzea belaunaldi denen ardura dira.

Gazte gera gazte eta ez gaude konforme, gure alde ere egin daiteke!